Geologiaren sorlekuak

Zumaiako flyscha sartu dute munduan interes geologikoa duten ehun ondareen zerrendan. Bildumarekin, Geologia Zientzien Nazioarteko Batasunak aitortza egin die geologiaren eraikuntzan ezinbesteko izan diren tokiei.

Zumaiako flyschak, itsasotik. JON URBE / FOKU.
Iker Tubia.
2022ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Ehun. Mundu osoko ehun leku aukeratu eta bildu ditu IUGS Geologia Zientzietako Nazioarteko Batasunak; tartean, Zumaiako flyscha (Gipuzkoa). Ondare geologikoaren bilduma bat da, eta guziek ezaugarri bat dute: geologiaren alorrean erreferente edo oso esanguratsuak dira. Hau da, ekarpen nabarmena egin diote denek jakintzari, haiei esker eraiki baitira geologia zientziak. IUGSk 60 urte bete ditu, eta ospakizuna Zumaian egiten ari dira, The First 100 IUGS Geological Heritage Sites (IUGSren ondare geologikoko lehenbiziko 100 lekuak) jardunaldien bidez. Gaur izanen da ekitaldi nagusia.

Munduko zientzia erakunderik handienetako bat da IUGS, eta geologia munduan dagoen elkartenagusia: 121 herrialdetako milioi bat geologo baino gehiago biltzen ditu. Nazioarteko erakunde geologikoak ere biltzen ditu elkarteak, afiliatu gisa. Duela 60 urte sortu zen, geologian nolabaiteko batasuna ezarri eta estandar batzuk zehazteko. Orain, ehun lekuen bilduma aurkeztu dute, leku horiei aitortza egiteko.

Asier Hilario, Euskal Kostaldeko Geoparkeko arduradun zientifikoa ez ezik, IUGSko Nazioarteko Ondare Geologikoaren Batzordeko lehendakaria ere bada. Batzorde hori arduratu da ondare geologiko diren tokiak biltzeaz. «Zerrenda horrek esaten duena da leku horiek zientzia geologikoetan mundu mailako interes handiena dutela». Zehaztu duenez, erreferentziazko lekuak izan behar dute geologiaren alorrean. «Ez da nahikoa nazioarteko interes zientifikoa izatea edo artikulu zientifiko asko idatzi izana. Erreferente izan behar dute, eta geologia zientziei ekarpen garrantzitsu bat egin». Horregatik dira geologia zientziaren eraikuntzan ezinbesteko katebegi, horien ikerketaren bidez ondu baita jakintza geologikoa.

Aitortza hori egitea da IUGSk egin dezakeena. Hori bai, lan horrek ondorioak izatea nahiko lukete: «Espero dugu, aitortza horren ondorioz, tokian-tokian kontserbaziorako edo hezkuntzarako egitasmoak sustatzea». Izan ere, askotarikoak dira bilduman ageri diren lekuak. Batzuk oso ezagunak geologiatik kanpo ere, eta beste batzuk ez hainbeste. Lekuen erdiak gutxi gorabehera Unescoren gizateriaren ondarearen zerrendan daude edo babesturik daude beren lurraldeetan; adibidez, parke nazionalak. Beste erdiak, ez. «Normala da. Batzuk politak dira: Zumaia, Iguazu, Arroila Handia... baina beste asko ez dira ikusgarriak. Agian zerbait txikia da, baina oso-oso berezia, edo izan daiteke ulertzeko zaila den zerbait ere». Zerrenda ez da sailkapen bat, eta jarraipena izanen du. Heldu den urtean beste 50 lekuri eginen diete aitortza.

Zumaia zientzia geologikoak eraikitzeko «funtsezkoa» izan dela nabarmendu du Hilariok; beraz, bilduman egon beharra zuen. Haren aburuz, Zumaia da munduan dagoen lekurik «hoberena» lurraren historiaren zati konkretu bat irakurtzeko eta ulertzeko, «oso gutxitan irakurri daitekeen detaile handiaz». «Gauza garrantzitsu asko gertatu ziren duela 70 eta 50 milioi urte bitartean. Dinosauroak eta beste espezie asko galdu ziren, lurrean egon den berotze klimatiko garrantzitsuenetako bat izan zen, eta gauza horiek guztiak detaile handi-handiarekin daude itsaso sakonean metatu ziren sedimentuetan idatzita».

Batasunaren garrantzia

Geologia zientzien norabidea markatzen du IUGSk duela 60 urte sortu zenez geroztik. Helburua argia zen: batasuna. Izan ere, geologia zientziak mundu osoan garatu dira, baina ez modu berean. Lan horiek batu eta estandar batzuk zehaztea izan zen IUGSren egitekoa, leku guzietan norabide berean aritzeko. «Munduko leku guztietako geologoek elkar ulertzea ekarri du horrek», esan du Hilariok. «Lurra bakarra da, eta ezinbestekoa da ikerlariek elkar ulertzeko aukera izatea. Adibidez, Lurrak 4.600 milioi urte ditu, eta denbora luze hori kapitulutan sailkatu behar dugu. IUGSk zehazten du nola banatzen den denbora geologikoa. Horrela, Jurasikoa edo Paleozenoa esaten dugunean, denek dakigu zer den, noiz hasi eta bukatzen den, eta nola dagoen definituta». Beste adibide bat: mapa geologikoak batu dira estandarizazioari esker.

Oraingo bildumarekin ere osotasun bat lortzea da xedea. «Goi mailako ondare geologiko zientifikoari aitormena emateko estandarrak ezartzea espero dugu». Ondare izateak ez baitu zertan aitortza zientifikoa izan: izan daiteke estetikagatik, edo hezkuntzarako egokia delako. Haiek ikuspegi erabat zientifikotik ari dira.

Horretarako, 40 herrialdetako 250 adituk baino gehiagok eta nazioarteko hamar erakundek parte hartu dute leku horiek hautatzeko prozesuan. Osotara, geologiako alor guzietako 500 zientzialarik baino gehiagok. Mundu osoko 186 hautagairen artean aukeratu zituzten bilduman jasotakoak. Azken lan hori «oso» goi mailako 33 adituk egin zuten.

Zerrendan diren lekuetako ikerketek ekarpena egin zioten alor askori: estratigrafiari, sedimentologiari, paleontologiari, petrologiari, bolkanologiari, mineralogiari... Besteak beste, zerrendan dira Lurreko arroka zaharrenak, Almadengo merkurio meatzeak (Espainia), Australiako eta Txinako bizitza primitiboaren arrastoak, Tanzaniako hominidoen garapenaren lehen aztarnak eta zenbait leku enblematiko: Perito Moreno glaziarra, Santoriniko galdara eta Uluru, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.