Kazetaria eta idazlea

Jose Torrecilla Iturmendi: «Gerra zibilean fusilatzen zituztenak lurperatzera behartu zuten gure aita»

Egunerokotasunaren kronikari izan da Jose Torrecilla. Milaka artikulu idatzi ditu, askotarikoak, eta, tartean, hamar liburu argitaratzeko tartea ere izan du. Haren bizitzako pasadizoekin entziklopedia bat ere idatz liteke.

Jose Torrecilla Iturmendi, abuztuaren 23an, Lizarran (Nafarroa). IÑIGO URIZ / FOKU
Jose Torrecilla Iturmendi, abuztuaren 23an, Lizarran (Nafarroa). IÑIGO URIZ / FOKU
Kristina Berasain Tristan.
Lizarra
2024ko irailaren 8a
05:00
Entzun

(Jose Torrecilla Iturmendiren azken elkarrizketa da honako hau. Abuztuaren 23an eman zion elkarrizketa BERRIAri, eta joan den astelehenean zendu zen, irailaren 2an. Bere sendiak elkarrizketa argitaratzeko baimena eman du).

Azken mendearen kontakizuna egin daiteke Jose Torrecilla Iturmendirekin (Oteitza, Nafarroa, 1929 - Lizarra, Nafarroa, 2024). Malkotu egin zaizkio begi urdinak gerra garaiko pasadizoak aipatzean, baina jarraian irribarre batez kontatu du, berezkoa duen umorez, egunero irakurtzen duela egunkaria, eta bere eskela topatu zain dagoela. Lizarran (Nafarroa) itzal handikoa da. Haren kronikak ondare bat dira; pilotaz, jaiez, ohiturez, lekuez... Denari buruz idatzi du, eta, hamar liburu ere argitaratu ditu. Euskaraz egiten ditu beti aurreneko hitzak, hizkuntza menderatzen ez badu ere. «Oteitzakoa naiz, eta hango toponimoak ikertu nituen. Izen guztiak euskaraz dira. Nafarra naizelako naiz euskalduna. Iturmendi dut bigarren abizena».

Gerrak erabat zeharkatu zuen zure haurtzaroa.

Erabat. Instrukzioa egitera behartzen gintuzten eskolan, 7 urterekin. Oteitzako errepidera aterarazten gintuzten egurrezko mosketoiarekin desfilatzera, ezker, eskuin, bat, bi, hiru... Gero, larrainetara joaten ginen gorriak nola harrapatzen zituzten ikustera; komunistek eta sozialistek adarrak eta buztana zituztela esaten zuten, eta gu umemokoak ginen. Pulpitutik ere hala esaten zuten; errusiarrak deabruak zirela. Hori ere entzun genuen. Lizarraldean bederatzi alkate hil zituzten; Nafarroan 3.500 lagun. Lubakietan uzten zituzten. Tragedia bat izan zen hura. Hemengoa naiz, eta hau ezagutu dut. Nik ezin dut kontatu zer gertatu zen Almendralejon [Espainia]. Baina bai hemen gertatu zena, nire etxean gertatu zena...

Jose Torrecillaren haurtzaroko argazkia.
Jose Torrecillaren haurtzaroko argazki bat. BERRIA
Zer gertatu zen zure etxean?

Oteitzan zerrenda bat zegoen, fusilatu behar zituzten gizonen izenekin, eta tartean nire aitaren izena zegoen, bai eta bi osabena ere. Juan Cruz Martinez Elosegi alkateak zerrendako denak salbatu zituen, baina baldintza bat jarri zioten hari; trukean frontera joan behar zutela, nazionalekin, boluntario. Beldur handia zegoen, eta, bizitza salbatzeko, aginduak bete behar zituzten. Gure aita fusilatzen zituztenak lurperatzera behartu zuten gerra zibilean. Lizarrako kartzela beteta zegoen, eta hamarnaka ateratzen zituzten. Testigantza asko jaso ditut. Goizaldeko hiruretan bidali zituzten fusilatutakoei lur ematera. Lekuaren berri esaten zieten, eta zehaztu, errepide ertzean, zuhaitz batean, trapu zuri bat ikusiko zutela zintzilik. Aitzurrak eramateko ere esan zieten. 

Eta frontera joan al zen?

Bai. Salbatu zituzten, baina gerrara joan behar izan zuten. Etxera joan ziren haren bila. Lizarrako kuartel militarrera joan zen, eta legiora bidali zuten, Zaragozara [Espainia]: Sanjurjo tertzioan egon zen. Fabian de Miguel lagunarekin joan zen frontera, eta hura borrokan hil zen. Josefa Aierra zen haren emaztea; 13 urtetik beherako zazpi seme-alabarekin geratu zen alargun. Denak ezagutu ditut, denak hil dira. 

Eta aita?

Aita, beso batean zauritu, eta lizentziatu egin zuten. Teruelen [Espainia] zauritu zuten, Ebroko guduan. Zaragozara eraman zuten, eta ama eta biok hara joan ginen bi hilabetez. Akordatzen naiz nola sirena jotzen zutenean ezkutatu behar izaten genuen, bonbardaketetatik ihesi. Pilarko basilikako dorreetan babestu ginen behin. Eskailera kiribil haietan emakume batek gozoki bat eman zidan. Une horiek ez dituzu ahazten. Egun karameluak lurrean ere aurkitzen dituzu, baina garai hartan ez... Askotan egin behar izan genuen korrika. Behin bizartegi batean babestu ginen. Babesleku ugari zeuden lur azpian, sotoetan... Lau bider musukatu dut Ama Birjinaren mantua, behin aitarengatik, beste behin amarengatik, eta beste bietan anaiarengatik eta niregatik. 

Jose Torrecilla, ezkerrean, bere familiarekin: Felicitas eta Severino, aita eta ama, eta eskubian Arcadio anaia.
Jose Torrecilla —ezkerrean— bere familiarekin: Felicitas eta Severino, aita eta ama, eta — eskuinean— Arcadio anaia. BERRIA
Orduan etorri zineten Lizarrara. Nolakoa zen garai hartako Lizarra?

Gerra bete-betean zen; 1938an etorri ginen. Tunelean gerra tankeak zeuden, ez dut sekula eszena hori ahaztuko. Beldurrez bizi ginen, baina umeak ginen, eta trapuzko pilotarekin jolasten ginen kalean: Santiago plazan, Kale Nagusian... Ez zegoen autorik, eskorgak baino ez. Puyra ere igotzen ginen jolastera, eta hantxe zegoen, zelaian, ezkerraldean, sirena jotzeko etxola. Ez zuten inoiz jo; Lizarra ez zuten bonbardatu, baina han zegoen. Zementuzko etxola zen, txikia... Foruen plazan, berriz, izkina batetik, txapliguak botatzen zituzten, nazionalek hiri handi bat hartzen zuten bakoitzean. La Angela gozotegia dagoen izkinatik botatzen zituzten. Eliza guztietako kanpaiak ere jotzen zituzten garaipenak ospatzeko.

Errazionamendu garaiak ziren...

Bai. Olioa, azukrea, patatak... Ogi horia egiten zuten. Pentsatzen dut artoarekin egingo zutela, eta horregatik esaten zitzaiola ogi horia. Amak patatekin ere egiten zuen ogia, eta seboarekin gisatzen zuen, olio gutxi zegoen eta... Pikuekin egiten zuen gozoaz ere akordatzen naiz, eta nola ezkurrak txigortzen zituzten kafea egiteko. Oso gogorra zen. Oso konplexua... Kartillak ikusitakoa naiz. Amak ibaian garbitzen zuen arropa, eta iturritik eramaten genuen ura etxera. Gerraostea zen. Hamarretan denak etxean.

«Tunelean gerra tankeak zeuden, ez dut sekula eszena hori ahaztuko. Beldurrez bizi ginen, baina umeak ginen, eta trapuzko pilotarekin jolasten ginen kalean»

Gosea pasatutakoa al zara?

Nik ez nuen goserik pasatu. Aita eta ama lanean ari ziren, anaia ere bai, ni baino zazpi urte zaharragoa baitzen. Amak Tatan ostatuan egiten zuen lan, ostegunetan eta jaiegunetan. Gosea soldaduskan pasatu nuen.

Non egin zenuen soldaduska?

Lizarran, baina Irunera [Gipuzkoa] eta Burgosera [Espainia] ere bidali ninduten. Armando Urkijo izeneko bat ezagutu nuen soldaduskan, Altsasukoa [Nafarroa]. Lagunak egin ginen, eta, gerora jakin nuenez, bera hil ostean, beraren aita Otsaportilloko osinera [Urbasa, Nafarroa] bota zuten. Berak ez zidan inoiz ezer esan. Ezin zen hitz egin. Gerora jakin dugu tabernetan, gerraren ostean, beti zeudela kaleko jantzitakoak atezuan.

Maitemintzeko tartea ere izan zenuen. Horretan ere gauzak asko aldatu dira...

Bai. Zeharo. Gau batean, lanetik ateratzean, etxera itzuli beharrean, dantzatzera joan nintzen. San Migel eguna zen, eta han ezagutu nuen emaztea izango zena. Faborez eskatu nion dantza, eta dantzaldiaren ostean etxera lagundu nuen. 21 urte nituen. Oso dantzaria izan naiz. Lizarran hamalau lekutan egin dut dantza, zerrendatuak ditut. Casino Merkantilera joaten ginen dantzatzera. La Cepa jatetxea dago orain han. Hilean hiru pezeta ordaintzen genituen [0,02 euro]. Neskak eserita egoten ziren, dantzatzera aterako zituzten mutilen zain. Ezin ziren bakarrik dantzatu, eta, mutil batek dantza eskatzen bazien, behartuta zeuden dantza egitera, bestela aretotik kanporatu egiten zituzten. Orain, emakumeek gizonek baino gehiago agintzen dute [barrez].

Jose Torrecilla bere emazte, Benilde Illanesekin, eta bere seme Juan Ramonekin.
Jose Torrecilla emazte Benilde Illanesekin, eta seme Jose Ramonekin. BERRIA
Eta egin al zenuten eztei bidaia?

Bai. Donostiara eta Zarautzera [Gipuzkoa] joan ginen, trenicoan [Vasco-Navarro trena]. Zubielkin [Nafarroa] geratu ginen, kanposantuan ditudan senideak bisitatzeko. 

Eta gero, lanera...

Larruzko zapatak egiten hasi nintzen, 14 urterekin. Egunean bi pezeta jasotzen nituen [0,01 euro], eta astean 13,85 [0,08 euro]. Deskontatu egiten ziguten. Amari ematen nion gutun azala, eta berak paga ematen zidan. Gero, Ruiz de Aldaren lantegian hasi nintzen, uhalgintzan. Orduan, egunean hamar pezeta irabazten nituen [0,06 euro]. Itxi zuten arte aritu nintzen han. 

Bestelako lanekin tartekatu zenuen lantegiarena, ezta?

Bai. Lana, lana eta lana. Hori besterik ez dut egin. Kondearen Soroa izeneko parajean etxeak egin behar zituzten, eta aita eta biok eman genuen izena. Francisco Franco patronatuak sustatu zituen etxebizitzak. Iruñeko Txantrean ere hala egin zuten. Kontua da lantegian zortzi-bederatzi ordu lan egin ostean, egunero joaten ginela arratsaldeko zazpietatik hamarrak arte etxeak egitera. Emaztea eta biok han bizi izan ginen hasieran.

Diktadurako urte latzak ere ezagutu zenituen...

Bai. Txistua debekatu zuten, eta agur esatea... Errepublika garaiko ikastola ere itxi zuten. San Joan elizaren parean zegoen, pisu batean. Foruen plazan euskarazko liburuak erre zituzten. Jeneral bat zegoen, Sanz abizenekoa [Ricardo Sanz Iturria komandantea]. Hark dena debekatu zuen. Belarra berriz hazten da, moztu ahal duzu, baina berriz haziko da. Hala da. Buruz atzeratuak zirenei galdetu behar zaie zergatik debekatzen duten dena, baita gaur egun ere...

«Txistua debekatu zuten, eta agur esatea... Errepublika garaiko ikastola ere itxi zuten. Foruen plazan euskarazko liburuak erre zituzten».

Halako batean kazetari lanetan hasi zinen. Nolatan gertatu zen hori?

San Migel pilota klubeko presidente izan nintzen. Bazkide sortzaileetako bat izan nintzen, eta gero presidente izendatu ninduten. Kikildu egin nintzen, uste nuelako ez nintzela gai izango kluba zuzentzeko. Ni ez naiz inor, ez dut ikasketarik, baina, tira, aurrera egin genuen. Eta pentsa! Labrit frontoira hirutan atera naiz trofeoak jasotzera pilotari izan gabe. Abendu batean hamabost pilota jaialdi antolatu nituen; munduan ez da egongo hori egin duenik. Euskal Jai pilotalekuan profesionalak aritzen ziren, han bai, baina bestela... Zuzendari gisa ere saritu ninduten, baina tira... 

Kontua da Pensamiento Navarro egunkarian pilota partiden emaitzak jasotzen zituztela. Diario de Navarra-n, aldiz, ezer ez. Egun batean korrespontsalari galdetu nion zergatik ez zituzten emaitzak jasotzen, eta erantzun zidan ez zuela pilotaz ulertzen. Orduan esan nion nik bidaliko nizkiola, testutxo batekin, pentsatuta hura zuzenduko zutela, baina, nire harridurarako, bere horretan argitaratu zuten, akats ortografiko eta guzti. Behin baino gehiagotan gertatu zen hori; beraz, erabaki nuen testua zuzenean erredakziora bidaltzea. La Estellesan bidaltzen nituen emaitzak, txoferrari duro bat ordainduta [bost pezeta, 0,03 euro]. Hala hasi nintzen.

Jose Torrecilla pilotaren inguruan idatzitako liburuaren aurkezpenean.
Jose Torrecilla, pilotaren inguruan idatzitako liburuaren aurkezpenean. BERRIA
Ezizenez sinatzen zenuen beti.

Garai hartan hala egiten zen. Auspicio Hernandez Santi de Andia zen. Pensamiento Navarro-ko erredaktoreburua zen. Askok egiten zuten horrela, eta nik ez nuen nahi inork jakitea idazten nuela. Oharkabean pasatzen saiatu naiz beti. Ez nintzen eskolara joan eta... Iturmendi sinatzen nuen, nire bigarren abizenarekin. 

Pensamiento Navarro-n ere aritu zinen...

Bai. Han kontratua egin zidaten. Hilean mila pezeta irabazten nituen [6 euro]. Navarra Hoy egunkarian ere aritu nintzen. Zuzendaria beste bi lagunekin etorri zen. Diario de Navarra-n urte luzez aritu nintzen ezer irabazi gabe; beraz, Navarra Hoy egunkarian hasi nintzen. Artikulu bakoitzeko ehun pezeta ematen zizkidaten [0,6 euro], baina igual egun batean hiru bidaltzen nituen; pilota, futbola eta kronika bat. Egun batean hirurehun pezeta irabazten nituen [1,8 euro]. Denari buruz idazten nuen. Jose de Asteria gisa sinatzen hasi nintzen. Lizarra erdia erotu nuen. Askotan galdetzen zidaten ni ote nintzen, kale horretan bizi bainintzen. Egun batean bati esan nion; ‘Nor den Jose de Asteria? Zure aurrean daukazu’.

Egunerokoaren kronikari bihurtu zinen.

Estellerriko herri guztietan egon naiz; Azagratik Lezaunera eta Mañerutik Aranaratxera, herriz herri. Bat falta zitzaidan ezagutzeko: Argiñariz. Ba hara ere joan nintzen eta latsarriaren argazkia atera nuen. Estellerriko latsarri guztien argazkiak ditut. Herrietako festetako suziri guztietan egon naiz; egun berean hiru suziri egitera ere iritsi naiz: Lerin, Los Arcos eta Abartzuzakoa. Horrela ikasi dut ofizioa. Navarra Hoy itxi zutenean, Julio Martinez Torres Diario de Navarra-ko zuzendaria niregana etorri zen lana eskaintzera. El Norte Deportivo-n aritu ginen elkarrekin, eta nire atzetik zebilen. Horrela hasi nintzen berriz. Beti etorri dira niregana, ni ez naiz inoiz joan inorengana lana eskatzera. Hori izan da nire bizitza, eta nahiko zortea izan dudala uste dut: 80 urte bete arte aritu nintzen.

Gazteleraz argitaratu duzu beti, baina argi duzu Nafarroako hizkuntza euskara dela...

Autobus geltokian jendea entzuten nuen ezagutzen ez nuen hizkuntza batean hizketan. Ultzamarra, Mugiroarra eta halako izenak zituzten autobusetatik jaisten ziren, eta hizkuntza arraro batean hitz egiten zuten. Denak nafarrak ziren, eta euskaraz ari ziren, gure hizkuntzan.

«Nafarra naizelako ikasi dut euskara. Nafarra naizelako maite dut euskara. Iturmendi daukat abizena. Algeciraskoa [Espainia] banintz, andaluzista nintzateke».

Zer da zuretzako euskara?

Pertsona bat ezagutzean beti galdetzen diot: ‘Nongoa zara zu?’. Neure kabuz ikasi nuen euskara, poliki-poliki, baina gutxi dakit. Ez dut menderatzen, baina nafarra naiz. Nafarroako historiarekiko jakin-mina izan dut, ez naiz garaileen kontakizunarekin geratu: hori irakatsi digute, baina kontuz... Nafarra naizelako ikasi dut euskara. Nafarra naizelako maite dut euskara. Iturmendi daukat abizena. Algeciraskoa [Espainia] banintz, andaluzista nintzateke. Logikoa da. Tokiokoa banintz, ez nuke japoniera gorrotatuko. Donibane Garazira banoa, ba akeita bat eskatuko dut: «Akeita bat, mesedez!». Tortosakoa [Herrialde Katalanak] banintz, katalanez eskatuko nuke. Ez dugu gurea ahaztu behar; gu-re-a. Askotan esaten didate ingurukoek ez dakitela euskara, baina nik erantzuten diet badakitela; Osasuna esaten dutenean euskaraz ari direla esaten diet. Edo Iguzkitza esaten dutenean. Edo Aramendia. Edo...

San Migel klubaren babesari esker sortu zen Lizarrako ikastola.

Bai. Presidente nintzenean hartu genuen erabaki hori. Klubak errentan zuen frontoia, udalari kuota bat ordaintzen zion: 50.000 pezeta urtean [300 euro]. Gero tasak ere ordaintzen ziren. Eta ikastola sortu zenean, ba, leku bat behar zuten, eta guregana etorri ziren, eta guk utzi, zero pezeta ordainduta. Pagotxa!

Dokumentu ugari bildu dituzu: argazkiak, afixak, sarrerak... Lizarrako Udalari eman diozu parte handi bat.

Nire artxiboaren parte bat eman dut, bai, eta, interesekoa bada, dena emango diot. Karpeta eta kutxa pila bat dut oraindik. Semeari esana diot ni ez nagoenean dena emateko. Niretzako gauza interesgarriak dira, baina besteentzako, auskalo. Herrigintzan aritu naiz; Izarra, Gure Hizkuntza...

Jose Torrecilla Lizarrako Urteko Herritarra saria jasotzen, 2001ean.
Jose Torrecilla Lizarrako Urteko Herritarra saria jasotzen, 2001ean. BERRIA
Sari eta aitorpen ugari ere jaso dituzu, baina, akaso, festetan suziria botatzeko ohorea izan da hunkigarriena.

Hogei sari baino gehiago eman dizkidate, omenaldiak, aitorpenak... Lizarrako Herritar saria ere jaso dut, baina, bai, suziria botatzea une zirraragarria izan zen. Nafarroan politikari ez den batek botatzen zuen lehen suziria izan zen. Erregalia izan zen. Ohore bat. Lizarrako herritarrez oso harro nago, denek agurtzen naute. 

Egunkaria egunero irakurtzen jarraitzen duzu...

Bai. Informaziorik gabeko pertsona bat iritzirik gabeko pertsona bat da. Dena den, nekez irakurtzen ahal dut orain letra txikia.

Eta nola ikusten duzu mundua?

Oso konplexua, oso konplikatua. Etorkizuna lausoa da. Norgehiagoka gabiltza beti, zalapartaka, ostikoka... Ez daukagu erremediorik. Esku honetan bost behatz ditugu, anai-arrebak, baina batek labana dauka, eta anaia sastakatu egiten du. Halakoak gara. Txoriek bezala hegan egiten ikasi dugu, arrainek bezala igeri egiten, baina ez dugu ikasi anai-arrebak bezala bizitzen. Tristea da, baina hala da. 

Hala ere, pozik zaude egindako ibilbidearekin.

Zintzoa izan naizela uste dut. Besteak errespetatzen jakin dut, eta ni ere errespetatu naute. Seme bat izan dut, liburuak idatzi ditut, eta hainbat zuhaitz landatu ditut. Konplitu egin dut, eta prest nago bidaia luze horretarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.