ATZEKOZ AURRERA. Beñat Hach Embarek Irizar. Komunikatzailea

«Gazteengan dago aldaketarako giltza»

Sutsu hitz egiten du Mendebaldeko Saharaz Hachek. Gertuko zaio hango errealitatea, eta mindu egiten du herriaren ezintasunak. Egoera salatuko duen «elkartasun politikoa» sortu behar dela dio.

Araitz Muguruza.
2015eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Sahara gertutik ezagutzen du Beñat Hach Embarek Irizarrek (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1989). Aita Salem Hach Embarek sahararra zuen; eta ama, berriz, Gurutze Irizar Fatimetu kooperantea du. Gertutasun horregatik, Sahararen inguruko hitzaldiak egiteko eskatzen diote noizbehinka, eta Hachek dio gustura egiten dituela; jendea aktibatzeko balio badu, behinik behin.

Hassana Aaliari asilo politikoa emateko manifestazioan jendetza bildu zen aurreko hilean. Udaletxeetan ere hainbat mozio ari dira onartzen. Euskal Herria solidarioa da Sahararekiko?

Betidanik egon da Mendebaldeko Sahararekiko elkartasuna Euskal Herrian. Sahara Espainiak kolonizatu zuelako gertatzen dela uste dut; harremana estuagoa da horregatik. Aaliari babes garbia eman zitzaion Bilbon.

Hala ere, asilo politikoa emango dioten itxura handirik ez dago.

Espainiako Gobernuaren jarrera argia izan da beti. Berdin du zein alderdi dagoen agintean. Biek kolaboratzen dute Marokoko Gobernuarekin. Hassanak asilo politikoa jarraitzeko baldintza oro betetzen ditu, eta, hala eta guztiz ere, ez diote berritu nahi.

Preso politiko bat hil da kartzelan; beste gazte bat, berriz, kalean atxilotu eta Marokoko Poliziak jipoitu ondoren hil da berriki. Zein egoeratan dago Sahara?

Eremu okupatuetan ikaragarrizko errepresioa dago. Ez dago ez antolatzeko ez eta adierazteko eskubiderik ere. Manifestatzeko eskubidea behin eta berriz urratzen zaie, eta edozer aitzakiarekin atxilotu eta torturatzen dituzte; horregatik, egoera oso-oso zaila dute lan politiko bat abian jartzeko. Gatazka politikoa, berriz, ikaragarri geldirik dago. Konponbidea emateko proposamen politiko integral bat falta da, eta urrats hori egitea askapen mugimenduaren ardura da.

Bake prozesua, beraz, ez aurrera eta ez atzera dago.

1991tik eskema berberetan daude. Nazio eskubideek aitortzen dute herri sahararra herri subirano bat dela, bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela, eta zuzenbide internazionalak hori onartzen du. Horregatik, askok uste dute erreferendum bat egingo dela. Marokok, ordea, behin eta berriro ezezkoa esan du. Logikoa da ez onartzea erreferenduma egitea; horretara behartuko duten presio faktorerik ez dago.

Nazioartetik etorri beharko luke presio horrek?

Ez dut beharrezkoa ikusten. Zer etorriko zaigu, bada, handik? Herri adiskideen laguntzaz gain, ezer gehiago ez da iritsiko. Saharako herria, ordea, sahararrek askatu behar dute, eta, horretarako, proposamen politiko bat egon behar du. Urteak eta urteak daramatza egoerak horrela, eta horrek, inori egitekotan, Marokori egiten dio mesede.

Argi izpirik bada tunel ilun horretan?

Badago gazte belaunaldi berri bat, okupazio garaian jaio zirenek osatzen dutena. Marokok ez ditu politikoki asimilatu. Gazte horiek Sahararen askatasunaren alde borrokatzen ari da. Hor dago aldaketarako giltza. Askapen mugimenduak, ordea, bide eta estrategia bat eskaini behar du indar hori guztia kanalizatzeko.

Herritarrek nola hartzen dute su-etenaren ezintasuna?

Izan zituzten urte itxaropentsuak, 1998an kasurako. Autodeterminazio prozesu bat abiatu zutela uste zuten. Handik aurrera, baina, itzali ziren argi horiek. Dena den, Saharak badu alde on bat: hegemonia politikoa badago, herritarrek burujabe izan nahi dute.

Noizean behin ematen dituzu hitzaldiak. Sahara ezagutarazteko balio dute?

Entzuleek jakin behar dute gatazka politiko batengatik daudela egoera horretan. Eta Mendebaldeko Saharak behar du elkartasun politiko bat, beren egoeraren erantzuleak salatuko dituena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.