Xabier Saenz de Gorbea. Arte komisarioa

«'Gernika' koadroaren aurkako errebisionismoan dabil eskuin muturra»

Picassoren lanean oinarrituta Euskal Herriko artistek eginiko lanez mintzatuko da Saenz de Gorbea EHUko arte irakaslea gaur, besteak beste, Zilbetiko basoko pagoetan egindakoaz.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2013ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Xabier Saenz de Gorbeak (Getxo, Bizkaia, 1951) artea irakasten du EHUn, eta ehunka erakusketa antolatu ditu, komisario gisa. Azkena Gernikako (Bizkaia) Euskal Herria museoan du ikusgai: Azken Gernikak. Horren inguruko Los últimos Gernika vascos hitzaldia emango du gaur, museoan bertan (doan), 19:30ean.

Picassoren Gernika-k iradoki dituen artelanen inguruko erakusketa antolatu duzu. Zertan bereizten da koadroak Euskal Herriko artistengan izaniko eragina?

Alde handiak daude. Euskal Herriko iruditegian etengabe egon da margoa, eta artista batzuk Picassoren osagaiak erabiltzen saiatzen dira, eta beste batzuk XX. mendeko ikono horrekin hausten saiatzen dira. Artista batzuek euren kabuz egin zuten, frankismoaren gordinean, bonbardaketak zirrara eta mina eragiten dielako; Oteizak adibidez, erbestean, Kolonbian, zein hemen. Ibarrolak ere lanak egin zituen 1960ko hamarkadan, Picassoren koadroaren zatietan oinarrituta. Gabriel Arestiren Euskal Harria liburuko azala horietako batekin egin zuten.

Denborak ez al du urrundu koadroa bere hasierako esanahitik eta, azkenean, bakarrik bere buruaren erreferentzia bihurtu?

Baliteke, frankismoan Gernika-ri beste esanahi bat eman ziotelako, eta militante antifrankisten etxeko ikur bihurtu zutelako. Koadroa beste interpretazio batzuk hartuz joan da. Horregatik, erakusketan horren narrazioa egin nahi izan dut, erakusteko artista gazteek margoari eman dizkioten beste interpretazio eta balorazioak.

Adibide bat?

Javier Arcek horma irudi bat egin du zuri eta beltzez, erakusteko nola heldu zen margoa Madrilera hegazkinez, ia ezkutuan eta guardia zibilez inguratuta, demokrazia garaian. Kepa Garrazak artearen aurkako brigada baten erasopean margotu du koadroa. Zilbetiko [Nafarroa] basoko pagoetan margoturikoa hor dago, hainbat enpresak naturaren kontra egin nahi duten erasoa salatzeko. Beraz, Gernika gauza asko kritikatzeko eta arbuiatzeko erabiltzen dute gazteek.

Eta, halere, koadroan bertan, izenburuaz gain, bonbardaketari erreferentzia zuzena egiten duen ezer ez dagoela argudiatu du John Berger idazleak.

Giza gorpuzkiak daude koadroan botata eskuin-ezker. Ez da deskripzio zehatz bat, noski. Argazki bat jarri dut erakusketan, Agirre lehendakaria Parisko 1937ko erakusketa unibertsalean, koadroa jendaurrean aurkeztu zutenean. Koadroaren azpian, Gernika hitza jarrita dago, Picassok idatzita. Argazkia jarri dut agerian uzteko Gernika-n Gernikatik ezer ez dagoela esaten duten tranpatiak. Erreferentzia argia da, nahiz eta koadroa ez egon osagai pintoresko edo kostunbristekin egina, baizik eta ikur unibertsalekin.

Azpijokoez ari zara. Koadroa indargabetzeko kanpaina bat dagoela uste duzu?

Koadroaren kontrako errebisionismo lanean dabil eskuina, edo, nahi baduzu, eskuin muturra. Esaten ari dira, adibidez, margoa bonbardaketaren aurretik egina zegoela, eta kontrakoa guztiz ongi dokumentatuta dago Dora Maarren argazkietan. Beste azpijoko bat da, besterik gabe, Frankok Gernika gorriak eta separatistek erre zutela esan zutenean bezala. Eskuin muturreko errebisionismo horretan gaude gaur murgilduta.

Gernika guardia zibilez inguratuta agertzen deneko artelana aipatu duzu lehen. Hor ez al dago gaurdainoko irudi jarraipena?

Bai, arrazoia duzu horretan. Atzo [herenegun], beste gertaera izugarri mingarri bat pairatu genuen, penagarria, gaurko egoera deskribatzen diguna. Esango nuke egunkarietan agertu diren argazkiek balio dezaketela etorkizuneko Gernika-k egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.