Polemika eragin zuen, eragin du eta eragingo du. Woody Allen eztabaidagai den bakoitzean, haren aldeko zein kontrako jarrerak muturreko bilakatzen dira. Ez da gutxiagorako; izan ere, New Yorkeko zinemagile ezagunak ia 30 urte eman ditu sexu gehiegikerien zurrunbiloaren erdian.
1992an, 7 urteko Dylan Farrow alabak Mia Farrow amari kontatu zion Woody Allenek ukituak egin zizkiola, eta aitortza horrek bultzatu zuen Allenen aurkako auzibidea. Hollywoodeko eskandalurik ezagunenetako bat bilakatu zen berehala, eta milaka lerro idatzi ziren haren inguruan, baina bide laburra egin zuen epaitegietan. Alleni sexu delitua leporatzeko frogak esku artean eduki arren, Frank Maco Estatu abokatuak auzia bertan behera uztea erabaki zuen, epaitegian testigantza emateak Dylan haurrari areagotuko liokeen trauma saihestu nahian.
Azken urtean, eskandalua aktualitatera itzuli da, bi nobedaderen ondorioz: Woody Allenen Apropos of Nothing liburu autobiografikoa batetik, eta Allen v. Farrow dokusaila bestetik. Nolabait, bata bestearen osagarri dira, Allenek uko egin baitio telebista lan horretarako adierazpenak emateari. Horrenbestez, zinemagilearen ahotsa autobiografiako audio liburutik ekarri dute lau ataleko dokusail horretarako.
Telesaila Kirby Dick eta Amy Ziering emakumeek zuzendu dute, eta AEBetako erakundeetan izan diren sexu abusuen inguruko trilogia bat da haien aurreko lan nagusia. Kasu honetan ere, inurri lana egin dute, eta orain arte argitaratu gabeko informazioa bildu: besteak beste, Allen eta Farrowren arteko garai hartako telefono elkarrizketa pribatuak, sendiaren gertuko lagunen azalpenak eta sexu abusuen ikerketan aztergai izandako txosten psikologikoak.
Allenen adierazpen iheskorren aldean, zuzena da Farrowren eta haren seme-alaben kontaketa; kosta egiten da artifizialki sorturikoa dela pentsatzea. Batez ere, egun 35 urte dituen Dylan alaba entzuterakoan. Gordin azaldu du aitaren gehiegikeriek zeinen arrasto sakona utzi duten bere bizitza pertsonalean.
«Nekatuta nago nire hitzak inork ez sinesteaz; nekatuta nago berak ni baino gehiago inporta duela entzuteaz», dio Dylanek dokusailaren azken txanpan. Aurrez, dokusaileko zuzendariek zorrotz erakutsi dute zenbatekoa izan zen Woody Allenen boterea 1990eko hamarkadako New Yorken, eta zein modutan baliatu zuen alor mediatiko eta judizialean presio egiteko. Haren ahalmenaren isla dira urte guztiotan zehar Farrow sendiaren aurka zabalduriko albiste sentsazionalistak eta Hollywoodek egin dizkion laudorioak.
Baina 2017an aldaketa heldu zen AEBetako zinema industriara Me Too mugimenduarekin, eta haren eskutik jaso zuen Dylan Farrowk luzaroan desiraturiko babesa. Besteak beste, Kate Winslet, Natalie Portman, Greta Gerwig eta Selena Gomez aktoreek eman zioten bizkarra Woody Alleni. Hain justu, Ronan Farrow Allenen seme biologiko bakarra da Harvey Weinsteinen gehiegikeriak argitara eman zituen kazetarietako bat.
Egun Soon-Yi alaba adoptatuarekin ezkonduta dago Woody Allen. Haren bizitzaren ispilu da erromantzez jositako haren filmografia. Azken urteetan, ordea, ispilua eskuetatik jausi eta mila zatitan hautsi zaio. Film berriak egiteko Hollywooden finantzaketarik gabe, Europan bilatu du babesa. Oraingoz, Donostia izan du aterpe bakarra.
'ALLEN V. FARROW'
Sortzaileak: Kirby Dick, Amy Ziering.
Aktoreak: Mia Farrow, Dylan Farrow, Ronan Farrow, Carly Simon, Frank Maco.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2021.
Non ikusi: HBO.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: dokumentala.
Telesailak
Gehiegikeriaren itzal luzea
Woody Allenek 7 urteko alaba Dylan Farrowri ustez egindako sexu abusuen auzia berrikusi du HBOk, orain arte argitaratu gabeko lekukotzak eta informazioa bilduta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu