Herenegun ireki zuten azoka, Bilboko Areatza pasealekuan, eta aurten estreinakoz ez da egun bakarrekoa izango, bihar arte izango baitute herritarrek proiektuak ezagutzeko aukera. Azokaren koordinatzailea da Danel Solabarrieta, eta azaldu du 150 talde inguruk hartuko dutela parte, Euskal Herriko 45 ikastetxetatik iritsitako laurehun ikasle baino gehiagok, zehazki. Are, azpimarratu duenez, lehenbizikoz egongo da parte hartzaileen artean Ipar Euskal Herriko eskola bat ere.
Koordinatzaileak argi adierazi du protagonismoa gazteena izango dela, ikasturte osoan landu dituzten proiektuena, eta herritarrak animatu ditu horiek bertatik bertara ezagutzera, aurkezpenetara joatera. Uste du, nahiz eta hasieran urduri egon, «ikustekoa» dela gazteek beraien proiektuen inguruko azalpenak ematean duten ahalduntzea. «Datorrenari erantzuteko azalpenak egokitu behar dituzte, 6 urteko haur bat izan, edo galdera ugari egiten dituen heldu bat».
Dena den, osagarriak diren ekintza batzuk ere antolatu dituzte egunen amaierarako. Esaterako, azken bi egunetan ez bezala, gaur soilik goizez egingo dituzte aurkezpenak, bi txandatan, eta 50 proiektu aurkeztuko dituzte. Arratsaldeko bostetan, berriz, Adrenalina zientzia ikuskizuna egongo da karpan.
Askotariko gaiak
Solabarrietak jakinarazi duenez, Elhuyarrek ikasturte hasieran zabaldu ohi du egitasmorako izen ematea, proiektuetarako ideiak ematen dizkiete, eta, behin zer egin erabakita, ikertzaile baten laguntza izaten dute horiek egiteko, betiere irakaslearen rola bermatuz. «Aste Santuan galdetzen diegu ea amaitu dituzten proiektuak, lan munduan ere ohikoa den eran, batzuk ez direlako bukatzen; aurreikuspen bat egiten dugu azokarako».
Ikasleek landu ohi dituzten proiektuei dagokienez, koordinatzaileak azaldu du osasunarekin lotutakoak nabarmenenetakoak izan ohi direla, hala nola ohikoak izaten direla alkohola eta tabakoa, baina egoten direla bestelakoak ere. «Robotikak eta teknologiak ere hartzen dute beren lekua, eta ingurumenak eta elikadurak», eta, erantsi duenez, horietako bakoitzean «alderdi etikoa» ere lantzen dute. «Proiektuak egitean hausnarketarako uneak izaten dituzte, eztabaidak, eta hori da honek dakarren gauzarik baliotsuena».
Elhuyar Zientzia Azoka
Gaur eta bihar, 10:00etatik aurrera, Bilboko Areatza pasealekuan.