ATZEKOZ AURRERA

Gerizpe eske dabilen basoa

Bilbo hegoaldeko saihesbideko autobidea handitzeko lanak bertan behera uzteko eta hiriko azken basotzat aipatu ohi den Bolintxu harana babesteko eskatu dute 500 manifestari inguruk.

Unai Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusiaren maskarak eraman zituzten atzokoan, Bolintxuren aldeko manifestariek. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Arriagako antzokitik oinez abiatuz gero, Zazpikaleetako harlauzak urratsez urrats atzean utzi, Abusu auzoko ibaiertzeko berdegune artifizialeko asfaltozko bide atsegina gurutzatu, Buia auzoko bideetan gora egin, eta hartxintxarrezko bidexka hartu ostean, haltzen, lizarren, hurritzen, astigarren, ereinotzen eta iratzeen gerizpean lokatza eta harri hezeak zapaltzen hasi, eta errekasto baten hotsa hazten sumatzen duzunean jakingo duzu Bolintxura iritsi zarela, erdigunetik ordu eta laurden inguruko paseoan eta Bilboko lurrak zapaltzeari behin ere utzi beharrik gabe. Hori da «hiriko azken basoa», hainbat herritarren hitzetan. Txikia, agian, bost kilometro karratu ingururekin, baina azkena ere bai, eta mehatxupean dago, Supersur izenez ezagutzen den metropoliaren hegoaldeko autobidearen saihesbidea antzeko lanen ondorioz. Arriaga plazatik abiatuta, manifestazioa egin zuten horregatik atzo 500 pertsona inguruk, Supersur Handitzeari Ez plataformako kideek deituta. Salbatu nahi duten basotik, zehatz-mehatz, ordu eta laurdeneko paseora, lokatzetik hasi, eta hartxintxarrera, asfaltora eta harlauzetarako bidea atzera deseginez gero.

«Errege kopako emaitza: Bolintxuk 0, Betiko Negozioek... batek daki!». Manifestazio buruan joan zen karabanako bozgorailuek hasieratik eman zioten umore ukitua protestari, eta protagonista nagusi bat izan zuten haien zirtoek: Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia. Haren irudidun maskarak ere banatu zituzten manifestarien artean, eta harentzat eta aldundiarentzat izan ziren lelo gehienak ere. Euskaraz oihukatu zituzten haietako batzuk: «Bolintxu bizirik, Bolintxu ez ukitu». Gazteleraz joan ziren beste batzuk: «Unai [Rementeria], gure amamak jada ez zaitu gustuko». Eta ingelesez eta frantsesez ere aritu ziren, tarteka, irribarre txikiren bat sortuz. «Eraikitzailearentzako oparitxoa, Bolintxuko haranaren txikizioa».

Guztira, 200 milioi euroko aurrekontua dute saihesbidea handitzeko lanek, eta, Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, garrantzitsuak dira lanak hiri inguruko trafikoa arintzeko. Supersur Handitzeari Ez plataformakoek, ordea, ez dute uste handitze lanek onura horiek ekarriko dituztenik. Eta hori frogatzeko datu zehatzak ere eman zituen Arrate Lopez Markinak manifestazio bukaeran irakurritako testuan. «Onuradun bakarrak sustatzaile eta enpresa eraikitzaileak dira».

Epaia heldu artean

Autobidearen proiektua aurkezterakoan emandako datuen arabera, aldundiak 45.000 auto espero zituen Supersur autobidean egunero, baina lanak hasterako 25.000 ibilgailura doitu zuten aurreikuspena, eta nabarmen txikiagoa da kopuru erreala, behin lan gehienak amaituak dituztenean: gaur egun, batez beste, 12.000 ibilgailuk hartzen dute bide hori. Eta plataformako kideek ez dute uste handitze lanek kopuru horiek askorik aldatuko dituztenik. Horregatik Lopez Markinaren hitzak: «Oso zaila da proiektu honen beharra frogatzea».

Ekologikoa da lanak geldiarazteko beste argudioa, eta, kasu honetan, Bolintxu da ikurra. Babestutako gunea da harana, eta, plataformako kideen hitzetan, kalte «atzeraezinak» eragingo dituzte lanek bertan. Obrak bertan behera uzteko eskaria egina dute horregatik epaitegietan.

Supersur Handitzeari Ez plataformaren arabera, 2017an iraungi zen aldundiak lanak martxan jarri ahal izateko egindako azterketa ekologikoa, eta, beraz, legez kanpo hasi dituzte obrak. Ebazpenaren zain daude orain, eta epaia atera artean, handitzea bertan behera uzteko eskatzen dute; beldur baitira epaia heltzerako, lanak bukatuta edo ia bukatuta egon daitezkeela.

Ordea, oraindik obra gelditzeko «garaiz» dabiltzala uste dute plataformako kideek, kalteak ez direlako «atzeraezinak». Bilbotarren kontzientzia ekologikoari egin zioten dei horregatik atzokoan. Kasu honetan, harlauza artean bizi direnek eman diezaioten gerizpea basoari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.