Paper multzo bat atera du plastiko zorrotik: eihagorazko esaldiak. Haren gibeleko orrian, erranerak, txukun-txukun eskuz apuntatuak. Horietako batzuen esanahia azaldu du: «Elika manteno: solas eta solas aritzea. Hezur berriak izatea: haurdun egotea. Zirola mirola: alde batetik bertzera ibiltzea. Irola egitea: abortatzea». Euskalgintzan eta haren aldeko borrokan lan handia egina da Emilio Txoperena Txoltxan (Lesaka, Nafarroa, 1953), eta testuinguru horren bueltan eraiki du bizitza.
Nola oroitzen duzu zure haurtzaroa?
Haurtzaro ohikoa izan nuen. Etxe honetan bertan jaio ginen bi anaia zaharrenak, lehendabiziko solairuan. Eskolttiki-ra joaten ginen eskolara, bortz-sei urte bete arte. Handik, fraidetara. Urte horietan, udan Sunbillara [Nafarroa] joaten nintzen, amaren sortetxera, aitatxi-amatxiengana. Gure bigarren anaiak jaiotzetik bazuen arazo bat bularraldean; berandu jaio zen, 11 hilabeteko haurdunaldiaren ondotik, eta gurasoek ikaragarri zaindu zuten. Egunero egin behar izaten zituen ariketak eta lan anitz egiten zuten berarekin. Aitak, gainera, harategia zuen, eta ama ere aritzen zen han laguntzen. Eta ni, orduan, Sunbillara bidaltzen ninduten; han aritzen nintzen, baserri lanetan-eta.
Ikasten jarraitu zenuen?
Batxilerra, lehendabiziko elementala erraten zena, Lesakan egin nuen, hemengo irakasle partikular batekin. Errebalidaren ondotik, Irunera [Gipuzkoa] joan nintzen, San Martzialera. Han egin nituen bosgarren maila, seigarrena eta PREU. Behin hori gaindituta, Deustura joan nintzen, Bilbora, Filosofia eta Letrak ikastera.
Nolakoa zen orduko Bilbo?
Sei urtez bizi izan nintzen Bilbon. Garai hartan izan zen Burgosko epaiketena, eta saltsa ikaragarriak izaten ziren han. Egun batean, klasean ginela, abisatu ziguten Polizia unibertsitatera sartua zela, eta denak aztoratu gintuzten: leihotik saltoka batzuk, korrika bertzeak... Lesakar anitz zeuden orduan Bilbon, eta han ibiltzen ginen Zazpikaleetan barrena, poteoan... Soldaduska atzeratzen ari nintzen. Berez, 21 urterekin egin behar izaten zen, baina ikasketengatik posible zen atzeratzea. Eta ni horretan ari nintzen, ikasketak luzatzen soldaduska atzeratzeko. Ideia bat nuen buruan: 30 urte bete arte ez nuela geldirik egon behar.
Eta? Soldaduska egin behar izan zenuen?
Bilbotik bueltan, 1977an, soldaduskara deitu ninduten. Zaragozara [Espainia] joan nintzen, baina joaterako baneukan min bat bizkarraldean. Sei eguneko kanpamentua egin nuen han, eta oinazea geroz eta handiagoa zenez medikuarenera joateko eskatu nuen; ospitalera joan eta pleuresia diagnostikatu zidaten. Plakak egin zizkidaten eta pleuritis handi bat nuela erran zidaten: birika bat eta erdi likidoz estalia. Komandanteak jostorratza hartu eta zuloa egin zidan; hantxe atera zidaten likido dena, anestesiarik gabe. Gaitzondoko denbora pasatu ondotik, etxera bidali ninduten; guztira sei egun iraun nuen soldaduskan.
30 urte bete arte denbora zenuen oraindik.
Kanpora joateko gogoa nuen, eta sanferminak pasatu ondotik lagunei erran nien Ingalaterrara joan behar nuela. Kuadrillako batek erran zidan berak ere joan nahi zuela, eta, fabrikan eszedentzia hartu ondotik, biok joan ginen Londresera. Youth hostel batera joan ginen ailegatu berritan, eta gizon katalan bat ezagutu genuen han, Europa bizikletaz zeharkatzen ari zena.
Zenbat denbora egon zineten han?
Urtebete pasatu genuen, ostatuetako platerak garbitzen-eta. Ingelesa ikastera ere joaten ginen, eta hango bizitza egiten genuen, Notting Hill ondoko karrika txiki batean. Nola itzuliko ginen pentsatzen ari ginela, katalan hura etorri zitzaigun gogora: «Hi, zergatik ez gaituk bizikletan joaten Lesakara?». Bi bizikleta erosi, eta lanera joan-etorriak egiteko erabiltzen genituen. Maiatz aldera-edo, lana utzi genuen eta Wight irlara joan ginen bizikletaz, entrenamendu gisa. Handik Londresera bueltatu, eta Lesakara abiatu ginen. 1.200 kilometro.
Ederki kargatuko zenituzten bizikletak.
Gauza anitz geuk ekarri genituen: koltxoiak, dendak, motxilak... Baina laguntza ere izan genuen. Nill Street Restaurant jatetxean lanean arituak ginen, eta hango chefa sunbildarra zen. Hari kontatu genion gure plana zein zen, eta erran zigun berak eramanen zizkigula maletak. Hamar egunean egin genuen bidea, 130 kilometro eguneko. Iritsitakoan, etxeraino ekarri zizkigun maletak.
Eta handik…
Uda herrian pasatu, eta berriz ere Londresera joan nintzen, lau hilabete pasatzera. Dirua egin nahi nuen Estatu Batuetara joateko. Lehengo jatetxe horretan aritu nintzen lanean; hor eta eliza batean, etxeak garbitzen. Eguberriak etxean pasatu, eta Estatu Batuetara joan nintzen, amaren anaia baten etxera. Hurrengo ikasturtean Durangon [Bizkaia] egin nuen lan, Jesuiten ikastetxe batean ingelesa irakasten. Hurrengo ikasturtea ere han hasi nuen, baina erran nien nik kanpora joateko asmoa nuela.
Berriro Londresera?
Postu horretarako bertze pertsona bat bilatu, eta Venezuelara joan nintzen. Han euskaldun bat aurkitu nuen, donostiarra. Zertan nenbilen galdetu zidan, eta nik erran nion urtebete lanean aritzeko asmotan joana nintzela hara. «Zenbat diru lortu nahi duzu?», erran zidan. «Itzulera txartela erosteko adina», nik. Amazoniako mugan bizi zen hura, eta galdegin zidan ea banekien deus erleez. «Tutik ere ez», erran nion, eta baserri eskola batean lortu zidan lana. Hantxe egin nuen ikasturtea, irakasle eta mutilen zaintzaile, barnetegi bat zen-eta. Urtebete egin, eta etxera bueltatu nintzen.
Eta orduantxe hasi zinen Lesakako ikastolan lanean.
Etorri nintzenerako 30 urte betetzear nintzen, eta herrian gelditzea erabaki nuen. Uda horretan jakin nuen ikastolan irakasle baten bila ari zirela, eta han hartu ninduten. Hor hasi nintzen euskararen aldeko mugimenduekin-eta; sei urtez aritu nintzen lanean. Umeekin gustura aritzen nintzen, baina ez nuen nire bizitza osoa umeekin ikusten, eta bi urteko langabezia saria eskatu nuen. Bi urte horietan berriz ere Deustura joan nintzen, doktorego ikastaroa egitera. Hori bukatutakoan, Iruñeko hizkuntza eskolatik deitu ninduten. 2002ra arte aritu nintzen han euskara irakasten, eta gero lekualdatzea eskatu nuen Irungo hizkuntza eskola ireki berrira. Hura ikustera joan nintzen eta, hara, sorpresa! Zuzendaria Londresen ezagututako lagun bat zen. Etxetik hurbilago nintzen eta hango ordutegia ere nahiago nuen; hantxe aritu nintzen erretiroa hartu arte.
Bitarte horretan, zinegotzi izan zinen eta euskara mankomunitatea sortu zenuten.
Euskara mankomunitatearen sorreran izan nintzen, eta bi aldiz zinegotzi: 1987tik 1991ra eta 1999tik 2003ra. Lehenengo legegintzaldian, ikusita euskara zer egoeratan zegoen, bilerak egiten hasi ginen Bortzirietako herri guztietan, euskararen inguruan. Batzar ederrak egiten genituen, jende pila bat etortzen zen. Baserritarrak euskaraz aritzen ziren, adineko anitz ere bai, baina tarteko belaunaldi oso batek gazteleraz egiten zuen. Ikastola ordurako sortua zen eta hango umeek euskaraz egiten zuten, baina eskolan dena gazteleraz ematen zen. Testuinguru horretan hasi ginen Bortzirietako Euskara Mankomunitatea sortzen. Egituraketa lanekin hasi ginen, mankomunitateak nolako egitura eta funtzionamendua izanen zuen erabakitzeko: herri bakoitzean batzorde bat, eta horren gainean aholkularitza batzordea, herri handi bakoitzeko bi kidek eta txikietako kide batek osatuko dutena. Horren gainetik, batzorde erabakitzailea zegoen, erabakiak hartzeko. Oraindik ere aholkularitza batzordean nago; orain dela bi aste izan genuen azken bilera.
Arrano elkartearen sorreran ere izan zinen.
Arrano elkartea 1987an sortu zen. 1992an elkarteko zuzendaritzan sartu ginen zortzi bat boluntario; 27 urte egin ditut hor, azkenerako. Sortu aitzinetik, bilerak-eta gauza guztiak bertze egoitza batean egiten genituen, baina ikusten genuen horrek ez zuela nahiko ematen. Gainera, ezkerraldetik mugimendu sendo samar bat nahi genuen. Ezkerreko alde horretatik bi arima edo izpiritu zeuden: ezker abertzalea eta anarkistak, Izar Beltzekoak. Solastatu ginen denen artean eta erabaki genuen elkarte bat egitea. Orain Arrano dena etxe abandonatu bat zen lehen, eta gutako bat jabeekin solastatzera joan zen; elkartea zertarako zen zehazki erran gabe, noski. Saldu egin ziguten. Batzuek hasiera hartan 100.000 pezetako ekarpena egin zuen; 30 bat lagun izanen ziren. Eta gero jende gehiago joan ginen izena ematen; azkenerako, 80-90 laguneko sarea osatu genuen. Lan zikin anitz egin genuen, etxe guztia moldatu behar zen-eta. Hasiera batean, elkarte hutsa zen, baina barra bat zuen, eta sanferminetan irekitzen genuen. Gero pentsatu genuen nahiko itxia gelditzen zela, eta herriari begira ostatu bat ireki behar genuela. Bazkide batek hartu zuen lehenik, gero bertze batzuek... horrela joan da, eskuz esku, bazkideen artean osatzen; gaurko ostatua lortu arte.
Orain dela hamaika urte erretiratu zinen. Nolakoa da zure bizitza orain?
Errutina bat da nire jubilatu bizitza. 06:49an-edo jaikitzen naiz normalean. Pixka bat lehenago ernatzen naiz; gero, erloju digitalari begiratu, eta 6:49an, altxatu. Venezuelatik ekarritako erlojua da, 1982koa. Irratia, kasetea sartzeko aparatua eta erlojua ekarri nituen; hirurek funtzionatzen dute oraindik. Goizean gimnasia pixka bat egiten dut, luzaketak eta bertze ariketa batzuk. Egunkaria, ogia eta lehendabiziko erosketak egiten ditut gero, eta, ondotik, mendira joaten naiz, bizpahiru orduz. Etxera itzuli, gainerako erosketak egin, bazkaria prestatu... eta 13:00etan poteoa, 14:00ak arte; saihetsezina. Gero bazkaldu, kuluxka bat egin, eta arratsaldean lasai; etxeko lan batzuk egin, irakurri, batzuetan bilerak... eta 20:00etan poteoa, 21:00ak arte edo. Etxera bueltatu, afaldu, eta lo egin. Egun batzuk bereziak izaten dira, etxekoekin bazkaltzeko edo lagunekin egunpasa joateko.
Zure ustez, nola dago euskara egun?
Borroka handia egin da: ikastolak, eskolako D eredua, euskaltzale eta euskaldun sarea... baina beste olde bat dator. Geroz eta jende gehiago dago euskararen kontra, eta gu etengabe aritzen gara euskaraz eginen diguten eskean. Beti gibeletik eta beti eskean. Euskal Herrian egonda, geroz eta maizago gertatzen ari zaigu zurito bat euskaraz ezin eskatu ahal izatea, eta hori ezin da ez normalizatu, ezta onartu ere. Euskaraz ez dakiten batzuek jarrera ona erakusten dute eta ahalegintzen dira euskaraz egiten, baina badira bertze anitz ez dutenak ulertzen eurek zergatik ikasi behar duten gure hizkuntza. Ez dute ulertzen guk gaztelera jakinagatik ere zergatik egin nahi dugun euskaraz; eta guk ez dugu zertan gazteleraz egin, ez dugu nahi. Zera gertatzen da: euskaraz ikasi nahi ez duten horiek gazteleraz solastatzen aditzen dituzte kuadrilla berez euskaldunak, eta, orduan, eurek ere ez dute ahaleginik egiten. Euskara hagitz egoera kezkagarrian dago egun, eta sakelakoak ere min handia egin du hor. Bizi naizen artean jarraituko dut euskararen aldeko borrokan, baina lan handia egin behar da oraindik ere. Irtenbidea bakarra da: independentzia.