Hainbat adinetako hamalau bat gazte daude entsegu gelan kamerari historia kontatzen, Morgancreako langileen zuzendaritzapean. Hamabost bat urteko mutil batek euskaraz kontatu du Donostiako portuaren historiaren zati bat, lotsarik gabe, besteek aditu eta txalotzen zuten bitartean. Hurrengoak, ordea, ingelesez azaldu du bere zatia, maisutasun handiarekin gainera, aurrekoa baino gazteagoa izan arren. Denek txalo egin dute.
Aste hauetan ari dira grabatzen 200 bideo instalazio interaktiboa, eta 200 gaztek parte hartzen dute, zatika-zatika Donostiaren historia azalduz. Kontakizuna 1813. urtean hasten da; hain zuzen ere, urte horretan Donostia suntsitu zuten, eta hiria berreraiki egin behar izan zuten, eta horixe gogora ekartzeko ekintza da. Naiara Sampedro Donostiako Kultura, Gazteria eta Hezkuntza zinegotziak adierazi duenez, «200. urteurren honetan 400 proposamen jaso ditugu udalean gertakaria oroitzeko, bai norbanakoengandik, bai enpresa eta gizarte mugimenduetatik. Ekintza hau izan da aukeratuetariko bat, herritarrei historia ezagutzeko aukera ematen dielako, era oso on eta hezitzailean».
Bitartean, alboko gelan, kroma batekin grabatzen ari dira behin betiko ikus-entzunezkoa. Gela horretako gaztetxoak urduriago badaude ere, primeran kontatu diote kamerari Donostiari buruz ikasi dutena. Instalazioak apartak dira, urduritzeko modukoak. Filmatze materialik berriena eta eraikin polit eta moderno hori Donostiako Ikus-entzunezko Berrikuntza Poloan dago, eta Morgancrearen egoitza da. Morgancrea diziplina anitzeko irudi estudioa —Ontzi Museoa, Zinemaldia edota EITBrako proiektuak egin ditu— DonostiakoUdalarekin batera dabil bideo instalazio interaktiboa osatzen.
Bideo instalazio interaktiboa
Bideoak Donostiak 1813tik izandako bilakaera kontatzen du,bere buruan sinestea erabaki zuen hiri ekintzaile baten historia, belaunaldi berri batekoen ahotik. Zenbait ikus-entzunezkoz osatuta dago, eta bakoitza bere aldetik ikus daiteke. Gidoiak historialari eta aditu batzuekin adostu dira. Guztira, hamahiru atal ditu, kronologikoki eta gaika ordenaturik; hala, bata edo bestea aukeratu ahal izango da.
Gela ilun batean kokaturiko pantaila sinkronizatu batzuetan egingo dira bideo emanaldiak, aldi berean, pantaila bakoitzean gai eta aro bakoitzekoak. Horrek historian murgiltzeko aukera emango dio ikusleari, modu interaktiboan historian bidaiatu dezan. Carlos Rodriguez Morgancreako zuzendariak aipatu duenez, «istorio hau liburu askotan dago bilduta, eta argazkiak album askotan, baina proiektu honek ahalbidetzen digu dena bateratzea eta era oso eskuragarri batean egotea».«Ahalegin handia egiten ari gara, baina gero instalazioa behin betiko egotea ahalegin horren sari izango da, nolabait», gehitu du Asun Lasarte Morgancreako ekoizleak.
Izan ere, bideo instalazioa Urgull mendiko Historiaren Etxean egongo da ikusgai modu iraunkorrean, eboluzionatuz eta zabalduz joateko asmoarekin; eta 2016an jarraipena izango du. Hala ere, aurretik, San Telmo museoan estreinatuko dute, azaroan.
Historiaren Etxea gune garrantzitsua da, lekuak berak jendea bertaratzea bermatuko du, hirian gehien bisitatutako gune bat baita. Ikastetxeei ere deialdi berezia egingo zaie, hiriaren historiari buruzko ezagutza sustatzeko. Carlos Rodriguez Morgancreako zuzendariak adierazi duenez, «leku horretan kokatzeak hiritik pasatzen den edozein pertsonari informazioa azkar, erraz, eta modu didaktiko eta ikuserrazean eskura izatea ahalbidetuko dio».
Gazteak, protagonistak
Gipuzkoako ikastola, eskola, institutu, prestakuntza zentro eta unibertsitatetako 200 ikaslek kontatzen dute Donostiako historia ikus-entzunezkoan. 10 eta 25 urte arteko gazteentzat deialdi bat egin zuten, eta ia 800 lagun aurkeztu ziren, haien artean dikzio eta interpretazio dohain onenak zituztenei lehentasuna eman diete. «Parte hartzaile guztiak ez dira donostiarrak, Gipuzkoako toki askotakoak daude. Aparteko talentua aurkitu dugu, oso onuragarria».
Ikus-entzunezkoa zati txikietan banatu dute, gazteek kamerari zuzenean azaltzeko euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Jasone Sertutxa 17 urteko ikaslearen ustez, «testua ikastea ez da zailena, zailena kameraren aurrean interpretatzea da». Hala ere, Morgancreako lantaldeak lagunduta, ikusi dute gai direla. «Egia esan, pentsatzen genuena baino hobeto moldatzen gara», aitortu du Iker Otxoa 19 urteko ikasleak, «ikus-entzunezkoa ikusteko gogo handia dugu», gaineratu du.
Gazteak, historia irakasle
1813tik gaur arte, Donostiako historia kontatzen duen bideo instalazioaren grabaketan parte hartzen ari dira 200 gazteLana Morgancrea enpresak ekoitzi du, Donostiako Udalarekin elkarlanean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu