ATZEKOZ AURRERA. Eriz Zapirain. Dokumental zuzendaria

«Gazteentzat, historiaurrea izango da lan honen garaia»

'Euskaldunon Egunkaria'-ren sorrerari buruzko 'Gaur irekiko ditu ateak' dokumentala Docs Barcelona jaialdian estreinatuko dute, bihar. Ekainean, Euskal Herrian proiektatuko dute.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Andoain
2016ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Durangoko Azokan proiekzio bat egin bazuten ere, Gaur irekiko ditu ateak ofizialki Bartzelonan aurkeztuko du Eriz Zapirainek (Donostia, 1974). Estreinaldi eguna iristeko «sekulako gogoarekin» dago. «Ilusio handia dut; ea jendeak zer esaten duen».

Euskaldunon Egunkaria-k lehen zenbakia argitaratu zuenean, 16 urte zenituen. Oroitzen al zara zerbaitekin?

Egun horretaz eta hasieraz ez naiz akordatzen. Baina, 1992an, unibertsitate ikasketak hasi nituen, Iruñean, eta ikusten genituen Egunkaria-ko kazetariak. Ana Unanuerekin akordatzen naiz, bizikletarekin batera eta bestera ibiltzen zela. Dokumentalean, Alberto Barandiaranek kontatzen du nola ibiltzen ziren bizikletarekin, Roncalesan argazkiak bidaltzeko, eta Donostiatik Lasarte-Oriako erredakziora iristen ziren argazki haiek.

2000. urtean, Argia-rako artikulu bat idatzi zenuen Martin Ugalde parkearen sorreraz. Imajinatzen al zenuen Egunkaria-ren sorreraz dokumental bat egingo zenuela?

Inondik inora ez. 2000. urterako banenbilen dokumentalen munduan sartu nahian, eta handik gutxira egin nuen Salda badago lana.

Gaur irekiko ditu ateak lanarekin jendea asko harrituko al da 1990ean egunkari bat nolakoa zen ikusita?

Proiektua proposatu zidatenean,esan zidaten egungo 20 urteko gazte bati interesatuko zaion produktu bat nahi zutela. Elkarrizketak egiten nituen bitartean jabetu nintzen gazteei zer arrotza egingo zaien ikustea egunkari bat orduan nolakoa zen. Gazteei erakutsiko diegu garai hartan ez zegoela Internetik, ez argazki digitalik... Nahiz eta 25 urte bakarrik pasatu diren, gazteentzat historiaurrea izango da lan honen garaia. Bestetik, Egunkaria sortzeko zegoen ilusioa transmititzen ere saiatu gara.

Jose Ramon Beloki agertzen da dokumentalean. Egunkaria sortu zen egun berean, Eusko Jaurlaritzak atera zuen zenbaki bakarrekobere egunkariaz mintzo da.

Dokumentala egin ahala, ikusi nuen zer gutxi konturatu ziren batzuk zer garrantzitsua zen Euskaldunon Egunkaria. Alde batek bere proiektua egin nahi izan zuen. Lagun batek esan dit meritua baduela Belokik dokumentalean parte hartu izanak, eta antzematen zaiola damutze moduko bat. Ez dakit hala den, baina haren lekukotza hor dago.

Umorerako tarterik ere bada dokumentalean: euskarari buruzko kontuak, birus informatikoak... Zerk egin dizu grazia handiena?

Graziarik handiena egin zidan ezagutzeak hasiera haietan nola planteatzen zuten izenburuetan aditz laguntzaileak jarri behar ziren ala ez. Imanol Murua Uriak, Lorea Agirrek eta Luistxo Fernandezek hori nola kontatzen duten ikustea barregarria da. Azkenean, aditz laguntzaileak erabili behar zirela erabaki zuten, noski.

Dokumentala baliagarria izan daiteke gazteek Egunkaria-ren sorrerari balioa emateko?

Gaur egun gazte batek esango du: «Beti egon da BERRIA, Argia, albisteak sakelakoan...». Duela 25 urte, dena egiteko zegoen, kazetaritzako euskara egiteko zegoen. Konturatuko dira ibilbide batetik iritsi garela gaurko egoerara, eta bide horretan Egunkaria-ren sorrera zer garrantzitsua den.

Egunkaria-ren itxieraz gehiago hitz egin da sorreraz baino. BERRIAren sorreraren inguruan egingo al zenuke lan bat?

Orio Produkzioak ekoizpen etxean nintzen lanean 2003ko hilabete haietan, eta ETBrako erreportaje bat egin genuen BERRIA sortu zen egunerako. Dokumental polita litzateke otsaileko itxieratik ekaineko sorrerara doazen lau hilabeteak kontatzea. Euskaldunok, kolpe bat jasotzen dugunean, badugu altxatzeko eta aurrera egiteko indarra.

Zer beste gairen inguruko dokumentala egingo zenuke gustura?

Oso gustura egingo nuke euskarazko komikiei buruzko dokumental bat. Iruñean bizi nintzenean, Napartheid zegoen, eta hura aitzindaria izan zen; bere xarma zuen. Egun, H28 dago. Ikusiko nuke komikigintzari buruzko dokumental bat; neronek egin ahalko banu, are hobeto.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.