Iñaki Juaristi. 'Elite' telesailaren ekoizlea

«Gehiago interesatzen zait proiektu baten bidaia, azken helmuga baino»

Netflix plataformaren 'Elite' telesailak arrakasta handia izan du urrian estreinatu zenetik. Juaristik iragarri du bigarren denboraldiak estilo bera izango duela, baina, hala ere, ikusleak «asko harrituko» dituela.

BERRIA.
urtzi urkizu
2018ko abenduaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lara Izagirreren Un Otoño sin Berlin filma ekoitzi zuen Iñaki Juaristik (Bilbo, 1983). Zeta Audiovisual ekoizpen etxean ari da orain lanean, Madrilen. Madagaskartik erantzun die galderei.

Nola sortu zen Elite telesailaren proiektua?

Carlos Monterok eta Dario Madronak proiektua aurkeztu zuten Zeta Audiovisual ekoizpen etxean, eta, gero, Paco Ramosek Netflixi egin zion proposamena. Hurrengo pausoak oso bizkor joan ziren, Netflixen une horretan ez zegoelako tankerako telesailik, aktore gazteekin.

Nola joan ziren harremanak Netflixekin?

Esango nuke Netflixekin lan egitea erraza dela, talentuan erabat sinesten dutelako, eta proposamenen aldeko apustua egiten dutelako muturra sartu gabe. Sentsazioa ez da bezero bati zerbitzu bat ematea, baizik eta bazkide batekin eskuz esku aritzea. Merkatua ondo ezagutzen dute, eta, akaso, proiektuarentzat egokiak izan daitezkeen aholku batzuk eman ditzakete, baina sortzaileengan konfiantza jartzen dute. Guk, gure aldetik, saiakera guztiak egin genituen alor teknikoko profesional onenekin aritzeko.

Elite-k sekulako oihartzuna izan du herrialde batzuetan, ezta?

Bai, badakigu Brasilen eta Frantzian oihartzuna oso indartsua izan dela, baina, batez ere, sare sozialetan asko hitz egin delako telesailaz. Harrituta gaude aktore protagonistek sare sozialetan izan duten boom-arekin. Frantziako hainbat hedabidek, bestalde, dezente hitz egin dute telesailaz. Familia magrebtarraren gaiak sakon ukitu du publikoa.

Hiru hilabeteotan Netflixen maratoi moduan gehien ikusi direnen artean dago telesaila. Seinale ona da hori, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Hedabide batzuek drogatzat jo dute telesaila: atal bat bukatzen da, eta desiratzen zaude hurrengoa ikusteko. Oso pozik gaude kontsumo horretan sartu izanagatik. Jende askok galdetzen digu bigarren denboraldiaz, istorioak nola jarraituko duen jakin-minez.

Nolakoa izango da bigarren denboraldia? Aurrenekoaren estiloa izango du?

Estilo aldetik ez dugu aldaketa nabarmenik egingo, ondo funtzionatu baitu aurrenekoan. Istorioari dagokionez, ziur nago ikusleak harritu egingo dituela. Ilusio handia daukat esku artean ditugun gidoiekin.

Nola daramate aktore gazteek gauetik goizera nazioartean ospetsuak izatea?

Ondo daramate, eta harrituta nago horrekin. Nik ez nuke jakingo nola kudeatu sare sozialetan haiekin gertatzen ari dena. Zorionez, beren ingurua alde dute, eta oinak lurrean dituzte. Netflixek ere sustapen kontuak oso ondo zaintzen ditu: prestaketa lanak egin zituen aktoreekin.

Sare sozialetan egon dira Elite-ren kritika txarrak ere. Zenbaitek aipatu dute duen kalitatea baino balio handiagoa eman zaiola telesailari.

Egon daitekeen okerrena da telesail bat egitea eta inork ez ikustea. Handik aurrera, dena erlatiboa izan daiteke. Kritiken artean, ikusle batzuek izan ditzaketen aurreikuspenak handiegiak izan daitezke, agian, eta gomendioak egiten direnean ere denetarik egoten da. Edonola ere, esango nuke sare sozialetan gorroto gehiegi dagoela; Elite-k oso indartsu jo du, eta ez gara kritika txar zehatz batzuekin geldituko.

Zuri zeuri zertan aldatu dizu bizitza telesailak?

Bada, gaur orduak falta zaizkio nire egunari, behar den guztira iritsi ahal izateko. Bi urtez gelditu gabe ibili naiz.

Nolakoa izango litzateke zure proiektu pertsonal kutun bat?

Proiektu bakoitza mundu bat da, bere faseekin. Ni oraintxe bertan harreman pertsonalekin geldituko nintzateke, proiektuetan lan egin dudan zuzendariekin eta lantaldeekin izan dudan harremanekin. Gehiago interesatzen zait proiektu baten bidaia, azkeneko helmuga baino. Etor daitekeenari erabat zabalik nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.