ATZEKOZ AURRERA. Aitor Aritzeta. Psikologian ikerlaria

«Gazteen barne eraikuntzan inork ez die lagundu»

Ikastetxeetatik ateratzen direnean, nerabeek ez dute euren burua ezagutzen, hala dio Aritzetak. Irakasleek trebakuntza gehigarri bat jaso beharko luketela dio, bide horretan laguntzeko.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
2016ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Ikasgelaz ikasgela ibili da Aitor Aritzeta (Villabona, Gipuzkoa, 1975) ikasle nerabeen adimen emozionala neurtzen, eta ondorio garbia atera du: adimen emozional handiko ikasgeletan errendimendu akademikoa hobea izan ohi da. 59 ikasgelatan egindako ikerketaren ondoren, galdetegi bat osatu du, munduan aitzindaria dena, talde baten adimen emozionala neurtzeko.

Errendimendu akademikoa ikertu duzu, beharra zegoelako?

Beharra zegoen ikusteko zenbateraino eragin dezakeen gela bateko giro emozionalak ikasleen errendimendu akademikoan. Azken finean, errendimendu akademikoa neurtu izan da gaitasun kognitiboekin, eta hori aldagai bakarra da. Orain arte, beste testuinguruetan egin izan dira taldeko giroak errendimenduan duen eraginari buruzko ikerketak, baina gelako testuinguru batean zein eragin duen gutxi ikertu da.

Gutxiago ikertu da, gutxiago inporta izan duelako?

Ez, nik uste gelako dinamikak aztertu izan direla tutorearen nortasuna ikusirik, edo gatazka ikuspegitik, edo beste esparru batzuetatik. Baina talde baten giro emozionala neurtzea gauza berria da.

Zer galdetu duzue osatu duzuen galdetegian?

Ikasleek zein arreta jartzen dieten gela batean sortzen diren emozioei, noraino ulertzen duten gertatzen ari diren emozioak, eta zein gaitasun daukaten horiek kudeatzeko eta giroa hobetzeko.

Zein adimen emozional topatu duzue ikasgeletan?

Norbanako batek daukan adimen emozionala bereizi behar da, gero taldean jartzeko. Aldeak daude talde batetik bestera. Gero eta adimen emozional handiagoa izan, talde horrek orduan eta emaitza akademiko hobea duela ebatzi dugu. Gero galdetu genuen ea zerbait gertatu izan den adimen emozional txikiko geletan, eta, normalean, gatazkaren bat edo gertakizun desatsegin bat izandako gela izan ohi zen.

Norbanakoak eragina duela.

Hori da, eta jakin behar da pertsona baten jokabidea ez dagoela lotuta bere nortasunarekin bakarrik. Pertsona bat sartu giro emozional positibo edo negatibo batean, eta jokabidea aldatu egiten da. Gu izaki sozialak gara, eta izugarri handia da taldearen eragina nerabezaroan.

Emaitza positiboak lortzeko tutoreek zeresana izango dute, ala?

Hemen, tutorearen eraginak badu zeresana, baina kontuan hartu behar dugu tutoreek zenbaterainoko prestakuntza daukaten ikasleek euren burua ezagutzeko prozesuan, edo talde bateko giro emozionalean esku hartzeko garaian. Zalantzak ditut. Bestalde, tutore batzuk prest egon ohi dira gauza ezberdinak egiteko, baina mugatuta daude, curriculum bat daukatelako.

Irakasleek ez daukate hezkuntza egokirik?

Ni irakaslea naiz unibertsitatean, eta nire gelara 19 eta 20 urteko gazteak etortzen dira. Beti gauza bera galdetzen diet, ea zer ikasi duten ordura arte, eta gutxik erantzuten dute. Ondoren galdetzen diet ea zer zentzutan erakutsi dieten euren buruan konfiantza izaten, eta ez dietela erakutsi esaten dute. Tutoreek esaten digute ez daudela prest ikasleen emozioak kudeatzeko. Trebakuntza gehigarri bat eman beharko litzaieke, gelako egoera hobetzeko teknikak izan ditzaten.

Gazteek euren burua ezagutzeko lan egin beharko litzateke?

Behar handia dago. Gazteek euren burua kanpo erreferentziatik ezagutzen dute, eta horiek oso ahulak eta azalekoak dira. Erreferentzia horiek lanean ari diren gurasoak izan daitezke, eta askotan ez dakite emozioekin nola lan egin. Telebista da beste erreferentzia bat, eta gero, kuadrilla eta taldeak. Eta horiek, era berean, kanpo erreferentziatik osatuta daude. Beraz, euren identitatea teknologia berriek osatzen dute. Kanpo erreferentziak denak, eta barneko gutxi. Ez diote galdetzen euren buruari nor diren.

Ahulak direla, alegia.

Bai. Euren barne eraikuntza horretan inork ez die lagundu, eta ez dakite nor diren ere. 19 urterekin, oraindik galduta daude, eta hori galdutako denbora da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.