Artzaintza ez da, ziur aski, Ikerketa, Garapena eta Berrikuntzarekin (I+G+B) lotzen den jarduera edo sektore bat; baina artzaintzak ere badu beste jarduera teknologikoagoei lotu ohi zaien hobekuntzarako oinarria. Artzaintzaren irudi bukolikoak ezkutuan utzi ohi du artzainen lana; baita ardiak eta artaldeak hobetzeko ikerketa ere. Urteak dira, ordea, Euskal Herriko artaldeetan ebaluazio, hautaketa eta hobekuntza genetikoa aplikatzen dela.
Orain urrats bat gehiago egin dute: ardien DNAren azterketa txertatu dute hobekuntza genetiko horretan. Ardi izeneko proiektua baliatu dute horretarako, Europako Batasunaren diruz lagundua.
Latx, manex eta euskal-biarnes ardi hobeak nahi dituzte: esne gehiago emango dutenak, sendoagoak, klimaren gorabeherei hobeto aurre egingo diotenak, errapeetan arazorik izango ez dutenak... Ardi hobeak eta artzainentzat errentagarriagoak, artaldeei eta haien bizimoduari eutsi ahal izan diezaieten.
«Gizarteak gauza asko eskatzen ditu». Eskaera horietako batzuk zerrendatu ditu Eva Ugartek, Neiker zentro teknologikoko genetikari eta ikertzaileak, eta Ardi proiektuaren arduradunak: «Paisaia ederrak edukitzea, mendiak garbi egotea, landa eremuetan jendea bizitzea eta jarduera ekonomikoa egotea...».
Baldintza horiek guztiak Euskal Herriko latx, manex eta euskal-biarnes arrazekin, haien iraupenarekin eta kudeaketarekin lotu ditu: «Horretarako ezinbestekoak dira arraza horien ekoizpen sistemak. Badaude askoz ere esne gehiago ematen duten ardi arrazak, baina ukuiluan egoten dira; ardi latxek-eta hiru edo bost hilabete egiten dituzte mendiko larreetan. Onak dira gizartearentzat, baina artzainaren bizibide izan behar dute. Ezin diegu artzainei hori guztia eskatu, artzainak ezin badira artzaintzatik bizi».
Neikerrek eta Euskal Herriko beste hainbat erakundek berrikuntzaren bidez hobetu nahi dituzte ardiak eta artzainen bizimodua. Ardi proiektuan bat egin dute INRAk (Frantziako Nekazaritza Ikerketako Institutu Nazionala), Idelek (Frantziako Abeltzaintza Institutua), CDEOk (Pirinio Atlantikoetako Ardiak Hazteko Zentroa), Aslanak (Nafarroako Latx Arrazako Hazleen Elkartea) eta Ardiekin zentroak (ardi latxen eta Karrantzako ardien hautaketa eta intseminazio artifizialerako). Neiker arduratu da proiektua gidatzeaz eta koordinatzeaz.
Artzainen elkarteetako teknikariak hilean behin joaten dira Neiker zentro teknologikoaren hobekuntza genetikorako programan parte hartzen duten artzainen artaldeetara. 180 artalde, 70.000 arditik gora. Neurtu egiten dute ardi bakoitzak zenbat esne ematen duen. Ez hori bakarrik. Ardi bakoitzaren historia osatzen dute: zer baldintzatan eman duen, adina, umeak egin dituen edo ez, zenbat arkume, noiz... «Horrez gain», osatu du Ugartek, «ardi horien genealogia osatzen dugu». Ardi bakoitzaren senideak zein eta nolakoak diren.
Bioinformatika
Milaka datu horiek guztiak bildu, kalkulu matematikoekin eta bioinformatikarekin landu, eta Neikerrek artzainei esaten die zeintzuk diren artaldeko ardirik onenak, eta zeintzuk diren ahari onenak, horiek erabil ditzaten hurrengo ardien belaunaldiak sortzeko.
Neikerren gomendioen fidagarritasuna %50 ingurukoa zen aharien aita eta ama bakarrik ezagutzen zituzten kasuetan; orain, berriz, %70-80 ingurukoa. Nola? Aurreko datuei eta kalkuluei ardien DNAren azterketa gehituta.
Esne gehiago emango duten ardi latx, manex eta euskal-biarnes ardiak nahi dituzte, baina ez daude identifikatuta zeintzuk diren ardien esne ekoizpenean eragiten duten geneak. «Agian badakigu gene bat oso garrantzitsua dela, baina beste mila gene egon daitezke inplikatuta, eta ez ditugu ezagutzen», Ugarteren arabera.
Gene zehatzak ezagutzen ez dituztenez, ardien DNAn ausazko azterketak egiten dituzte. Ardien DNAko 50.000 markatzaile aztertzen dituzte, ausaz hautatuak. «Mila markatzaile izango balira, oso gutxi lirateke; baina 50.000 dezente dira, zerbait baldin badago, ikusteko», azaldu du Ugartek. Markatzaile horietako bakoitzak, berez, garrantzi txikia du, baina guztiak batuta, informazio baliagarria eskaintzen diete.
Ardi bakoitzaren DNAko 50.000 markatzaileek emandako informazioa esne ekoizpenari eta genealogiari buruzkoekin konbinatzen dute. Esne asko ematen duten ardien 50.000 markatzaile horietan ezaugarri jakin batzuk errepikatzen badira, informazio genetiko hori esne ekoizpen handiari lotzen diote. «Informazio guztia batu egiten dugu», argitu du Ugartek. «Orain azkarrago esan dezakegu ardi bat onena edo egokiena dela ardia esnea ematen hasi aurretik, eta gure iragarpenak zehatzagoak eta fidagarriagoak dira».
Artzainentzat oso garrantzitsua da ardiek ematen duten esne kopurua. Baina Ugartek nabarmendu du gero eta garrantzitsuagoak bihurtzen ari direla hobekuntza genetikoko programaren bidez ikertu eta hobetu daitezkeen beste ezaugarri batzuk: alde batetik, esnearen gantz eta proteina proportzioa, gazta egiteko garrantzitsua; bestetik, ardien errapeen morfologia, hau da, ea errapeek forma egokia duten esnea emateko, arkumeek edateko eta makinak jezteko. Hobekuntza genetikoaren bidez esan dezakete ea etorkizunean zer ardik izango dituen errape onak.
Klima aldaketari egokituak
Klima aldaketari eta klimaren gorabeherei hobeto egokitzen zaizkien ardiak ere bilatu nahi dituzte. Aldaketak aldaketa, esne ekoizpenari eutsiko dioten ardiak. «Muturreko fenomenoak gero eta ohikoagoak dira, eta eragin handia dute ardien esne ekoizpenean», zehaztu du Ugartek. Ardien genetika, klima eta esne ekoizpena uztartu dituzte: artalde bakoitza dagokion Euskalmeteko estazio meteorologikoarekin lotu, eta eguraldiaren eguneroko datuak ardi bakoitzaren esne ekoizpenarekin konbinatu. Emaitza: «Gai izan gara ikusteko genetikoki animalia batzuk besteak baino hobeto moldatzen direla».
Lehen ere ohikoa zen Iparraldeko eta Hegoaldeko ikertzaileen eta artzainen arteko elkarlana. Ezagutza eta esperientziak trukatzea. Harremanak eta lankidetza estutu ditu Ardi proiektuak. Iparraldean Hegoaldean baino hogei bat urte lehenago hasi ziren ardien hobekuntza genetikoko programak ezartzen. 120.000 ardik parte hartzen dute programa horietan.
«Egoera bera da, ardien ezaugarri berak lantzen ditugu eta konfiantza handia dugu elkarrekin», nabarmendu du Ugartek. Ezaugarri berak landu bai, neurtu eta aztertu ere bai, baina irizpide ezberdinekin. Irizpideak eta tresnak bateratu egin dituzte, datuak alderatu ahal izateko.
Ikerketa ildo berriak ere zabaldu dituzte: gaixotasunen kontrako erresistentzia hobea duten eta sendoagoak diren ardiak bilatzea. «Artzainak ez du bakarrik bilatzen esne asko ematen duena», Ugarteren arabera. «Ardi sendo bat behar du». Baina zer da ardi sendo bat? Esne litroak erraz neurtzen dira; nola neurtu, ordea, sendotasuna? Iparraldeko eta Hegoaldeko artzainak eta ikertzaileak elkarrekin lantzen hasi dira.
Proiektuaren barruan erakunde berri bat ere sortu dute: Artaldean. Hobekuntza genetikorako programak bateratzea izango du helburu. Ez da erraza izango, Frantziako eta Espainiako administrazioen mugak eta oztopoak gainditu beharko baitituzte. «Guk nahi dugu, ardia bera da [latxaz eta manexaz ari da], baina gero ezin da», dio, etsipenez, Ugartek.
Ardi latx eta manex ardiak arraza ezberdintzat hartzen dituzte batzuek; arraza bera direla diote besteek. «Denbora askoan elkarrengandik banatuta egon direnez, badaude ezberdintasun morfologiko txiki batzuk, baina guretzat berdinak dira», argitu du Ugartek. «Guk erabiltzen dugu manex ardien hazia gure ardi latxen artaldeetan. Guretzat berdinak dira».
Ardi proiektua bukatzear dago, baina elkarlanak jarraituko du.
Geeenetika, ardiak hobeeetzeko
Ardien DNAren azterketa txertatu dute hobekuntza genetikoko programetan. Ardi eta ahari onenak azkarrago eta hobeto identifikatu ditzakete, eta artzainek jakin dezakete zeintzuk diren guraso egokienak ardi belaunaldi berriak sortzeko. Neikerrek gidatu du mugaz gaindiko proiektua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu