Gero eta bertokoagoak

Tokiko produktuak indarra hartzen ari dira, ekoizleen arabera, eta horren adibide izan da Gernika-Lumoko urriko azken asteleheneko azoka. 307 postu jarri dituzte aurten, eta jendetza batu da herriko kaleetan. Urteroko ekoizleak egon dira, baita aurrenekoz joandako batzuk ere.

Esnekien postu bat. A. L. / FOKU.
amaia igartua aristondo
Gernika-Lumo
2023ko urriaren 31
00:00
Entzun
Aipatu dituzte baserritarrak, nola ez; jende andana, bazterrezina; aho eta baso beteak, poltsa hutsagoak; «ezpain bustiak» nabarmendu ditu Andoni Egañak, eta txakolinarekiko grinaz mintzatu dira ondoren; «baserriaren folkloreaz» akordatu da Onintza Enbeita, eta salmenta apalak deitoratu ditu. Eta bertso saioak laster hartu ditu jan-edanaz besteko bideak, Gernika-Lumoko (Bizkaia) urriko azken astelehen batean bildu litezkeen ertzen lagin bat: Enbeitaren hanka lesionatua eta makulua, arratsaldeko zesta-punta, euskararen aurkako epaiak, Urdaibaiko Guggenheim. «Hemen badago zer ikusia/ museo barririk barik», aldarrikatu du Enbeitak, eta entzuleek gogotik txalotu dituzte bertsook, eta eskertu, oihuekin. Berehala lasaitu ditu Sebastian Lizasok, hauteskunde giroaren kontua baino ez delakoan museo berria egiteko asmoa.

Bertsolarien aurrean, Merkurio iturri ingurua eta plaza, lepo. Inguruko kaleak ere postuz beteta. 307 egon dira aurten, eta, besteak beste, eskaini dituzte askotariko barazki eta frutak, eztiak, gaztak eta edari alkoholdunak. Azokaren giroa agerikoa da, ordea, azokara heldu baino lehen ere. Jendetzaren adibide bat goizean, estazioan. Muxikatik aurrera (Bizkaia), bagoiko jende mordoa lepoa luzatuta, helmugara noiz helduko zelatan leiho lurrunduetatik. Trenaren tartekako astinaldiek eragindako irriak, aspaldi desagertuak. «Ganadua ematen dugu», bota du andre batek, oraindik umore arrastoarekin. «Nola sar liteke hainbeste jende tren batean?», galdetu du beste batek, jada estazioan; itzulerako trenaren zain dago, poltsak dagoeneko barazkiz beteak ditu. «Tira, trena luzatu egiten da», bota dio aldamenekoak, trufaka.

Jendetza patxadaz mugitzen, bai estazioan eta bai herrian. Erakusmahaietara heltzen ahalegintzen batzuk, aldenduago besteak. Aldameneko supermerkatuak, hutsik; ez, ordea, tabernak. Nora joan erabaki ezinik daude Jesus Mari, Marisa, Sabin, Maitane eta Maria Isabel senideak, Juan Calzada kaleko barazki postuetatik gertu. Gernikarrak dira, eta urtero ateratzen dira buelta bat ematera, postuak kuxkuxeatzera, eta zerbait erostera, batik bat gazta. «Guk baserria daukagu, eta produktuak etxean ditugu», azaldu du Marisak. Azokazaleak dira, halere: ahal dutenetan joaten dira, ez soilik herrikora, baita Markina-Xemeingora (Bizkaia) eta Bilbokora, esate baterako.

«Jendea betiko lez dago: gehiago ez da sartzen», bota du Sabinek. Eta hala da. Une oro lurrera begira mugitzen dira, erne estropezu ez egiteko haurren kotxeekin, ume koskortuagoekin, postuetara joateko gurutzatzen direnekin, postuen aurrean trago bat hartzen gelditutako taldeekin. Txorizo egosiaren usainak eta gaztaren ufada sarkorrek ematen dute tokiko erakusmahaien berri; begirada azkarrek osatzen dute paisaia: apaletan, gazta biribil mardulak, zizka-mizkaz betetako platerak, giro epelean umotutako tomateak, errenkadan ordenatutako zerba hosto zabalak, lurrean botatako pikillo piper andana bat, txakolin marka eta moten segida amaigabe eta koloretsu bat. Musika ezin ozenagoak girotzen ditu herriko bazterrak, han-hemenka ipinitako bozgorailu mordoetatik, eta erraz gailentzen zaio bisitarien zalapartari.

Lekaleak eta konbutxa

Hainbeste lagunen aurrean produktuak erakutsi ahal izatea, hori da azokaren indarguneetako bat, Oier Ibañezen, Balmaseda Activa (Bizkaia) elkarteko ordezkarietako baten berbei erreparatuta. San Tomas egunarekin eta beste bizpahirurekin batera, urriko azken astelehenean saltzen dute ekoizleek gehien, esan duenez. Baserritarren produktuak estimatuak dira, gainera. «Poliki-poliki, igarri da tokiko produktua indarra hartzen ari dela». Iritzi berekoa da Gueñesko (Bizkaia) Barranca auzoko Edurne Asensio. «Enkarterrian, balioa ematen zaio tokiko produktuari. Ostegunetan merkatura joaten naiz, eta ilarak izaten ditut; jendeak badaki bereizten. Nik jango ez nukeena ez dut salgai jarriko». Lehen aldia du Gernika-Lumoko urrikoazken astelehenean, eta duen «sonagatik» erabaki du aurten etortzea.

Kontrara, urte asko daramatza Pobesko (Araba) Yolanda Vicentek azokara joaten. Lekaleak saltzen ditu, eta garai ezin hobea da produktu horientzat, azaldu duenez. «Lehen azoka da non produktua jada badaukagun. Gainera, jendeak ez du bakarrik kilo bat hartzen, gehiago baizik, negua igarotzeko. Azoka udaberrian balitz, gutxiago salduko nuke». Aurreko urteetako antzeko ekoizpena izan du, eta prezioak ere ez dira asko aldatu, nabarmendu duenez: 4,50 euroan du dilista eta garbantzu kiloa, eta 9 euroan indaba.

Baina hirurehun postu baino gehiagotan produktu askorentzako tokia dago, hala tradizionalentzat, nola nobedadeentzat. Aurten ere lehen urtea dute Sopelako (Bizkaia) Ama konbutxa edari hartzituaren ekoizleek, eta marka sortu berria ezagutarazteko hautatu dute Gernika-Lumoko erakusleihoa. Harrera denetarikoa izaten ari da, Nerea Ortiz ekoizlearen arabera. Jakin-mina badago: atzean, xehatua dute edaria zer den eta nola egiten duten, eta jende askok azalpenok irakurtzen ditu, eta dudak galdetu. «Oro har, ez dakite zer den; botila ikusita, uste dute garagardoa dela. Batzuek oso ondo hartu dute, probatzeko prest daude. Azukre gutxi duenez, eta ez duenez alkoholik... Gutxien espero genuen jendea ere animatu da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.