GazteFilm Festek, Zinhezbak eta Kalakalabek antolatutako haurrentzako eta gazteentzako zinema jaialdiaren seigarren aldiada aurtengoa. Jasotako zortziehun proposamen baino gehiagoren eta nazioarteko jaialdietan ezagututako beste hainbat proposamenen artean egindako filmak aukeratu dituzte jaialdiko antolatzaileek. Honako hauek izan dira hautatzeko irizpideak: kalitate zinematografikoa, eklektizismo teknikoa eta estilistikoa (animazioa, dokumentala eta fikzioa) eta aniztasun tematikoa.
Jaialdiko antolatzaileentzat, garrantzitsua da filmetan balio egokiak erakustea: herrien arteko elkartasuna eta enpatia, giza eskubideak, indarkeria eta migrazioa deuseztatzen dituztenak... Pil-pilean dauden gaiak erakusten dituzte, gainera.
Euskaraz ere bai
Euskararen presentzia areagotzeko apustua egin nahi izan du jaialdiak. Horregatik, proiektatuko diren film luze zein film laburretako batzuk euskarara bikoiztuak izan dira edo euskarazko azpidatziak dituzte.
12:00etan hasi eta 19:30era bitarte, bost film emango dituzte egunean. Gaur 12:00etan Zabalgana gizarte etxean eskainiko duten Zagreb Films. Atzera begira film laburra izango da eguneko lehena; 1950ean ekoitzitako Kroaziako lehen ekoizpen animatua da. 17:30ean, berriz, Artium museoan, euskarara bikoiztu duten Kurrin filma emango dute; Baionako bikoizketa tailerrean jarri zizkioten euskarazko ahotsak. Sei urtetik gorako haurrentzako da film hori.
Bihar ere ikusgai izango dira euskarazko filmak. Goizeko hamabietan, Zabalgana gizarte etxean, hiru urtetik gorako umeentzako eta euskarara bikoiztutako Kiriku eta Sorgina filma emango dute. Film horrek bizitasuna eta adimena jorratzen ditu, arazoak konpontzeko beste modu batzuk erakutsiz.
Programazioaren ezaugarrietako bat da zirkuitu komertzialetan erakusten ez diren mundu osoko gazteentzako eta umeentzako ikus-entzunezko lanak erakustea. Finean, publiko horientzat aukera paregabea damundu osoko filmografiak ezagutzeko.
Gaztefilm Fest zinema jaialdia
Gaur eta bihar, 12:00etan, Gasteizen.