Zerk lotzen ditu paisaia bat, milaka urteko fosil bat eta bertan behera utzitako harrobi bat? Ondare geologikoaren parte direla. Termino horrek mineralei, arrokei, lurzoruei, fosilei eta elementu geografikoei egiten die erreferentzia, kontserbazio eta kudeaketa egokia behar duten elementu horiei. Balio zientifiko eta kulturala duten elementuak dira, alegia. Hala ere, oraindik ez da oso ezaguna elementu horien garrantzia.
Ondare geologikoaren garrantzia gizarteari helarazteko sortu zen Geologia olerkari, miope eta despistatuentzat jardunaldia duela zortzi urte. Aurten dibulgazio jardunaldiak martxoaren 26an, 27an eta 28an izan ziren, EHUko Bizkaia aretoan. EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Hidro-Ingurumen Prozesuak (HGI) ikerketa taldeak antolatu ditu jardunaldiak. Aurtengo gaia Ondarea ondare izan da, eta ikertzaile bakoitzak bere jakintza arloan oinarriturik aztertu du ondare geologikoaren egoera.
Ondare geologikoan sakontzeko asmoz, martxoko hitzaldietan parte hartu zuen Asier Hilario Ondare Geologikoaren Nazioarteko Batzordeko presidente eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoak. Lurraren memoria: geologia-ondarearen nazioarteko aitorpena hitzaldia eman zuen, eta azpimarratu paisaia hiru dimentsiotan baino gehiago, lau dimentsiotan begiratzeko beharra: «Geologoak saiatzen gara paisaiari hiru dimentsiotan begiratzen, haren azpian dagoena ulertu nahi dugulako. Baina laugarren dimentsioa gehituko nuke: denbora». Zientzialariaren arabera, paisaietan ikusten da denbora geologikoaren eragina; «denbora sakona» deritzo horri.
Denbora sakonaren kontzeptua testuinguru historikoarekin lotu du Hilariok. Lurra orain dela 4.500 milioi urte baino gehiago sortu zen, eta Homo sapiens-a, berriz, duela 40.000 urte. «Espezie berria gara, nahiz eta askotan uste dugun planetaren jaun eta jabe garela», gehitu du Hilariok. Denbora geologikoak hori guztia ulertzen laguntzen du, eta, hala, gizakia, umiltasun handiz, bere lekuan kokatu.
Ondarea ondare
Unescoko Geoparkeen garrantzia azpimarratu nahi izan du Hilariok, munduko ondare geologikoa baitira: «Helburua da ondare geologiko hori babestea eta baloratzea. Horren atzean zera dago, ulertzea arroka batek edo fosil batek balioa dutela berez». Nahiz eta azken hamarkadetan Geoparkeek gero eta errekonozimendu eta babes handiagoa duten, bide «luzea» dago egiteko, geologoaren ustez: «Batzuetan kostatzen zaigu jendeari ulertaraztea elementu geologiko guztiek balio bat eduki dezaketela; izan ere, Lurraren funtzionamenduaren parte garrantzitsu bat kontatzen digute».
Geologiaren garrantzian sakontzeko asmoz, Euskal Kostaldeko Geoparkeak bisita gidatuak antolatzen ditu Zumaiako (Gipuzkoa) flyschak bisitatzeko; Hilariok azaldu duen bezala, kostaldeko geruza handiak duela 60 milioi urte inguru sortu ziren itsaso azpian, 1.000 metroko sakoneran.

Geografia ilustratuz
Kostaldea baino gehiago, Lurraren barrunbeak behatzen ditu Jesus Maria Esteban Energiaren Euskal Erakundean (EEE) baliabide geologikoen arloko geologoak. Meatze-ondarea: gizarte-eredu geologiko baten aztarna hitzaldian azaldu zuen meatzeak ingurunean duen eragina: «Ingurumenaren gaineko kontzientzia sortu baino lehen, ez zegoen ondorio zuzenik kalterik egiten zutenen kontra, eta meatze jarduerak sortutako kalteak hortxe zeuden, ageri-agerian».
Geologoak azaldu duenez, gaur egun meatze jarduera arautzen duten legeak «zorrotzagoak» dira; ingurunea babesteko helburua dute, eta meatze lanak utzi ondoren eman beharreko pausoak erakusten dituzte. Baina Estebanek garrantzia eman nahi izan dio geologiak eta meatzaritzak duten harreman zuzenari: «Meatzaritzan lurpetik baliabide bat ateratzeko lan egiten dute, hau da, baliabide geologiko bat aurkitzea dute helburu». Meatze lanak direla eta, hainbat elementu geologiko ikusgai daude, bestela ikusi eta aztertu ezingo zirenak.
Antzinako esperientziak kontuan hartuta, Estebanek uste du herritarrek kaltegarritzat jo dezaketela meatzaritza: «Hala ere, ohartu behar dugu gaur egungo bizimodurako lehengai jakin batzuk behar ditugula, eta meatzaritzari esker eskuratzen ditugula horiek». Era berean, azpimarratu nahi izan du meatze jarduerak egiteko azterlanak egiten direla: aurretik —ingurumen eraginari buruzkoak—, meatze jarduera egin bitartean, eta lanak amaitu ondoren —epe luzera gerta daitezkeen ondorio kaltegarriak monitorizatzeko eta horien arabera jarduteko—.
Arroken arteko harremanak, haien deformazio egiturak eta erakusten dituzten higadura formak erregistratzeko koaderno bat eramaten du soinean beti Arantza Aranburu Geologiako doktoreak. Arrokek dituzten egiturak, fosilak, mineralak eta bestelako ezaugarriak aztertzen ditu doktoreak: «Arrokak izandako bilakaera irakurtzen laguntzen digu geologiak, sortu zeneko garaitik gaur egun ikusten dugun arte». Vega Asensio EHUn Biologian doktore eta NorArte estudioaren sortzailearekin batera, Geologiaren imajinarioa hitzaldia eskaini zuen Aranburuk martxoaren 28an.
Geologiako irteera batean, Karrantzako (Bizkaia) Pozalagua haitzuloetan antolatutako txangoan bezala, zailagoa da maparik eta irudirik gabe arroken eta mineralen azalpenak ulertzea. Azalpen horiek ilustratzen ditu Asensiok: «Ikertzailea eta ilustratzailea bat gatozen irudiak zehaztea da garrantzitsuena, zer adierazi behar den erabakitzeko». Ikertzaileen informazioa jaso eta haien azalpenak erabilita, elementu geologikoak islatzen ditu ilustratzaileak: «Zientziak abstrakzio handia eskatzen du, eta komunikazioan eskura ditugun hizkuntzak baliatu behar ditugu».
Aranburuk adierazi du gizartean geologiarekiko miope eta despistatu «asko» dagoela, eta, jardunaldien bitartez, geologiaren olerkiak zabaldu nahi zituztela: «Lur planeta nola sortu zen eta planetak nola eboluzionatu duen ikertzeaz harago, eguneroko bizitzan eskura ditugun elementu guztien atzean dago geologia».