Katixa Agirre: «Gero eta joera handiagoa dago irratia ikusteko»

Lehen aldiz, elkarrizketatzaile lanetan ari da Agirre. Guau plataformarentzat 'Eneagrama' bideopodcasta ari da aurkezten. Telesail bat idazten ere ari da.

Katixa Agirre, 'Eneagrama' bideopodcastaren aurkezlea. BEGIRA
Katixa Agirre, 'Eneagrama' bideopodcastaren aurkezlea. BEGIRA
urtzi urkizu
2025eko martxoaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Herriko Unibertsitatean irakaslea da, eta, gaur egun, lan erdian ari da Katixa Agirre (Gasteiz, 1981), bestelako proiektuetan ere ari baita.

Idatzi izan dituzun liburuen bueltan galderak erantzuten aritu izan zara. Zer moduz sentitzen zara galderak egiten?

Oso gustura. Lehen aldia da egiten dudana. Baina badut esperientzia lagunen liburuak aurkezten, eta horietan elkarrizketak egiten dira. Horietan irabazitako esperientziarekin, nahiko seguru sentitu naiz mikro eta kamera aurrean.

Elkarrizketatuei egiten dizkiezun aurkezpenak bereziak dira, ezohikoak. Ondo pasatzen duzu horiek prestatzen?

Bai, pentsa ezazu gonbidatuak direla nik benetan gustuko dudan jendea. Ondo ezagutzen ditudan sortzaileak dira, edo haien lana, behintzat, maitatua zait. Nire miresmena ere agerian uzten dut aurkezpen horietan.

Ari al dira gonbidatuak jokora sartzen?

Hori zen gure beldurra. Ea ulertuko zuten dinamika eta eneagramaren kontua zein den, eta orain arteko elkarrizketatuak oso ondo sartu dira.

Andoni Mutiloak pertsonaia bat sortu du: Jokin Ameztoi. Zer ematen dio podcastari?

Elkarrizketa nahiko konbentzionala egiten dut nik. Baina, halako batean, Jokin Ameztoi sartzen da, elkarrizketari adi egon dela eta gonbidatuaren eneatipoari buruz esateko zerbait duela aipatuz. Pertsonalitate mota bat da eneatipoa, eta bederatzi omen daude.

Zurea egingo balu, zer aterako litzateke?

Ni beti biren artean egoten naiz: bederatzigarrena —bakegilea, gatazkari bizkarra ematen diona beti— eta hirugarrena —besteen onespena beti behar duena—. Agian horregatik jarri naiz kameren aurrean [kar-kar].

Guau audio plataforma da, berez. Baina bideopodcasta grabatu duzue. Gaur egun, denak behar al du irudia?

Bai, hori ematen du. Gero eta joera handiagoa dago irratia ikusteko. Azkenean, produkzio aldetik ez zegoen alde handirik, eta erabaki genuen biak egitea, eta jendeak erabaki dezala: ikusi ala entzun.

Bilbon grabatzen duzue. Larraitz Zuazo eta Ane Rotaetxe zuzendariak lehendik ezagutzen zenituen, ezta?

Bai, oso harreman ona dugu, eta oso ondo ulertzen dugu elkar. Nire harrikada guztiak erosten dituzte. Eta nik ere asko jasotzen dut haiengandik.

Proiektua zuk proposatu al zenien haiei?

Haiek esan zidaten kamera aurrean zerbait egin genezakeela, eta pentsatzeko zerbait. Elkarrizketa saio berezi hau sortzea pentsatu nuen.

Ez daude euskal sortzaileei ahotsa emateko saio asko, ezta?

Bai, hala da, ez dago hainbeste. Literaturan Arte[faktua] dago ETBn, baina obra bati lotua dago. Beste gauza batzuei buruz hitz egiteko, badago tokia. Eneagrama-n ez dugu hitz egiten unean-unean promozionatu behar den lan bati buruz. Jendeak eskertzen ditu halakoak. Elkarrizketatua beste toki batera begira jartzen da gure saioan.

Lehen denboraldiak hamar atal izango ditu. Gogoz hartuko zenuke denboraldi gehiago grabatzea?

Denboraldi honen arrakastaren arabera ikusiko dugu. Sortzaile interesgarri asko daude, eta gustura elkarrizketatuko nituzke haietako gehiago.

Beste gai batzuei helduta, zure Amek ez dute eleberrian oinarrituta, Mar Collek Salve María filma egin du. Pozik zaude emaitzarekin?

Bai, oso pelikula ona da. Aretoetan ez zuen banaketa egokia izan, eta jende asko ikusteko gogoz gelditu zen. Baina pelikulak bizitza luzea izango duela uste dut.

Burura etorri al zaizu inoiz film bat zuzentzea?

Ez, zuzentzea ez.

Baina gidoiak idazten dituzu.

Hori bai, gidoigintza ikasketak egin nituen. Orain ikus-entzunezko proiektu batean sartuta nago. Fikziozko telesail bat da, baina egitasmoaren hasiera baino ez da.

Unibertsitateko ikasleek nola kontsumitzen dituzte ikus-entzunezkoak?

Sakelakoan eta klip oso laburretan. Nahieran eta nahi duten tokian ikusten dituzte edukiak. Klasean film bat jarri, eta kostatu egiten zaie jarraitzea.

Eta euskara gerturatzeko, nahikoa komeria izango duzue, ezta?

Bai, zeren eskura duten eskaintzan euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da. Euskarazko oso gauza gutxik pizten diete arreta.

LOTSABAKO

Liburu bat?
Slaughterhouse Five, Kurt Vonnegut idazlearena.

Film bat?
Agnes Varda zinemagilearen Le bonheur (1965).

Podcast bat?
Ulu Mediaren Artxipelagoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.