Historiaren gordintasuna erakusten dute Patxi Buldainen lanek (Iruñea, 1927). 27ko belaunaldia erakusketak 36ko gerraren garaiko «Espainia beltz hura» agertu nahi du. Erakusketa azaroaren 27 arte dago ikusgai, Antsoaingo Kulturgunean (Nafarroa).
1948an, armadari uko egin eta Frantzian erbesteratu zen Buldain. Han, kulturaren pizkundea ezagutu zuen. Manet, Cezanne, Matisse, Rouault, Camus eta Sartre ezagutzeko aukera izan zuen, baita Picasso ezagutzekoa ere, gailurrean zegoela. Inolako mugimendutan sailkatzeko zaila da, ordea. Buldainek estilo propioa du, eta haren koadroek eragin gogorra dute ikuslearengan. Margolari eta eskultore bakan eta original modura definitzen du bere burua. Askatasun sortzailea da, inolako araurekin kateatzen ez dena eta etengabeko bila- kaeran dabilena, «gauza guztien gaineko ikuspegi gizatiarra bilatuz».
90eko hamarkadaren hasieran Iruñera itzuli zen, eta Arga ibaiaren ondoan eraiki zuen margotzeko txokoa: Sagarrondoaren monasterioa. Isiltasuna eta sagarrondoak lagun, bertan du margolariak bere eguneroko sortzeko zeregina.
Buldainen lanak hainbat eremu hartzen ditu: pintura, eskultura, grabatuak eta lan grafikoa.
Zer biltzen du 27ko belaunaldia-k?
Gerra zibilak eragindako hondamena islatzen dute erakusketa honetako grabatuek. Federico Garcia Lorcaren hilketa izan zen gerrak utzitako heriotza krudelenetako bat. Erakusketan, Lorcak idatzitako Ijito-erromantzeak bilduma jasotzen da. Idazleak bere bertsoetan sinbolismo osoz deskribatutako zauriak irudikatu nahi dira; «pergamino-ilargia», esaterako. Guardia zibilaren trikornioek diz-diz egiten zuten ilargiaren argiarekin, ihes egiteko unea zela iragarriz. Grabatuetan euskarri gisa zink xaflak erabili nituen, ilargi izpien distira metaliko hotza agertzeko.
Teknika berezia da hori.
Hutsean grabatutako teknika batean landuta daude. Teknika hori ez da grabatu arrunt baten tankerakoa; grabatua euskarri metalikoari atxikita edukitzen da, eta oliozko pintzelkada lodiekin apaindu.
«Ni kaleko margolaria naiz. Pertsona umilen irudiak jasotzen ditut, ez burgesenak»
Zein gertakizunek piztu zuten grabatu hauek sortzeko ideia?
Parisen ezagututako lagun poeta batek Lorcaren olerki bat oparitu zidan, eta jaioterrira bueltatzean argitara emateko eskatu. Ijitoen istorioek liluratu egin ninduten, eta hala abiatu zen dena.
Artea herriarentzat egin behar da?
Ni kaleko margolaria naiz. Pertsona umilen irudiak jasotzen ditut, ez burgesenak. Ikusten dudana eta inguratu izan nauena biltzen dut, herritar xumeak, gizatasuna. Nire mezuaren hartzaileak herritarrak dira.
Zer-nolako sentimenduak sortzen dizkizute grabatu hauek?
Sentimenduak ezagutzeko, historia bizi behar da, orduko oroitzapenak izan. Ihesean joan nintzen, baina gero zorte handia izan nuen, Frantziako abangoardia ezagutzeko aukera izan nuelako.
Aldaketa handia izan zen Iruñera itzultzea?
Nik ez nuen etorri nahi. Baina trantsizio garaia zen, eta Suarezek odolez zikinduta ez zegoen guztia Espainian sartzeko dekretua atera zuen. Noski, familiak dena antolatu zuen ni etortzeko.
Zein euskarri duzu zuk nahiago?
Aspertuta nagoenean, batari zein besteari ekiten diot. Eskulturarik jada ez dut egiten, besoan izandako arazo batengatik, baina margotzen jarraitzen dut.
Patxi Buldain. Margolari eta eskultorea
«Gerra zibilak eragindako hondamena islatzen dute erakusketako grabatuek»
Lorcaren 'Ijito-erromantzeak' bildumako bertsoekin liluratuta sortu du Buldain margolariak '27ko belaunaldia' osatzen duen grabatu sorta. Erakusketa azaroaren 27ra arte egongo da ikusgai, Antsoainen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu