Saihetsezina da teknologia berriak eta ogibide zaharrak moduren batean uztartzea, eta, askotan, beharrezkoa. Bretxa merkatuko Etxezarreta harategiaren kasuan, hori gertatu da: 1955. urtean irekitako harategia da, eta jada 150.000 jarraitzaile pasa ditu bere sare sozial guztiak batuta. Besteak beste, supermerkatuko haragiaren eta haienaren arteko alderaketak, harategi barneko lanen azalpenak eta errezetak ikus daitezke haien Youtubeko kanalean. Aitor Etxezarreta Cuña da kamera aurrean agertzen diren bi protagonistetako bat (Donostia, 1995); bestea haren osaba da, Iñigo Etxezarreta.
Zerk eraman zaituzte sare sozialetara?
Lagun batek Youtubeko kanal bat zuen, eta hark animatu zuen osaba gauza bera egitera harategiarekin. Azkenean, lortu zuten, eta, gero, osabak, ni konbentzitu ninduen.
Helduak gaztea konbentzitu zuen, beraz?
Bai, hala da. Jende askok pentsatzen du alderantziz izan zela, baina ez. Osaba beti izan da saltseroa Facebooken harategiko gauzekin, eta begi onez ikusi zuen proiektu berria.
Erraz onartu zenion proposamena?
Hasieran nik eta nire lehengusuak, Enetzek, parte hartu behar genuen, eta, azkenean, osaba eta biok gelditu ginen bakarrik. Lehen, oso gaizki pasatzen nuen kameraren aurrean, baina, orain, ohitu egin naiz, eta lortu dut kamera ez balego bezala aritzea.
Zer helburu duzue eduki digitalak direla eta?
Harakinaren ogibidea erakusteaz gain, gazteen ohiturak aldatu nahi ditugu. Gaur egun, gazteak supermerkatuetara joaten dira, haragi erretiluak erostera, inorekin hitz egin gabe, eta ilararik egin gabe. Horregatik, gazteak beren auzoko harategira joatera eta kalitatezko haragia erostera animatu nahi ditugu, diru aldea ez baita hain handia.
Ezjakintasunak bultzatutako beldurra da gazteena?
Bai; azkenean, harategian harakinarekin hitz egin behar duzu, nahi duzuna eskatu behar diozu, eta hark egin ditzakeen galderentzako erantzunik ez izateak supermerkatura bultzatzen ditu.
Haragia mozteaz gain, zer gehiago jakin behar du harakin batek?
Haragia gomendatu behar du, kantitateak jakin... Azken finean, bezeroaren galderak erantzuten jakin behar dugu. Sukaldeko kontuez ere zerbait jakin behar dugu: haragi mota jakin bat nola egosi edo kozinatu, adibidez. Bezeroekin tratatzen ere ikasi behar da. Baditugu duela 60 urtetik baino gehiagotik bezero ditugunak.
Asko aldatu da Etxezarreta harategia azken 69 urteetan?
Gure helburuetako bat da betiko ohiturekin jarraitzea, harategian beti lan egin den moduan lan egitea. Hala ere, beharrezkoa da zaharberritzea, eta horren alde ere bagaude. Horren adibide nagusia da gure Youtubeko kanala, baina baita merkatura sartu ginenean egindako harategiko lantegia ere, aurrez prestatutako jakiak eskaintzeko.
Haragia jateko ohiturak ere aldatu dira?
Bai, hala da. Orain haragi gutxiago jaten da; besteak beste, prezioen igoerak eraginda. Orain, haragi ondua kontsumitzen da, eta, lehen, bakarrik freskoa jaten zen. Guk, adibidez, gehienez hiru astez ondutako haragia edukitzen dugu, baina badago jendea jaten ez duena ondua ez bada.
Boladan dago haragi ondua?
Bai, nik uste baietz. Jatetxeetan pixkanaka sartu dituzte horrelako piezak, eta orain arrakasta handia lortu dute. Hala ere, badaude astakeriak: haragia bi edo hiru urtez ontzen dutenak, adibidez. Nik uste ondo dagoela bere neurrian, baina halako astakeriak gehiegizkoak dira.
Zuen bideoren batean ganadutegi batera joan zineten idi bat erostera. Harategi kanpoko lan horiek oraindik egiten dira?
Esan bezala, guk betiko ohiturak mantendu nahi ditugu, baina, gaur egun, pentsuaren prezioaren gorakadarekin, abeltzain askok ez dituzte animaliak gizentzen, eta zuzenean hiltegira eramaten dituzte. Hiltegian ere hemengo haragia erosten dugu, bertako baserritarrena. Euskal haragia geroz eta gutxiago dago, eta jende askok Europatik ekartzen du jeneroa.
Familiako zenbat kide ari zarete lanean harategian?
Orain lau gara: aita, osaba, lehengusua eta ni. Baina baditugu hogei urte baino gehiago gurekin lanean daramatzaten langileak ere.
Argi izan duzu beti harakina izango zinela?
Ikasketa garaian amak beti mehatxu egiten zidan ikasten ez banuen aitarekin harategian bukatuko nuela. Baina, ikasi ondoren, ni neure kabuz joan nintzen harategira, bertan lan egiteko nahiarekin. Hirugarren belaunaldia gara Enetz eta biok, eta harro gaude, familiaren ohiturekin jarraitzen dugu eta.
Ez dira harakin gazte asko ikusten.
Hala da. Gaur egun ez dago harakina izateko ikasketarik; beraz, nahitaez harategi batean lan egin behar duzu ogibidea ikasteko. Familian betidanik eduki dugulako gaude gu hemen, baina oso zaila da bestela edozein gaztek esatea harakina izan nahi duela.
Belaunaldi aldaketa zail dagoela ikusita, etorkizunik ba al du harakin ofizioak?
Nik uste dut beti egongo direla harakinak, baina etorkizunean gutxiago izango dira, haragiaren kontsumoa segur aski jaitsi egingo delako. Azkenean, establezimendu handiek txikiak jango dituzte; baina beti egongo da baten bat.
LOTSABAKO
Haragi pieza kutunena? Txahal masailak.Haragia ze puntutan? Gutxi egina.Non nahiago, kamera aurrean ala salmahaian? Salmahaian.Euskal Herriko txoko bat? Aia [Gipuzkoa].