Komunikabideak

Gazteen %69k ez dituzte Euskal Herriko komunikabideak kontsumitzen

Behategiko Libe Mimenzak eta Josu Amezagak Eusko Legebiltzarrean esan dute «kontzientzia hartu» eta «plan bat» egin behar dela

Libe Mimenza eta Josu Amezaga, legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
urtzi urkizu
2022ko maiatzaren 25a
15:18
Entzun

«Gazteak hedabide tradizionaletatik ihes egiten ari dira oso modu arinean. Soka desegiten ari da». Hala dio Josu Amezaga EHUko ikerlari eta Behategiko kideak. Sokari erreferentzia egin dio, datu batzuk aztertuta: populazioaren %95ek duela gutxi arte komunikabide bertsuak kontsumitzen zituen: prentsa —azkenaldian, digitala—, irratia, telebista... Baina egoera aldatu egin da. Interneteko komunikazioa bestelakoa da, «oso kaotikoa», eta «eduki oso desberdinak» nahasten dira bertan. Behategiko ordezkari gisa, Amezagak eta Libe Mimenzak agerraldia egin dute gaur Eusko Legebiltzarreko Kultura Batzordean.

Testuinguru berri horrek eragin die eta eragingo die Euskal Herriko komunikabideei. Amezagak azaldutako datuen arabera, gaur egun gazte askok ez dituzte Euskal Herrian egoitza duten komunikabideak kontsumitzen. Datua ez da nolanahikoa: 14-20 urte arteko gazteen %69k ez diete Euskal Herriko hedabideei so egiten —%44koa zen batezbestekoa duela 25 urte—.

Bada adi jarraitzeko gaia, Amezagak esan moduan komunikabideek indartu egiten baitute komunitatea. «Eta, egun, urtzeko joera handiagoa dago gazteen artean».

Mimenzak ohartarazi du ezin dela orain arte bezala jardun: «Ezer ez da orain arte bezala izango. Hortaz, orain arte ez bezala funtzionatu behar da. Beste modu batean pentsatu, ekoiztu eta planifikatu behar da». Interneteko sare sozialen kontsumoa ez da zabaldu soilik gazteen artean. «Adin nagusiko tarteengana ere iristen ari da. Eta, gauzak horrela, hau ez da konfort egoera bat hedabideentzat». Izan ere, Interneteko plataforma handietan hizkuntza hegemonikoen indarra oso handia dela nabarmendu du Behategiko koordinatzaileak. «Egoera ez da gure eskuetan geratzen». Algoritmoak dira horren erakusgarri.

Europako Batasunean zenbait gertakarik kezka eragin dute: brexit-a, trumpismoa, pandemiako negazionismoa eta muturreko jarrera politikoak adibide esanguratsuak izan dira, eta 2020ko abenduan Europako Batasunak plan bat jarri zuen martxan hedabideei begira. Finantzaketa neurriak, laguntzak eta maileguak jaso ditu plan horrek. «Eta planak aldarrikatzen du datuen beharra, alfabetatze mediatikoa, hedabideen arteko lankidetza eta beste zenbait neurri», azaldu du Amezagak. «Kontzientzia hartu du Europak, eta Euskal Herrian ere hartu behar dugu». Kontzientzia hartu ostean planak etorriko liratekeela uste dute Amezagak eta Mimenzak.

Sarean, «egoera konplexua»
Gazteek eta ez hain gazteek kontsumitzen duten Interneteko komunikazioan, gainera, ezaugarriak ez dira komunikabideen esparruan diren bezalakoak. Amezagak azaldu moduan, «sareko komunikazioan ez dago lerro editorial argirik». Gardentasunik ez, bederen, lerro horiek enpresa teknologiko handien algoritmoek finkatzen baitituzte. Komunikabideei dagokienez, gobernuek ahalmena dute komunikazio politika egiteko. Egiten dute. «Eta kazetaritzan, egiaren balioa lehenesten da», dio Amezagak. Halakorik ez dago, ordea, gaur egungo Interneteko komunikazioan —mezularitza zerbitzuak, sare sozialak, aplikazioak...—.

EH Bilduk eskatuta egin zuten agerraldia Behategikoek. Elkarrekin Podemoseko ordezkariak galdetu zuen: «Nola iritsi gara honaino?». Eta, Amezagaren arabera, «inertziaz» gertatu da hori. «Inertziak ez dira nahikoa, ordea. Politikak behar dira. Eta Eusko Legebiltzarrak kontzientzia hartu behar du gaiaz».

Behategiaren proiektuen berri eman du, bestalde, Mimenzak: estrategia digitala; Beha analitikoa digitala neurtzeko sistemak eguneratzeko ariketa; Behategia Analytics: audientzia aldagai digitalen panel bateratua; audientzia datuen azterketa historikoa eta aldagaiak euskararen adierazle sisteman integratzeko lankidetza; datutegia, datu iturri anitzen integrazioa; datuak uztartzeko proiektu bat, modelo matematikoak erabilita; big data; plataformetako hizkuntzen Europa mailako azterketa; eta urtekaria.
Elkarrekin Podemosek ere galdetu zuen EITBk parte hartzen ote duen Behategiaren ikerketetan. «EITBk ez dio bere datu digitalen berri eman nahi izaten Behategiari», esan du Amezagak.

Euskarazko komunikabideak kontsumitzen dituzte egun 400.000 herritar inguruk. «Azkenaldian, kopuru horrek ez du ez aurrera ez atzera egiten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.