GERIZPEAN. AIREPORTUETARA JOATEKO GARRAIOAK. Kezkarik gabe, aireportura

Hegazkinez bidaia bat egiteko aireportura nola iritsi? Autoaz gain, Euskal Herriko aireportu guztietara iristeko autobus zerbitzuak daude.

2008ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Ohikoa izaten da bidaia bati ekiteko egunean aireportura gerturatzeko inor ez aurkitzea. Bidaiari askok ez dute autoa aparkalekuan utzi nahi, edo ez dute aireportura haien autoan iritsi nahi. Aste baterako joan arren, askok ez dute nahikoa maleta bat betetzearekin, eta aireportura eramateko inor ez badute mundua gainera erortzen zaio bidaiariari. Bidaia ezin dezakeela okerrago hasi pentsatzen du. Baina, Euskal Herriko aireportuetara iristeko moduak errazteko bideak jarri dituzte.

Hondarribia

Donostiako aireportua askok Donostian bertan dagoela uste duten arren, hiriburutik 22 kilometrora dago, Hondarribia (Gipuzkoa) kanpoaldean, hain zuzen ere. Aireportu horretatik hainbat hirietara bidaiatzeko aukera dago; Espainiako Sevilla, Malaga eta Madril hirietara joan daiteke eta baita Bartzelonara ere (Herrialde Katalanak). 2007. urtean 466.457 lagunek bidaiatu zuten Hondarribitik, guztira 12.736 hegaldi egin ziren eta 245 tona karga garraiatu ziren.

Garraio publikoa erabilita

Donostia eta Hondarribiko aireportuak Interbus autobus konpainiak lotzen ditu. Zerbitzua egunero dabil joan-etorriak egiten. Bi autobus mota daude, eta biak Donostiako Gipuzkoa plazatik ateratzen dira: i-1ak Donostiatik abiatu eta Irun, Errenteria eta Pasaian geldialdiak egiten ditu, eta i-2ak Donostia Hondarribiarekin zuzenean lotzen du.

I-1 autobus lineako autobusa astelehenetik larunbatera, Donostiatik aireportura, 07:35etik hasi eta 22:05etara ibiltzen da 30 minutuko tartearekin. Igandetan lehenengo autobusa 08:45ean ateratzen da eta azkena, 22:05ean, asteguneko maiztasun berberarekin. Aireportutik Donostiarako norabidean, aldiz, egunero 30 minuturo ateratzen dira autobusak. Astelehenetik larunbatera 06:45etik 21:15era eta igandetan 07:45etik 21:15era. Ibilbidearen araberakoa izaten da prezioa.

I-2 autobus linea 25 minutuan iristen da aireportura, eta bi euro balio du. Autobus linea hori aireportura iristeaz gain, Hondarribira ere joaten da. Donostiatik aireportura, astelehenetik ostiralera 07:45etik 20:20ra ateratzen dira autobusak. Larunbatetan, aldiz, 07:45etik 21:20ra eta igandetan 11:00etatik 21:20ra. Hondarribitik Donostiara astegunean, 07:15etik 19:50era, larunbatetan 07:15etik 20:50era eta igandetan 10:30etik 20:50era. Autobus linea hori orduro ateratzen da.

Autoz

Hondarribiko aireportuko aparkalekuak 233 autorentzako lekua du. Lehenengo ordu erdian minutuak 0,014 euro inguruko salneurria du, eta egun osoan autoa han uzteak 8,65 euroko kostua du.

Gasteiz

Gasteizko aireportua, hiriburuaren ipar ekialdean dago, erdigunetik zortzi kilometrora. Forondako aireportua esaten diote. Aireportu hori, salgaien trafiko garrantzitsuagatik nabarmentzen da , nahiz eta nazioarteko bidaiak ere egiten diren. Handik ateratzen diren hegaldiak, besteak beste, Madrilera eta Bartzelonara iristen dira.

Garraio publikoa erabilita

Aireportura doazen autobusak, berriz, Gasteizko autobus geltokitik ateratzen dira. Bidaiak 25 minutu irauten du, eta 3 euro balio du.

Autoz

Forondako aireportuko aparkalekuak 555 autorentzako lekua du. Bertan autoa uztea doan da.

Noain

Iruñetik zazpi kilometrora dago, Noainen (Nafarroa). Handik, besteak beste, Lisboara (Portugal) eta Madril eta Tenerife hegoaldera (Espainia) eta Bartzelonara (Herrialde Katalanak) abiatu daiteke.

Garraio publikoa erabilita

La Montañesa konpainiako Berriozar- Noain-Beriain 16 autobus lineak, aireportutik 800 metrora du geltokia, Talluntxuko poligonoan, hain zuzen ere.

Horrez gain, 21 zenbakiko autobusak, Iruñea aireportuarekin zuzenean lotzen du. Bidaiatzeko txartel arruntak euro bat balio du. Iruñerriako Mankomunitatearen esku dago zerbitzua. Navas de Tolosa kaletik ateratzen da autobus linea hori, eta hirian zehar hainbat geltoki ditu Noaingo aireportura iritsi arte.

Autoz

Noaingo aireportuko aparkalekuan 403 auto sar daitezke. 38 leku alokatutako autoentzat gordeak daude. 31 minutu eta ordu bete artean autoa uzteagatik, minutuak 0,017 euro inguruko kostua du. Egun osoan autoa aparkalekuan uzteak, berriz, 8,65 euroko kostua du.

Loiu

2001ean ireki zuten Loiuko aireportua. Santiago Calatravak diseinatu zuen, hegan egitera doan uso baten itxura du. Euskal Herriko hegaldi aniztasun handiena duen aireportua da. Handik Europako hainbat hiritara abiatu daiteke; askok bidean geldialdia egiteko erabiltzen dute. Bilboko hirigunetik 5 kilometrora dago.

Garraio publikoa erabilita

Loiuko aireportura Bilbotik eta Donostiatik bi autobus iristen dira. Donostiatik ateratzen den Pesa konpainiaren autobus berriak, adibidez, ekainaren 14an egin zuen lehenengo ibilbidea, eta irailaren 30a arte mantenduko dute. Donostiako autobus geltokitik ateratzen da, eta orduro dabil autobusa joan-etorriak egiten. Ibilbidearen prezioa 15 eurokoa da, eta bidaiak ordu eta 15 minutu irauten du. Goizeko bostetan hasi eta gaueko bederatziak arte autobus zerbitzua dago. Loiutik Donostiarako noranzkoan, 06:50ean ateratzen da lehen autobusa eta 22:50ean azkena. Bi autobus zerbitzuak zuzenekoak dira.

Bilboko autobus geltokitik Bizkaibus konpainiaren 3247 linea ibiltzen da aireporturako loturak egiten. Gainera, martxotik urrira bitarte autobusa maiztasun handiagoarekin dabil joan-etorriak egiten. Bilbotik 05:20etik 22:20era ateratzen dira autobusak, 30 minuturo. Aireportutik berriz, 06:20tik 00:00etara dabil autobusa, 20 minututik behin.

Autoz

Gaur egun, Bilboko aireportuan hiru aparkaleku daude, baina handitzeko ideia dute.

P1 aparkalekua Loiuko aparkaleku nagusia da, eta 3.000 autorentzako lekua du. 300 aparkaleku autoak alokatzen dituzten enpresentzat dira.

Egonaldi luzeetarako P2 aparkalekua dago: 664 leku ditu, 15 ezinduentzat eta 13 ibilgailu arruntak baino garaiagoentzat. Bosgarren egunetik aurrera, 5,55 euro ordaindu beharko dira eguneko.

Aparkaleku espresa 30 minutu baino gutxiagoko denbora tarteetako da. 37 leku ditu eta tarifa bereziak dituzte. Ordu erdi baino gehiagoko egonaldietarako aparkaleku orokorra erabiltzea gomendatzen dute. Lehenengo ordu erdia pasatu ondoren, gehigarri bakoitza 1,80 eurokoa izango da.

Miarritze

50eko hamarraldian eraiki zen. Angelu eta Miarritze (Lapurdi) herrien artean dago aireportua eta Donostiatik 40 kilometrora dago. 2007an 930.880 bidaiari izan zituen aireportuak; aurreko urteekin alderatuz, %7,5eko igoera.

Garraio publikoa erabilita

Autobus zerbitzuak Angelu, Baiona, Donibane Lohizune Hendaia eta Miarritze lotzen ditu aireportuarekin. Stab konpainiaren 6. linea da ibilbide hori egiten duena. Miarritzetik aireportura lehenengo autobusa 07:07an irteten da, eta azkena 19:55ean.

Kontrako norabidean, Baionatik aireportura lehena 07:02an ateratzen da eta azkena 20:07an. Bi norabideetako autobusak 20 minutuko tartearekin ateratzen dira, eta txartelaren salneurria 1,20 eurokoa da.

Autoz

Miarritzeko aireportuak 965 autorentzako lekua du. Hiru aparkaleku mota ditu Miarritzeko aireportuak. P0 aireportutik gertuen dagoen aparkalekua da, denbora eperik gabekoa da. P1-P2, aparkaleku merkeenak dira eta P3 denbora laburrerako aparkalekua da, eta aireportutik hurbil dago.

Hegaldi berriak

Easyjet kostu txikiko aire konpainiak Miarritzen du egoitza berria. Beraz, interesa duenak Miarritzetik Erresuma Batuko Bristol eta Londres hiriburura eta Frantziako Lyon eta Parisera bidaiatu ahal izango du.

Ryanair konpainiarekin, aldiz,Miarritzetik Erresuma Batuko Birmingham eta Londresera, Alemaniako Frankfurt eta Irlandako Shannonera bidaiatu dezake

Gasteizko Foronda aireportuan, berriz, otsailaren 17tik aurrera, Ryanair konpainia Gasteiz Londresekin lotuko duen hegazkin hegaldiak egiten hasiko da.



Donostiatik Madrilgo aireportura joateko autobus zerbitzua abian

Madrilgo Barajas aireportura lehenengo orduetan iritsi eta abiatzen diren hegaldietarako eguneroko autobus zerbitzua jarri du martxan Alsak.30,54 euroko salneurria du bidaia baterako eta 61,08 eurokoa joan eta etortzeko. Autobusa Donostiako autobus geltokitik 19:00etan ateratzen da eta Barajasera 01:30ean iristen da, laugarren terminaleko 0 solairura. Madrilgo aireportutik 06:15ean aterako da eta Donostiara 13:55ean iritsiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.