Caterina Raffone Antropologiako doktorea (Messina, Italia, 1992) leku batetik bestera ibili da ezagutza pilatzen: alor zientifikoa du interes nagusia, baina Kriminologia ikasten hasi zen Italian, Boloniako Unibertsitatean. Gradua Donostian amaitu zuen, eta bertan ezagutu zituen bere mentoreak izandakoak, Paco Etxeberria auzitegi medikua eta Lourdes Herrasti Aranzadiko kide eta indusketa lanen arduraduna. Biekin batera parte hartu du 1936ko gerran eta frankismoan fusilatutakoakdesobiratzen. Etxeberriaren aholkuari jarraituta, Italiara itzuli zen Kriminologia bukatzera, eta Biologiako graduondo bat gehitu zion bere ibilbideari. Hura ere bukatu zuenean, antropologian eta auzitegiko teknologian sakondu zuen: ikertzen zituen gorpuzkien DNAren ezaugarriak ezagutu nahi zituen Raffonek. 2018tik, Aranzadi zientzia elkarteko Antropologia sailean eta EHUko BIOMICs ikerketa taldean dago sartuta ikertzailea, eta bertan ikertzen du DNAren barrualdea.
Zergatik erabaki zenuen Kriminologia ikastea?
Bere garaian argi nuen Kriminologia ikasi nahi nuela, baina gero konturatu nintzen ez zitzaidala gustatzen: alor zientifikoa maite nuen batez ere. Donostian ikasten hasi nintzenean konturatu nintzen horretaz, Paco Etxeberria ezagutu nuenean, hain zuzen ere. Antropologiaren mundura hurbildu nintzen, eta, batez ere, auzitegiko antropologiara.
Gero antropologiatik genetikara egin zenuen salto...
Bai. Konturatu nintzen genetika antropologia baino askoz gehiago maite nuela. Bartzelonan ikasten ari nintzenean murgildu nintzen auzitegiko genetikaren munduan, eta alor horretan geratu naiz oraingoz.
Zertan datza auzitegi genetika?
Orain, Gasteizko EHUko laborategian, lanean ari gara 1936ko gerran eta frankismo garaian fusilatutakoak hobietatik ateratzeko eta identifikatzeko. Oso interesgarria da. Genetika aztertzerakoan, memoria historikoari indarra ematen diogu.
Kriminologia, antropologia eta biologia. Horietan aditua izateak ikerketa osoagoa egiten laguntzen du?
Bai. Dena konektatuta dago. Oso erabilgarria izan da antropologian aditua izatea laborategi genetikoan lan egiteko. Gorpuzkiak jasotzen ditugunean, ongi dago jakitea zer hezur mota den, adibidez.
Nola ikertzen dituzue gorpuzkiak laborategian?
Aranzadi eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua bezalako elkarte eta gobernu askorekin lan egiten dugu, eta etengabe egoten gara harremanetan. Aurkitutako hobien edukia jasotzen dugu, eta, gorpuzkiak jaso ondoren, datu basean gordeak ditugun senideen datuak begiratzen ditugu. Horri esker, gorpuzkiak senideen laginekin aldera ditzakegu.
Datu baseetan DNArekin zerikusia duen informazioa duzue gordea. Zer kontatzen du DNAk?
DNAk informazio asko du. DNAren zati jakin bat hartzen dugu, gizaki guztiak bereizten gaituena: desberdina da pertsona bakoitzean. Horrek aukera ematen digu DNAren zati horiek gorpuzkiekin eta familiakoekin alderatu ahal izateko. Behin ikusten dugunean erabiltzen dugun elementu hori bat datorrela datu baseko senide batekin, identifikazioa egin daitekeela ikusten dugu.
Alderaketa arrakastatsua denean, nola sentitzen zara?
Beti da pozgarria gorpua identifikatzea lortzen dugun unea. Norbaiti, familia bati, maite duten pertsona bat itzultzeko aukera da; horrelako ikerketarik gabe ez litzateke posible izango.
Zenbat denbora iraun dezake DNAk?
Teorian, urte luzez gorde daiteke DNA, baina oraindik ez dakigu zenbat irauten duen zehazki. Arkeogenetikako ikerketa batzuetan duela milioika urteko DNA aztertzen dute, esate baterako.
Inguruneak ere eragiten al du DNAn?
Bai. Gustatuko litzaidake sakonago ikertzea inguruneak zer eragin izan dezakeen gorpuzkien DNAn. Horrela, gorpuzkien analisia hobetu ahal izango litzateke: tenperatura, hezetasuna, lur mota..., adibidez.
Zer eragin du lurrak gorpuzkiaren kontserbazioan?
Ikusi dugu PHa azidoagoa den hobietan zailtasun handiagoa dagoela DNA lagin bat aurkitzeko, adibidez.
Zein da DNA ikertzeko zailtasun nagusia?
1936ko gerran eta frankismoan fusilatutakoei dagokienez, kontrolatu ezin diren agente klimatikoen mende egon dira hobi asko. Gorpuzkiak jasotzen ditugun moduaren arabera, prozesua asko aldatzen da. Beste muga bat denbora da. 85 urte baino gehiago igaro dira 1936ko gerratik, eta lurpetik ateratzen ditugunen seme-alabarik ez dago ia: ahaidetasuna urrunagokoa da, beraz. Hurbileko harreman mota horri eustea oso garrantzitsua da; bilobaren bat geratzen da, baina urruneko senideak dira. Finantzaketa ere arazoa da ikerketa prozesuan, eta borondate politikoa, batez ere.
Borondate politikorik ez dagoela uste duzu?
Espainiako autonomia erkidego batzuetan, desobiratzeak geldiarazi egin dituzte, eta ikerketa gelditu behar izan dute. Guk, oraingoz, ez dugu oztoporik izan, baina badakit etorkizunean agian izango ditugula.
Zure irakasleak Paco Etxeberria eta Lourdes Herrasti izan dira. Zer ikasi duzu haiekin?
Hasieratik asko irakatsi didate. Oso pertsona arruntak dira, baina ezagutza ikaragarria dute beren esparruan. Gainera, beren lanarekin maiteminduta daude, eta hori transmititzen dizute; niretzat hori da garrantzitsuena: egiten duzuna gustuko izatea. Haiek irakatsitakoa ez da ikasgelan geratzen: landa lanean ikusten da batez ere.
Praktika eta teoria uztartu behar dira, beraz?
Bai, baina lanbidearen alderdi praktikoan ikasi dut gehien. Kanpoan, landan, desobiratze lanetan.
Nolakoak ziren Etxeberriarekin eta Herrastirekin izan zenituen landa laneko eskola haiek?
Desobiratze lanak egiten genituenean, hobietan zeuden senideak etortzen ziren batzuetan. Senideen bila etortzen ziren. Beti txundigarria izaten da hobietan daudenen seme-alabak ikustea eta haiekin hitz egitea; adineko jendea da, asko sufritu duena eta luzaroan zain egon dena. Txikitako oroitzapenak dituzte, eta kontatu egiten dizkizute. Ez da gauza bera kontakizun horiek norbaitek lehen pertsonan kontatzea edo iloba edo biloba batek kontatzea. Identifikazio guztiak inportanteak dira, baina seme-alabenak beti dira garrantzitsuenak.
Senideek laborategian ikertzen dituzun laginen testuingurua kontatzen dizute, beraz?
Noski. Ez da DNA kode bat duen lagin bat bakarrik; aurpegi bat eta istorio bat duen lagin bat da. Ez da testuingururik gabeko lagin bat, nondik datorren eta nola iritsi den ez dakizuna. Beren historia kontatzen dute senideek.