Talentuak nahi dituzte, eta, horretarako, lehiaketa bat martxan jarri dute. Lehenbizi, galdera bota dute: «Lurrikarak aurreikusi daitezke?». Gero, proposamena: programazio garapen oso bat egitea. Horixe da Eureka lehiaketa, Oreka I.T. informatika enpresak eta BERRIA egunkariak elkarlanean antolatu duten egitasmoa. Helburua gazte euskaldun talentudunak erakartzea da.
Programazio ezagutzak dituen edozeinek parte hartu dezake lehiaketan. Lehenbizi, izena eman behar da, eta, ondoren, jarraibideei segitu. Ekainaren 9ra arte izanen da proiektua garatzeko epea. Egun horretarako, proiektua bukatu ez ezik, horren aurkezpena ere entregatu beharko dute parte hartzaileek. Orekak beharrezkoa den teknologiarako sarbidea emanen die parte hartzaileei, baita horiek erabiltzeko behar diren argibide teknikoak ere. Garatu beharreko programak egin behar dituen gutxieneko funtzionalitateak azalduko dizkiete, baina oinarri horretatik harago joatea da gakoa. Hau da: sormena. Beraz, programari funtzionalitate berriak gehitzea baloratuko dute.
Programarekin batera, proiektuaren nondik norakoak azaltzen dituen bideo bat bidali beharko dute parte hartzaileek. Baloraziorik hoberena lortzen duen proiektuak 1.000 euroko saria eta BERRIA egunkariko sei hilabeteko harpidetza jasoko ditu. Gainera, izena ematen duten lehenbiziko hamar pertsonek 100 euroko saria izanen dute, eta BERRIA egunkariko asteburuko harpidetza jasoko dute hiru hilabetez. Halaber, proiektua ongi bukatzen duten guziei lan elkarrizketa eginen diete Orekan.
Gazteak eta euskara: bi elementu horiek biltzen ditu Eureka lehiaketak. Orekan gazteen bila dabiltza, baina Iraitz Perez de Goldarazena enpresako zuzendari orokorrak ohartarazi du azken boladan lana zaildu egin zaiela. «Orain dela ez hainbeste, krisi garaian murgilduta, 30 orduko ikastaro bat edonon eman, eta gazte prestu asko agertzen zitzaizkigun, ikasteko gogoz».
Talentuak, euskaraz
Gaur egun, hori aldatu egin da. Are: «Beste muturrera pasatu gara». Perez de Goldarazenaren arabera, informatikan edo ingeniaritzetan ari diren ikasle askok lana aurkitzen dute hirugarren mailara ailegatzerako. Hori ikusita, beste bide bat bilatzeko beharra sumatu zuten: berritasunarena. Lehiaketa bat antolatuta jende gaztea erakarriko dutelakoan daude.
Gazte jendeari dago bideraturik Eureka lehiaketa: «Zerbait erakargarria sortu nahi genuen. Norbaitek horretan lan egin behar badu, ez dadila izan algoritmo bat programatzea, eta horrek ulertzen ez duzun emaitza bat atera dezala». Munduan gertatzen diren lurrikarak erregistratuta dauden lekuetarako sarbidea emanen diete parte hartzaileei. «Guk eskura jartzen diegun teknologia ondo erabiltzen badute, gai izango dira munduko mapa batean lurrikarak kokatzeko eta haiekin jokatzeko: ordenatu, intentsitatearen arabera jarri... Programa nahiko ikusgarri bat lortu dezakete ariketa ondo eginda».
Lehiaketaren oinarrietako bat hizkuntza ere bada. Euskaraz izanen da, baina ingelesa jakitea beharrezkoa izanen da, dokumentazio teknikoa hizkuntza horretan idatzirik baitago. «BERRIAko komunitatean horrelako gazteak egongo direla uste dugu», esan du Perez de Goldarazenak.
Hizkuntza da BERRIA egunkaria Oreka enpresara gerturatu duen elementu nagusietako bat. Mikel Aranburu egunkariko publizitate arduradunak azaldu ditu harremanaren nondik norakoak: «Haien enpresan egon ginen, eta, lehenik eta behin, harritu gintuen zer giro euskalduna zuten Gasteizko enpresa horretan: langile gazteak euskaraz lanean». Haien lan egiteko modua gustatu zitzaien: «Gu beti saiatu gara euskal enpresetara hurbiltzen eta enpresetan euskararen presentzia areagotzen. Orekan euskarak zuen garrantzia ikusita, gu ere gehiago inplikatu ginen».
Sariak ekainaren 21ean emanen dituzte, Gasteizko Artium museoan.
Gazte talentudun berrien bila
Eureka lehiaketa abian jarri dute Oreka I.T. informatika enpresak eta BERRIA egunkariak. Programazio ezagutzak dituzten gazteei bideratua dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu