Duela ia-ia 32 urte hartu zuen lehen aldiz arnasa, eta arnasberrituta heldu zen Hitzetik hortzera saioko denboraldi berrira. Bertako aurkezle eta zuzendari da zestoarra. Telebista, irrati nahiz tokian tokiko aldizkarietan hainbat lan egindakoa da, bai kamera eta mikrofono atzean, baita aurrean ere.
Galderak egitea ala galderei erantzutea gustatzen zaizu gehiago?
Galdetzea. Zuk eskatu didazulako onartu dut elkarrizketa hau. Ez zait iruditzen ezer asko interesgarririk dudanik esateko.
Elkarrizketatuari zer galdetu ez dakizunean zer egin behar da?
Ahal dena, kar, kar, kar. Elkarrizketatuarekin aurrez aurre zaudela gertatzen baldin bazaizu, malo! Artean garaiz bazabiltza zer egin? Pentsatu. Haren lekuan eta publikoaren lekuan jartzen ahalegindu. Gehiago dokumentatu... Ba al dakizu laster aurkeztuko den arropa marka batentzat modelo lana egin behar dudala?
Hitzetik hortzera saioan hasi zinenean, urtebete proba egiteko hartuko zenuela esan zenuen. Hau hirugarren ikasturtea duzu.
Ondo esan duzu: hirugarren ikas-urtea dut, eta hirugarren proba-urtea. Hainbeste gauza aldatu behar izan ditugu udan... Berriz hutsetik hastea bezala izan da.
Bertsolaritza eta generoaren inguruan interesatuta zaude. Zerk erakartzen zaitu? Zerk kezkatzen?
Harri eta zur gelditu nintzen bertsolaritzan dabiltzan neska batzuek egindako gogoetekin. Begiak ireki zizkidaten. Hain kontu nabarmenak ziren, baina ordura arte, gehienontzat, hain oharkabean pasatu zirenak. Landu gabeko alorra da, ederra eta zaila niretzat.
Maialen Lujanbiori begira miresmena antzeman nizun begietan.
Bertsolariengandik, entzuleengan eragiteko gaitasun hori miresten dut. Ez da, jakina, bakoitzean gertatzen, baina batzuetan hain da basatia sorraraz diezagukezuena. Zer ote da norbere jardunarekin parekoei tipo horretako bulkadak eragitea. Barruko poz leherketa horiek...
Gaitasunik bazenu, izango al zinateke bertsolari?
Auskalo, neska! Ofizio pribilegiatua iruditzen zait batzuetan, eta oso gogorra beste batzuetan, higatze handia dakarrena.
Duela hamar urte eta orain prisma berarekin begiratzen al diozu bertsolaritzari?
Anaia eta biok Hitzetik hortzera-ri esker bertsozaletu ginen, orain hogeiren bat urte. Ez dugu bertso giro handirik izan jiran. Ez etxean, ez koadrilan. Orduan, magikoagoa zen niretzat bertsoa.
Ordu txikietan puntutan entzun izan zaituzte eta...
Getariako bertso eskolako zure bi ikasle eta koadrilako Joxe eta biok jardun ginen. Santelmotan-edo izango zen, Zumaian behintzat. Biharamunean, nahiz zer kantatu genuen ez gogoratu, laguna eta biok konbentzituta geunden gure bertso karrerako gailurra izan zela. Orain ez nago hain seguru. Ez dut uste getariarrek guk baino oroitzapen argiagorik izango dutenik; igual, akordatu ere ez dira egingo. Bere gogoz kontra seguru asko, baina Odei Barrosoren sparring ere aritu gara Donostian, Xilabako finalaren aurretxoan.
Hainbat komunikabidetan laguntzaile eta langile ikusi zaitugu, orain zuzendari... Eta Anayet mendira egindako bidaiako irudiak ere ikus daitezke Interneten. Ezerk ez al dizu zorabiorik ematen?
Gauza askok sor diezadake mendiak adinako zorabioa. Neure buruarekiko konfiantza falta ikaragarri samarra daukat. Nahikoa aldapa bada hori komunikatzaile jarduteko.
Argia aldizkariko zure lehen idatziak Erreka zulotik mendi kaxkora zuen izenburu, eta azkenak, Erromatarrak 'crack' batzuk zituan. Erromantizismotik gerrara igaro al zara?
Gerlaria baino gehiago naiz erromantikoa. Zurrut pixka bat egindakoan, batzuek mutur joka egin nahi izaten dute; ni ingurukoei musu partitzen hasten naiz.
Zuen abizenak arte zuhaitz txikia esan nahi omen du. Zuk arte handia daukazu mingainean.
Eta hizketan ere ez naiz txar-txarra.
Zergatik deitzen genizun Jon Jon Artano?
Genizun? Hobe, bai. Oraindik ere makina batek esaten dit... Hori Klaudio Landari bururatu zitzaion, John John Kennedy zenagatik.
Inoiz izan al duzu norabait zure anaia bikia bidaltzeko tentaldirik?
Ingelesezko tituluren bat gustura hartuko nuke, eta bera horretan ni baino hobeto moldatzen denez, akaso...
Bankuarekin ezkondu berria zara. Ezer aldatuko al du zure egunerokotasunean?
Zientoka hilabeterako ezkondu naiz eta aurrenekoa baino ez da pasa; eztei-bitsetan nago oraindik. Udaberrian hitz egingo dugu.
Elkarrizketa hau hitanoan egitea nahi al zenuen?
Ba, bai. Zergatik ez didan hika egin? Gu bion artean hori dun naturala.
Jon Artano Izeta
«Gerlaria ez, erromantikoa naiz»
Kameren atzean nahiz aurrean aritua da Jon Artano. Hirugarren denboraldia du ETBko 'Hitzetik hortzera' saioan, eta aurkezle eta zuzendari ari da oraingoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu