Pablo Picassoren Gernika margolana zortzi oihaletan irudikatu du Jose Ramon Amondarainek (Donostia, 1964). Obra horren garapena pausoz pauso azaldu nahi izan du, sortze prozesua ezagutu ahal izateko. Piezak Gasteizko Artium museoan daude ikusgai, irailaren 2ra arte.
Picassoren Gernika zortzi margolan handitan disekzionatu duzu. Zer irudikatu nahi zenuen?
Egin dudana ez da disekzioa, zehazki. Dora Maarrek argazki batzuk egin zituen Picassok koadroa marrazten zuen bitartean, eta argazki horietatik ateratako informazioaz baliatu naiz ni lan hau egiteko. Gutxi gorabehera, 30 argazki dira; baina informazioari dagokionez, zortzi pauso bereizten dira. Argazki horiei esker,margolana begiratzeko modua motel dezakegu. Pixkana gerturatu gaitezke Gernikara, zeharkatu egin dezakegu.
Zer azaltzen da zortzi pauso horietan?
Picassok eraikuntza logika bati jarraitzen diola esan dezakegu, eta pauso horiek obraren garapena islatzen dute. Aldaketak daude batetik bestera; eraikuntza logikari jarraituz, elementu sinbolikoak gehitu edo kentzen ditu. Nik ahalik eta modu zehatzenean kopiatzen ditut Maarrek egindako kuadroen argazkiak. Picassok erabilitako material antzekoak erabili ditut proiektu osoan, obra originalari ahalik eta hobekien eusten ahalegindu naiz.Tela eta pintura jatorrizkoaren oso antzekoak dira, baina ez guztiz berdinak. Picassok pintura sintetiko oliodun berezi bat erabili zuen, eta nik, berriz, olioa erabili dut. Horrela, koadroaren sortze prozesua ikus dezakegu, benetako eskalan. Esaterako, hirugarren pausoko koadroa ikustean, denbora gelditu eta Gernika momentu jakin batean nolakoa zen ikus dezakegu.
Zer transmititzen dizu Gernikak?
Errepublikak eskatu zuen koadro hori egiteko, baina gaur egun ezagutzen dugun Gernika ez da une horretan berez izan behar zuena. Emakumeari eta haren egoerari buruzko lan bat zen, ez zuen zerikusirik gerrarekin. Tamalez, bonbardaketa gertatu zen, eta Picasso oso hunkiturik geratu zen. Haserrealdi horretan erabaki zuen koadroa pintatzea. Dena den, bere testuingurutik kanpo, Gernikak ez dit ia ezer sentiarazten. Euskaldunontzat, objektutik harago sinbolikoa den zerbait dago. Ikono bat da, baina koadroari begiratzean ez dut Gernikako bonbardaketan pentsatzen. Gernikak harreman estua du politikarekin, eta bonbardaketarekin eta frankismoarekin erlazionatuta dago. Garai hartako sinbolo bat da, baina gaur egun ere zentzu berarekin erabiltzen dugu. Proiektu horretan koadroa ikono gisa erabiltzen ahalegindu naiz, hau da, nire zortzigarren lanak eta Picassoren Gernikak zein harreman duten ikusi dut. Originaltasunaren kontzeptua landu nahi izan dut, zerk bereizten duen originala kopiatik.
Denbora eta premia (Tiempo y urgencia) izenburua jarri diozu zure lanari. Zer adierazi nahi duzu horrekin?
Denborak pinturarekin duen harremana islatu nahi izan dut, hau da, denbora moteltzea pinturaren bitartez. Bestalde, urgenciaGuernicaren anagrama bat da. Hau da,hitzaren hizkiak lekuz aldatuta, urgencia ateratzen da. Gainera, orduko egoera ongi islatzen duela iruditu zitzaidan, izan ere, margolana egiteko enkargua presazkoa izan zen. Zentzu politikoan ere aplika daiteke premiaren ideia hori.
Jose Ramon Amondarain. Margolaria
«'Gernika'-k ez dit ia ezer sentiarazten; ikustean ez dut bonbardaketan pentsatzen»
Amondarainek beste artisten obrak oinarritzat hartuta sortzen ditu bereak. Pablo Picassoren 'Gernika' margolanetik abiatuta, zortzi margolan egin ditu, eta Gasteizko Artium museoan ikus daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu