Peña bat dut bihotzean. Sanduzelai

Gazteak, baina langileak

Alde Zaharretik urrun sortu zen Sanduzelai peña. Sanferminetan Iruñeko kaleak alaitzen dituzte, bai festaren erdigunean eta bai beren auzoan. Atorra zuri-beltz koadroduna daramate.

Sanduzelai peñak bere auzoa dinamizatzea du helburu. SANDUZELAI.
Iruñea
2011ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Sanduzelai auzoa Iruñeko sarreran dago, Alde Zaharretik urrun, eta sanferminetan autoen aparkaleku bihurtzen da. Sanduzelai peñak lan egiten du hori gerta ez dadin. Salatu dute erraldoiak eta kilikiak ez direla iristen auzora, ezta La Pamplonesa musika banda ere, eta festa ez da nabarmena. Baina iruindarrak dira, eta sanferminetan festa hiri osoan izateaz arduratzen dira. Txarangarekin, aparkalekua alaitzen saiatzen dira egunero. Sanduzelai da peña gazteena, baina esperientzia handia du. Kideek atorra zuri-beltz koadroduna daramate.

1979. urtean sortu zen Sanduzelai peña, auzoko jaietan, eta 1980an sanferminetan atera ziren lehen aldiz. Sorrerako izen Peña San Jorge zen, baina 1996an, kideen batzarrean, auzoaren izen euskalduna hartzea erabaki zuten. Hasieran, auzoko elkarteak utzitako lokal batean egon ziren. Gero, kale berean lokal bat erosi zuten, eta denborarekin moldatu egin dute. 1980ko hamarkadaren hasieran, lagun talde batek osatzen zuen peña, eta gaur egun 220 peñakide eta 70 txiki dira. Lokala peñakide kopuruaren arabera handitu da, eta 100 pertsonarentzako jantokia egin dute.

Peñak sanferminetako doinuak eramaten ditu Sanduzelai auzoko oasira. Erraldoiak ez dira iristen tren geltokiko auzora, ezta La Pamplonesa musika banda ere, baina peñaren txarangak alaitzen ditu sanferminetako egunak. Dena dela, erdigunera ere joaten dira, eta Jarauta kalean sanferminetako taberna irekitzen dute.

Peñaren eginkizunetan hiru zutabe nabarmentzen dira: sanferminetan kaleak alaitzen dituzte; auzoan peñakideentzako eta kideak ez direnentzako ekimenak antolatzen dituzte; eta lan egiten dute auzoa suspertzeko. Izan ere, auzoa dinamizatzea da haien nahia: Olentzero antolatzen dute; hainbat joko txapelketak egiten dituzte; eta auzoko jai batzordeko kideak dira, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.