Gustuko autorea ez ezik, Nick Hornby erreferente ere bada Roberto Mosorentzat (Santurtzi, Bizkaia, 1960). High Fidelity (Fideltasun handia) liburua atsegin du bereziki.
Zergatik aukeratu duzu?
High fidelity irakurri nuenean, 36 urte nituen, eta liburuko protagonistak ere horiek betetzen ditu. Bere munduak eta nireak zerikusi handia dute arlo askotan: biak gara musikazaleak, baita futbolzaleak ere, nahiz eta bera ni baino gehiago izan, eta burutazioak ere antzekoak ditugu. Literaturan edo beste edozein arlotan erreferenteak lortzea gauza polita eta handia da, eta Nick Hornby nire erreferente nagusietakoa da.
Nola ezagutu zenuen liburua?
Lagun batek oparitu zidan, pentsatu zuelako nire gustukoa izango zela, eta asmatu zuen. Hemen argitaratu diren Hornbyren gainontzeko liburu guztiak irakurri ditut gerora.
Hasierako egoerak tristea dirudi: neska lagunak utzi du protagonista, musika denda ez doa ondo...
Bizitzako gauzak dira, edonori gerta dakizkiokeenak. Bikotekideak auzokide batengatik uzten du, eta hortik aurrera bere gustuak eta kontraesanak agertzen dira, bikotekide ohiekin hitzorduak egiten ditu, bizitzari errepasoa ematen dio... Tonua tristea da galera bat dagoelako, baina umore kutsua du.
Protagonistarentzat, disko bilduma aterpea da. Horrekin identifikatzen zara?
Nolabait. Beste aterpe batzuk ere baditut, protagonistak bezala. Gaur egun, ez nuke esango, baina gazteagoa nintzenean, aterpe hutsa zen; agian, neukan bakarra.
Badago pasarteren bat bereziki aipagarria iruditzen zaizuna?
Pentsatzea urtebetetzea oso egun berezia izango dela, dena antolatzea, eta azkenean porrota izatea. Eta beste egun bat, urtebetetzearekin zerikusirik ez duena, ospakizun itzela bihurtzea. Dibertigarria iruditu zitzaidan, batzuetan hala gertatzen zaigulako. Hor ere identifikatuta sentitu nintzen.
Arrazoi emozionalez gain, zeintzuk dira liburuaren indarguneak?
Estiloa oso zuzena da, eta hori nabaria eta azpimarratzekoa da. Badirudi lagun batek kontatzen dizula istorioa: konfiantza giro batean sentitzen zara. Bestalde, interesgarria da nola garatzen duen trama. Horiek guztiak harekin komentatzeko aukera izan nuen.
Nolakoa izan zen enkontru hori?
Bilboko Ja! festibalera eraman zuten, eta niri ere deitu zidaten. Undergroundaren ingurukoa izan zen urte hartakoa. Antolatzaileei eskatu nien bazkarian haren ondoan jartzeko. Hitz egiten egon ginen, nahiz eta nire ingelesa ez den bikaina. Esan nion jazzaz eta rockaz asko dakiela, baina musika latino gutxi aipatzen duela liburuan. Arrazoia eman zidan, eta esan zidan musika estilo horietan ere interesatua zegoela. Bere hitzaldia baino lehen geratu ginen, eta Ruben Bladesen disko batzuk oparitu nizkion. Ohorea izan zen niretzat.
MAITE DUT MAITE... 'HIGH FIDELITY'. Roberto Moso. Musikaria eta kazetaria
«Gazteagoa nintzenean, disko bilduma aterpea nuen»
Nick Hornby britainiarraren liburuaren pasarte eta egoera askorekin identifikatua sentitzen da Moso. Urteak dira lehenengoz irakurri zuenetik, baina erreferentetzat dauka oraindik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu