Mendebaldeko Saharak Nafarroan duen ordezkariordea da Mohamed Abdalahi (Villa Cisneros, gaur egungo Dakhla, Mendebaldeko Sahara, 1955). Egun hauetan Orkoienen (Nafarroa) bizi da, uda pasatzera etorri diren zenbait haur saharar zaintzen. Nafarroako Parlamentuan esker ona adierazi zuen haur sahararrei egindako harrerarengatik. Konpromiso bat ere agertu zuen: «Borrokan jarraituko dugu mundu justuago eta gizatiarrago baten alde».
Ikusi gehiago:Bakea oporretako helmuga
Zer garrantzi du haur hauek udan Euskal Herrira etortzeak?
Haur hauek egoera oso gogorrak utzi dituzte atzean: klima oso latza da han, elikadura hobea dute hemen, eta medikuek ikusten dituzte. Errefuxiatuen kanpalekuetan jaio dira. Mundu hobe bat dagoela ikus dezakete, eta ulertu haien gurasoak horren alde borrokatzen ari direla. Askatasunaren balioa ezagutzen dute hemen.
Nola ikusten duzu Mendebaldeko Sahararen egoera?
Baikorra naiz: lehenago edo geroago, sahararrek beren helburua lortuko dute, ez dutelako besterik; haien eskubideen, lurraren eta duintasunaren alde borrokatzea baizik ez zaie gelditzen. Ez dut uste asko iraunen duenik. Eskubidea badugu, erresistentzia badugu, eta askatasunak zenbat balio duen dakiten herrien babesa badugu. Zailtasunak ditugu zenbait politikari eta gobernuren interesengatik, baina hori aldatzeko borrokatuko gara.
Borrokatzea, ez dago beste aukerarik?
Aurre egitera behartuta gaude, ez baitugu beste aukerarik. Borrokan jarraitzea da bide bakarra.
Fronte Polisarioak 50 urte bete ditu. Zer deritzozu egin duen lanari?
Egin duguna eta irabazi duguna ikusten badugu, alderatzen badugu Fronte Polisarioa Marokorekin, uste dut irabazi dugula. Fronte Polisarioa herri txiki bat da, baliabiderik ez duena eta gerran dagoena estatu oso baten kontra. Guk ez dugu gerrarik nahi, eta erreferenduma egin nahi badute, eginen dugu. 1991n su etena onartu beharrean gerran jarraitu izan bagenu 1992ra arte, Maroko gaur ez litzateke erreinu bat. Guk gerra irabazi genuen 1990ean, eta orain irabazten ari gara. Alde politikoan, Europako Batasunak Marokorekin dituen arrantza eta nekazaritza itunekin blokeo bat egin dugu. Gure aberastasunaren inbasioa gelditzen ari gara.
Gerrak aurrera jarraitzen du. Nolakoa da egoera frontean?
Gerra normal bat da. Fronte Polisarioak posizio marokoarrei eraso egiten die, hildakoak eta zaurituak daude, higatzea dago... Guk askatasuna dugu batetik bestera mugitzeko, puntu bati eta beste bati erasotzeko. Gerrilla gerra bat da, haiek ez dakite noiz eta non izanen den erasoa. Marokoar soldaduak urduri daude horregatik. Isilarazten bada ere, Marokok badaki gerra dagoela, baita Israelek, Frantziak eta Espainiak ere.
Zer lortu nahi du Fronte Polisarioak gerraren bidez?
Independentzia da gure helburua. Soluzio politiko bat behar da: horretan ados gaude. Marokok autonomia eskaini du; ados, baina erreferendum bidez erabaki beharko dugu ea autonomia, independentzia edo Marokon integratu nahi dugun. NBEk erreferenduma eskatzen badu, erreferenduma egin behar da.
Mohamed Abdalahi. Mendebaldeko, Saharak Nafarroan duen ordezkariordea
«Gerra irabazten ari gara»
Oporrak Bakean egonaldia goraipatu du Abdalahik. Marokori aurre egiten ari zaizkiola azaldu du: «Gatazkak ez du asko iraunen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu