Datorren asteko estreinaldiak

Genozidioak isildu ez dituen ahotsak

Sameh Zoabiren 'Tel Aviv on Fire' da bizirik segitzen duen zinema palestinarren azken-aurreko alea

Komedia eta drama batzen ditu Tel Aviv on fire filmak. BERRIA.
Gontzal Agote.
2020ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Askotan ez bada ere, Palestinaren borrokaren berri ematen duten hainbat film ikusteko aukera izaten da tarteka. Hondar urteotan, gatazkari ertz desberdinetatik begiratu diote, eta horietako zenbaitek dezenteko oihartzuna izan dute: Steven Spielbergen Munich, Olivier Assayasen Carlos, Ziad Doueiriren L'attentat edota Saverio Costanzoren Private, bakar batzuk aipatzearren.

Horiek guztiak, ordea, kanpoko begiradak izan dira, distantziatik egoera konplikatu bati hurbiltzeko eta hurbilarazteko ahaleginak. Ezezagunagoak dira barnetik gatazkaren berri eman duten filmak, eta, horien artean, ia beti —jarrera kritikoa izan zein ez— israeldarren ikuspuntutik izan da. Horrela, Mendebaldean, Amos Gitairen filmografia ezaguna da; edota, besteak beste, Eran Riklisen Etz Limon, Samuel Maozen Foxtrot edota Eytan Foxen Yossi & Jagger. Film horietan, asmo onarekin egindakoak izanda ere, protagonista nagusien ahotsa falta izan da, palestinarrena beraiena, alegia.

Okupazioaren eta errepresioaren ondorioz, palestinarrek zail dute zinema nazionala garatzea, eta are zailago horren emaitza munduan barna zabaltzea. Zorionez, azken urteotan egoerazertxobait aldatzen ari da, eta, tantaka-tantaka, Palestinako zinemaren ale batzuk ailegatzen ari dira pantailetara, izan handiak, izan txikiak.

Traba guztien gainetik

Hau ez da zinema palestinarraren historia egiten hasteko tartea, baina, egungo pizkundearen arrazoiak bilatzean, hainbat zinemagile aipatu behar dira ezinbestean .

Batetik, Elia Suleiman. Haren Segell Ikhtifa filma Palestinan egindako zinema garaikidearen mugarria da. 1996ko film horren ostean, 2002an Yaddon Ilaheyya egin zuen Suleimanek, eta lan horrek Cannesko zinemaldiko atea ireki zion. Iazko It Must Be Heaven da orain arte egin duen azken filma.

Bestetik, Hany Abu-Assad da nabarmendu beharreko beste zuzendari palestinarra. Aurretik hainbat lan bazituen ere, 2005eko Paradise Now probokatzaileak egin zuen ezagun munduan. 2013ko Omar filmak ere harrera beroa izan zuen. Palestinan egindakoez gain, Abu-Assadek hainbat film egin ditu AEBetan, zorte handiegirik gabe. Azkenik, bi horiez landa, Annemarie Jaciren lanak ere nolabaiteko oihartzuna lortu du, bereziki Milh Hadha Al-Bahr bere lehenengo filma izan zenak.

Oraingoan, Sameh Zoabiren azken filma da Euskal Herrira ailegatu dena, zuzendariaren hirugarren lan luzea. Horretan ere ikusten ahal da zinema palestinarrak zabaltzeko dituen arazoak: batetik, 2018ko lana da, eta, bestetik, Luxenburgoko banderapean aurkezten da filma, nonbait diru kontuak hor moldatu baitira.

Komedia generokoa izanik, drama ukituak ere baditu, halakoa baita pertsonaien egunerokoa. Protagonista Salam da, Jerusalemen bizi den gazte palestinarra. Egunero, lantokira ailegatzeko, armadaren kontrol zorrotza pasatu behar izaten du. Era horretan, komandante israeldar bat ezagutuko du, eta harenganako adiskidantza baliatuko du bere lan egoera hobetzeko.

'TEL AVIV ON FIRE'
Zuzendaria. Sameh Zoabi.
Aktoreak. Kais Nashif, Lubna Azabal, Yaniv Biton, Maisa Abd Elhadi, Nadim Sawalha, Salim Dau, Yousef Joe Sweid, Amer Hlehel, Laetitia Eido.
Herrialdea. Luxenburgo.
Urtea. 2018.
Iraupena. 100 minutu.
Generoa. Komedia dramatikoa.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.