Gazte mugimenduaren urtekaria argitaratuko du Topatu guneak

Erreportaje sakonen bidez, gazteek 2016-2017 artean landutako egitasmoak azaldu nahi dituzte

Garazi Conde Topatuko diseinatzailea, urtekariko erreportajeetako bat maketatzen. TOPATU.
Edu Lartzanguren.
2017ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Interneten «gazteen topalekua» izateko asmoz sortu zuten Topatu.eus ataria, 2010. urtean (orduan .info domeinuan). Zazpi urte geroago, mundu fisikoan urrats bat egiteko lanean ari dira: urtekaria argitaratuko dute paperean, 2016-2017ko epearen berri emateko, urritik irailera arte. «Ikasturtean gazte mugimenduan izaniko gertakariak eta landutako alternatibak laburbiltzea da asmoa», esan du Topatuko Maddi Ane Txoperena kazetariak.

Hilabeteka egongo da antolatuta urtekaria, eta bakoitzak hiru atal edukiko ditu: Hilekoa atalean, hilabete horretan gertatu diren «gauza esanguratsuak» bilduko dituzte, irudiekin lagunduta.

Gure kaxa atalean, berriz, erreportaje sakon bat argitaratuko dute, urtekarirako propio eginikoa. «Alternatiben ikuspegitik landu nahi izan ditugu gaiak», esan du Txopenerak. Azaldu duenez, iazko abenduan Barañainen eginiko Gazteraiki topaketetan, hainbat ildo erabaki zituzten egitasmoak gauzatzeko, feminismoan, euskaran, etxebizitzan. «Egitasmo alternatibo asko sortu ziren hor, eta horien inguruan egin ditugu erreportajeak». Esaterako, Udaleku Feministetan aritutakoekin hitz egin dute, eta, etxebizitzaren gaian, Errekaleorri buruzko erreportajea landu dute.

Azkenik, Etxeko uzta izenburupean, Topatu guneak ikasturtean argitaratu dituen elkarrizketa, iritzi artikulu eta «argazki sail ederrenen bilduma» bilduko ditu.

Euskarri fisikoaren beharra

Webgunea izanik, Topatu.eus-ko kazetariak aktualitatea gertatu ahala lantzen ohituta daude. «Baina ikusi genuen beharra zegoela urtean gertatutakoa euskarri fisiko batean biltzeko eta sakonago lantzeko», adierazi du Txoperenak.

Interneten dirua biltzeko kanpaina bat jarri dute abian, urtekaria ordaintzeko, Itsulapikoa.eus plataforman. Helburu gisa 1.000 euro biltzea jarri dute, eta erdia baino gehiago lortu dute dagoeneko. Durangoko Azokan jarri nahi dute salgai liburua, eta ekarpena orain egitea ale bat ziurtatzeko modua ere bada. Gainera, merkeago lortzeko aukera da: Durangon hamar euroan jarriko dute salgai, baina dirua orain jarrita zortzi euro da.

«Eskualdeka, herrialdeka eta proiektuka komunikazioaren esparruan dabiltzan gazteen arteko sarea osatu nahian gabiltza», esan du Txoperenak. Kazetariaren arabera, gazte mugimendua abagune interesgarri batean dago orain, gazteak ez dabiltzalako erantzuteko dinamika batean, baizik eta egitasmoak sortzeko lanean. «Halako prozesuek denbora gehiago eskatzen dute, eta ez dira kanpora begira egiten». Horregatik jarraipen berezia egin behar dela uste du Txoperenak.

Topatu «Euskal Herriko gazteok elkarren berri jakiteko parada, elkarrengandik ikasteko abaguneak eta gure esperientziak trukatzeko gunea» izango zela agindu zuten 2010ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.