Argazkilaritza

Gerra, klima krisia eta komunitatean bizitzea, World Press Photoren aurtengo saridunen artean

Aurtengo saridunek gerrari, klima krisiari eta komunitatean bizitzeari eman diote garrantzia, besteak beste.

Evgeniy Maloletkaren 'Setioa Mariupolen' argazkia. EVGENIY MALOLETKA, WORLD PRESS PHOTO
Amaia Jimenez Larrea.
2023ko apirilaren 19a
17:48
Entzun

Aurtengo lau saridunak, eskualdeka banatutako 24 irabazleetatik hautatuak izan dira. 127 herrialdetako 3.700 lagunek baino gehiagok parte hartu dute, eta 60.000 pieza aurkeztu dituzte. Brent Lewisek, epaimahaiko kide eta New York Times egunkariko argazki editoreak aipatu du «2022ko gairik garrantzitsuenak eta larrienak» erakutsi dituztela irabazleek.

Urteko argazkia: ‘Setioa Mariupolen’, Evgeniy Maloletka

Maloletkak Errusiak Ukrainari egindako erasoen errealitatea erakusten du, epaimahaiak azaldu duenez. Gerra kazetaria da, ukrainarra, eta 2014. urtetik ari da bere herrialdeko gerraren berri ematen. Epaimahaiari deigarria egin zaio argazkilariak bere bizitza arriskuan jartzea hautatu izana «munduari argazki hauek erakusteko».

Irudian Iryna Kalinina ageri da (artikulu honen hasierako argazkia da), 32 urteko emakume haurduna. Errusiak Mariupoli egindako erasoetako batean zauritu zuten, eta ospitalera zeramatelarik atera zioten argazki hori. Haurraren izena Miron zen (bakea, ukraineraz), eta jaio bezain laster hil zen. Kalinina erditu berritan hil zen haurra, handik ordu betera.

Urteko erreportaje grafikoa: ‘Bakearen prezioa Afganistanen’, Mads Nissen

Bederatzi argazkiz osatuta dago Nissen-en erreportajea. Argazki horietan, oraindik ere talibanen menpe bizi den Afganistango biztanleen errealitatea erakutsi nahi izan du. Bildumaren inguruan epaimahaiak esan du egileak lan «itzela» egin duela estatubatuarrek herrialdean izandako «abenturaren porrotak» jendearengan zer eragin duen erakusten. Ez da lehen aldia argazkilari danimarkarra World Press Photo-n saritua izan dela. 2015ean eta 2021ean, urteko argazkiaren saria irabazi zuen, esaterako.

Ikusi gehiago:Kanadako eskola katolikoetan hildako haur indigenen inguruko irudi bat, 2022ko Urteko Argazkia

Familiarentzat janaria erosteko dirurik ez, eta Khalil Ahmaden —argazkian ageri da— gurasoek haurraren giltzurrunetako bat saltzea erabaki zuten, 3.500 dolarren truke. Ebakuntzaz geroztik, Khalilek min kronikoa du, eta ezin da bere bi zaletasunetan ibili, futbolean eta kriketean.

Epe luzeko proiektua: ‘Ur kolpatuak’, Anush Babajanyan

Anush Babajanyan Alemaniako argazkilariaren proiektuak Asia erdialdean klima aldaketak dituen ondorioak erakusten ditu. Hain zuzen, hango ur eskasiak zer arazo dakartzan islatu du, eta herritarrak zer-nola borrokatzen diren horri aurre egiteko. Itsas ertzeko lau herrialde mugakidek ur hornidurak partekatzen dituzte, eta egoera okerrera joan da klima aldaketaren ondorioz. «Dinamikoa, eta hasieratik bukaerara ederra» dela esan du epaimahaiak proiektuaren inguruan.

Ikusi gehiago:World Press Photo 2020. Argazki galeria

Sonunbek Kadyrov da argazkian ageri den gizona, bere uretako taxia gidatzen. Kyzyl-Beyit herrira egiten ditu joan-etorriak, herrira joateko bide bakarra baita. 1960ko hamarkadan, Toktogul-eko presa eraikitzean, uholdeak egon ziren, eta herrira joateko errepide nagusia oztopatuta geratu zen.

Formatu irekiko proiektua: ‘Hemen ateek ez naute ezagutzen’, Mohamed Mahdy

Alexandriako (Egipto) Al Max auzoko biztanleekin egindako proiektu parte hartzailea da Hemen ateek ez naute ezagutzen. Desagertzen ari den arrantzale herriaren memoria mantentzeko asmoz, webgune batea bildu nahi izan ditu komunitate horren inguruko lanak Mahdyk, horrela mundu osoari erakusteko. Testuak, audioak eta marrazkiak gehitu nahi izan dizkie argazkiei. Epaimahaia «harrituta» geratu da egileak egindako ikerketa lanarekin. Gainera, interesgarria iruditu zaie publikoak proiektuaren elementuekin jolasteko aukera izatea. Mahdy-k Egiptoko ezkutuko komunitateak erakusteko egiten du lan, herrialdearen testuinguru kulturala zein soziala ahaztu gabe. Irudian, auzoko haur bat uretara salto egiten ari da, arrantzaleen txalupen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.