UDAKO SERIEA. 'Drag'-aren hegalen atzean (IV)

Generoa jantzi eta erantziz

'Queer' mugimenduaren loraldiak 'drag'-aren kontzientzia politikoa berpiztu zuen. Euskal Herrian ere izan zuen oihartzuna, eta 'drag'-aren zimenduak sendotu zituen, estilo berezi eta bakarra eratzeraino.

(ID_17194852018055) Paul B. Preciado teorialari eta filosofo transfeminista. MARIE ROUGE
Paul B. Preciado teorialari eta filosofo transfeminista. MARIE ROUGE
inaki rubio
2024ko uztailaren 5a
05:00
Entzun

Irakurri hemen serieko artikulu guztiak

 

1980ko hamarkadarekin batera, neoliberalismoaren errotzeak eta orotariko krisien gurpil zoroak ezinegona eragin zuen Mendebaldeko gizartearen sektorerik xumeenetan. Disidente sexualak ez ziren salbuespena izan; hiesak eragindako izurritea gutxi ez, eta feminismoa hetero arauan zentratu izanak eta kapitalismoak gay kultura bereganatu izanak krisi sakona eragin zuten komunitatean, eta horrek ezinbestean sexu-genero sistemaren bazterreko identitateen haserrea eragin zuen. Erantzun gisa, queer mugimendua jaio zen, eta 1990eko hamarkada betean iritsi zen Euskal Herrira, Yogurinha Borova trabestiak esan duenez: «Mugimendu horren helburu nagusia zen —eta da— sexu-genero sistema binarioa abolitzea, diskurtso normatibo oro borrokatuta eta indargabetuta».

«Betidanik esan izan dizkiguten irainak gure egin genituen, politika subertsiboa eginez; jada ez ginen homosexualak, maritxuak baizik».

YOGURINHA BOROVATrabestia

Izan ere, mugimenduaren helburua zen sektore homosexual baten asimilazio kapitalista gaitzestea, baita «zistema» iraultzea ere. «Betidanik esan izan dizkiguten irainak gure egin genituen, politika subertsiboa eginez; jada ez ginen homosexualak, maritxuak baizik». Historian lehenengoz, pertsona trans, maritxu, bollera eta trabesti guztiak batu ziren LGTBI sigletan, eta, hala, alde batera utzi zuten kolektiboaren barrenean homosexualek zuten hegemonia.

Korronte teoriko antisistema horrek, halaber, trabestismoaren kontzientzia politikoa berpiztu zuen, eta esanahi politikoago bat eman zioten drag-ari, esaterako. Hainbat izan ziren generoaren inguruan eztabaidatu zuten filosofoak eta teorialariak, Judith Butler estatubatuarra eta Paul B. Preciado gaztelarra kasurako. Butlerren iritziz, generoa performance bat da, hau da, historian genero tradizional bati adjudikatutako estereotipoek sortu duten antzezpen ez-naturala. Hortaz, haren aburuz, drag-aren barruko errealitateek performancea darabilte genero binario heterosexualak zalantzan jartzeko. Hala, sexua eta generoa desnaturalizatu egiten dituzte, mozorroa kendurik berau erantziz. Horretarako, parodia eta umorea darabiltzate oholtza gainean, genero binarista asmakizun bat baino ez dela adierazteko.

Hala, Preciadok dioenez, drag-arekin lotutako ekintzek ikusgaitasunerako espazio propioa ematen diote maritxuen, bolleren eta transen kulturari. Filosofoak deritzo, halaber, drag-a «politika performatiboa» dela, eta politika tradizionalaren alternatiba gisa aurkezten du diziplina hori, subjektibitate berriak sortze aldera.

«Euskal trabestismoa androginoa izan da beti, oso 'camp'-a eta 'kistch'-a, eta horrek egiten gaitu berezi».

DONATELLA MANI'Drag' erregina

Teoria horiek eta Ameriketako Estatu Batuen hegemoniak eragin nabaria izan zuten garaiko LGTBI komunitatean, baita drag-a ulertzeko eran ere; transformismoa transformatu egin zen orduan. Kalkoak parodiari eman zion bidea, eta artista folklorikoek, orduko pop abeslari eszentrikoei. Belaunaldi berrien erreferenteak aldatu ziren, baita publikoaren gustuak ere; globalizazioak bultzatuta, AEBetako eragin kulturalak ikuskizun mota berriak sortu zituen. Jada artista horien alter ego-a ez zen mugatzen momentuko izarra imitatzera; fikziozkoa bilakatu zen, norberaren fantasietatik sorturikoa: egungo drag fenomenoa guztiz eratu zen.

Transformismoaren oasia

Fenomeno berri hori Euskal Herrira ere iritsi zen, noski. Testuinguru horretan ondu zuten diziplina, esaterako, Asier Bilbaok, Yogurinha Borovak eta Felliniek; Donatella Maniren aburuz, Euskal Herriko drag eszena oasi bat bilakatzeraino. Manik uste du drag-a egiteko «patroi propioak» sortu dituela euskal komunitateak, diziplinari atxikitako edertasun kanonak errefusatuta. «Euskal trabestismoa androginoa izan da beti, oso camp-a eta kistch-a, eta horrek egiten gaitu berezi».

Areago, edertasun perfektua bilatzeaz nazkaturik dago Donatella, Euskal Herrian ez bezala, beste leku batzuetan gertatu ohi den eran. «Hiri handietan egiten den drag-a onena den ustea oso hedaturik dago komunitatean, baina nik, dudarik gabe, nahiago dut Euskal Herrikoa». Izan ere, drag erregina hark Madrilen [Espainia] ere egin izan zuen lan, eta oholtza gainera igotzeko maiz exijitzen zizkioten baldintzen oso aurka dago: «Besoak depilatzeko esan zidaten behin, feminitatea desitxuratuko nuela bestela». Horregatik, euskal eszena babestu eta sustatu egin behar dela dio, «bakarra eta askeena» delako.

Albina Stardust, ikusi ezean ezin sinetsi

(ID_17188802500975) Albina Stardust
Albina Stardust, frontoi bateko bi pareten artean. BERRIA

Haur bat besterik ez zelarik, Eneko Garciaren (Burlata, Nafarroa, 1997) ametsa zen pop izar bat bihurtzea. 6 urterekin jada amaren eta ahizparen takoiak eta soinekoak janzten zituen, pop erreginen koreografiak imitatzeko. «Show hutsa», haren hitzetan. Bullyinga pairatu zuen txikitan, baina, Gasteizera joan zenean ikastera, bere pasioa askatu ahal izan zuen: Albina Stardust erregina jaio zen.

Ezin hobe doakio erregina hitza, agertokira igo orduko liluratzen baititu ikusleak. Gerriraino heltzen zaion ileorde ilehori zetadunak are gehiago dirdirarazten du; edozein gatibatu lezake. Lentejuela zuri, gorri eta berdeek ikurrin bat marrazten dute soinean daraman body dirdaitsuan, eta oinetan daramatzan abarketatik irteten diren takoi punta zorrotzek argi eta garbi uzten dute nork duen agintea. Haren estetikak, mugimenduak eta ziurtasunak Lady Gaga agerrarazten dute oholtzan. «Nire erreferente nagusienetakoa da abeslari hori».

«Ez-binarioa nintzela jakin nuen 'drag'-ari esker».

ALBINA STARDUST'Drag' erregina

Ordea, Albina eta Eneko izaki berbera dira; biak dira bat. Pixkanaka landu du bi izaerak bateratzea, bakoitzak ematen dizkion abantailak probestuz: «Lehen dragqueen gisa jantzita soilik sentitzen nintzen ahaldundurik; orain, Enekok ere ateratzen du Albinak eman didan ahalmena». Dena den, gaineratu du Albina Stardust pertsonaia ez duela inoiz sortu, beti izan baita Enekoren «segida zuzena». Beraz, Enekok asko erakutsi dio Albinari, eta alderantziz.

«Ez-binarioa nintzela jakin nuen drag-ari esker». Izan ere, gaztetan, trans zelakoan, hainbat buruhauste izan zituen, baina, drag-ari esker, alde femenino hori landu ahal izan zuen, bere burua ederki ezagutzeraino. Halaber, drag-a identitate politiko bat dela ere nabarmendu du artistak; «maritxua izatearen» gisakoa da, queer-a. «Artea eta ikuskizuna politikaren mendeko dira; kalera ateratzearekin soilik ari zara zerbait aldatzen», esan du Stardustek. «Jendeak begiratzen zaitu, galderak egiten dizkizu... debateak sortzen dituzu zure presentzia hutsarekin; gizartea harrotzen duzu». Jabetzeko, ikusi egin behar izaten baita sarritan.

Maruxak, 'Travesti DJ Show'

(ID_13133216) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2023-08-30, Mendillorri. Maruxak dj taldeak Mendillorriko txupinazoa botako du
Maruxak, Iruñeko Mendillorri auzoko festetan. IÑIGO URIZ / FOKU

Esteban Ardanaz (Iruñea, 1996) eta Joseba de Miguel (Iruñea, 1989) lagun minak dira, eta izugarri gogoko dute txutxu-mutxuan aritzea. Iruñeko Mendillorri auzoko bankuetan eserita pasatu dute ordu andana, aurretik igaro den txandako bizilagunari gertatu zaion azken zertzeladaz hizketan. «Maruxa batzuk gara». Izan ere, txonismo-ak beren izaera markatu du, baina ez klasikoa den poligonero estiloak, kuxkuxeroak baizik.

Gainera, bakoitzak bere pertsonaia du taldearen barruan. Joseba de Miguelek Rita Laperrita du izena eta, Ardanazek, Diana Lamarrana, nahiz eta Maruxak izenarekin identifikatu gehiago. «Parranda batean otu zitzaizkigun izenak, hori baita gure giroa». Hain zuzen ere, DJ gisa hasi ziren duela bost bat urte, eta drag-a erantsi zioten ondoren ikuskizunari, betidanik egin nahi izan baitzuten. Pertsonalki asetzea da bikotearentzat arte hori. Askatasuna, ikerketa, sormena, moda... «Adar askoko zuhaitz bat da, diziplina asko biltzen dituena».

«Norbaitek begian kolpe bat hartzen badu, izorra dadila!».

MARUXAKTrabestiak

«Helburu nagusietako bat izan da drag-a espazio guztietara eramatea». Izan ere, itxia izan daiteke sarritan sektorea, betiko lokaletara mugatzen baita, eta hetero araua nagusi den tokietan aritzeko hautua egin dute trabestiek, beste espazioetan ere badirela nor aldarrikatzeko. Beren karakterizazioak gauza anitz adierazi ditzake begi kolpe batez: arropa estuak daramatzate, gorputzen kurba arriskutsuak iradokiz, eta zenbait zentimetrotako takoiek liraintzen dute beren itxura. Drag artistek erabili ohi duten neurriz gorako makillaje koloretsua daramate, ileordearen ileekin aurpegian nahastuz. Txoni puska batzuk, finean.

Tarimara igotzean, ordea, ustekabeko musika entzuten da. Trikitiak eta panderoak musikaturiko arin-arin elektroniko bat da. «Jendea erotu egiten da abestia jartzen dugunean!». Hain justu ere, euskal folklorea da beren proiektuaren ardatza. Euskal dantzen sexismoa oinarritzat harturik, Folklore Travesti egitasmoa sortu zuten, hain antagonikoak diruditen euskal dantza eta drag-a uztartuz: «Performancearen bitartez, Euskal Herriko hainbat txokotako dantza eta jantziak ikusarazi ditugu, herri dantzak hain markaturik dituen genero rolak kolokan jarriz; norbaitek begian kolpe bat hartzen badu, izorra dadila!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.