Nerea Osinalde.
EHUko Biokimika saileko irakaslea

Gene saltariak eta zahartzea

2024ko urtarrilaren 12a
05:00
Entzun

Barbara McClintock zientzialari estatubatuarrak geneen ikuspegia eraldatu zuen 1940ko hamarkadan. McClintock zientzialariak, artoaren genoma aztertuz, kromosomak ez direla informazio-kate zurrunak ondorioztatu zuen, hein handi batean, batetik bestera salto egiten duten DNA zatiak baitituzte.

Artoaren kasuan, DNA zatiki horiek genomaren %60 osatzen dute; eta gizakion genomaren kasuan, adibidez, %40 inguru osatzen  dute. Oso ugariak izan arren, horien inguruko ezjakintasuna tarteko, urte luzez DNA zabor kontsideratu izan dira. Baina gene saltari edo transposoi izenez ezagutzen diren elementu horien garrantziaz jabetuta, bere garaian egindako aurkikuntza gakoari esker, 1983an Barbara McClintockek Medikuntzako Nobel saria eskuratu zuen azkenean.

Gene saltariak genomaren parte batetik beste edonora mugi daitezkeen DNA zatikiak dira, hain zuzen ere. Gene saltarien kokaleku berria ausazkoa izaten da beti, eta, ondorioz, lekualdaketaren ondorioak oso bestelakoak izan daitezke geneak mugitzen diren lekuaren arabera. Esate baterako, gene saltaria proteina bat kodetzen duen gene baten barruan txertatzen bada, litekeena da gene hori inaktibatzea edo ekoitzitako proteina akastuna izatea. Horren ondorioz, maiz, gene saltariek ondorio kaltegarriak eragiten dituzte organismoan. Hori dela eta, transposoiak gehiegi mugitzen direnean, genoma desegonkortu eta horrek zelulen zahartzea eragin dezakeela uste izan da urteetan zehar. Hori babestu dute zientzialari eta ikerlari askok, behintzat.

Hala ere, badira zahartzen ez diren zelula batzuk: minbiziaren zelula amak dira zahartzen ez diren zelula horietako batzuk, adibidez. Eta organismo batzuek ere hori egiteko gaitasun bera dute. Esaterako, Turritopsis dohrnii, marmoka hilezkorra izenarekin ezaguna, gai da heldutasunera iristen denean berriro sexu-adin heldugabera aldatzeko.

Zizareetan barna

Gene saltariak kontrolatzeko bidean, duela hamarkada bat inguru, zahartzeari izkin egiten dioten bizidunetan Piwi-piRNA bidezidorra aurkitu zuten zientzialariek eta ikerlariek, gene saltariak kontrolpean mantentzeaz arduratzen dena, batez ere. Eta, duela oso gutxi, Hungariako zientzialari talde batek laborategiko zizareetan Piwi-piRNA bidezidorra aktibatuz edota gene saltariak inhibituz, zizareen zahartzea erruz atzeratzea lortu dute.

Gero eta zaharragoa den gure gizarte honetan, kalitatezko zahartzea bermatze aldera, askoren apustua zahartze prozesua bera moteltzea da. Horretarako, zahartzean eragina daukaten ingurugiro faktoreak ezagutzeaz gain, argi dago ezinbestekoa izango dela prozesu biologikoak ondo ezagutzea eta ikertzea, azken hauetan aurkituko baitugu betiko gaztetasunaren iturria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.