Gaztaz gain, kirola jaietan

Asteazkenean ospatuko dute euskal jai eguna.Ardi Latxaren Gazta Lehiaketa eta enkantea izango dira eguneko ekitaldi nagusiak

2014ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Ordizia (Gipuzkoa) bertan asteazkenero egiten den azokarengatik da ezaguna. Dena den, iraileko bigarren astean Euskal Jaiak ospatzen dituztenez, aste horretako azoka oso berezia izan ohi da; izan ere, azoka horrekin batera egiten da Ordiziako Ardi Latxaren Gazta Lehiaketa. Datorren asteazkenean izango da azoka berezia; gazta lehiaketa izango da eguneko ekitaldirik garrantzitsuena, eta, horren harira, egun osoko festa izango da Ordizian.

Egitarau nagusiari dagokionez, festa 10:00etan hasiko da, gazta, ganadu, fruta, barazki, perretxiko zein Lumagorri oilaskoaren erakusketa eta lehiaketarekin. Goizak iraun bitartean, trikitilari eta dultzaineroek giroa alaituko dute. Erakusketako postuak 14:00ak arte izango dira ikusgai.

Gazta, enkantean

Ekitaldi nagusia, halaber, 13:00ekoa izango da, herriko Beti-Alai pilotalekuan, orduantxe esango dutelako zein izango den Ardi Latxaren Gazta Lehiaketako aurtengo irabazlea. Epaimahaian egongo dira, besteak beste, euskal sukaldariak, kritikariak eta Idiazabalgo Gazta markan adituak diren teknikariak.

Ondoren, finalean sailkatu diren lehen hiru gazten enkantea egingo da. Iaz, 7.500 euroan erosi zuen Bergarako (Gipuzkoa) Bolintxo gozotegiak Remiro gaztandegiko gazta irabazlea. Orain arteko enkanterik garestiena, berriz, 2009. urtekoa izan da, Super Amara supermerkatuak 12.000 euroan erosi zuelako Elgoibarko (Gipuzkoa) Jesus Ansolaren gazta irabazlea.

Bazkalostean ere festa giroa eta ikuskizuna ez dira faltako Ordizian. 17:30etik aurrera, profesionalen eskuzko pilota partidak jokatuko dira Beti-Alai pilotalekuan. Lehenik, Saralegi eta Galartzak Artola eta Zabalaren aurka jokatuko dute. Jarraian, Olaizola II.ak eta Aretxabaletak Berasaluze II.aren zein Albisuren aurka neurtuko dituzte indarrak.

Egunari amaiera emateko, herri kirolen erakustaldia izango da, Jose Migel Barandiaran plazan, 19:30etik aurrera. Horrez gain, arratsaldean ere trikitilariak eta dultzaineroak giroa alaitzen ibiliko dira Ordiziako kaleetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.