ATZEKOZ AURRERA. Cesar Valcarcel. Psikiatra

«Gaztaroan agertzen dira buruko gaitz larrienak»

Valcarcelek berretsi du harremana dagoela haurren maila sozioekonomikoaren eta buruko osasunaren artean; gaineratu du hori argudiatzeko baliatzen diren hipotesiek elkar elikatzen dutela.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Eragile sozioekonomikoen eta haurren buruko osasunaren artean lotura dago; ikerketek hori berresten dutela baieztatu du Cesar Valcarcelek (Villablino, Espainia, 1975). Gasteizko Santiago Ospitaleko Haurren eta Nerabeen Ospitaleratze unitateko psikiatra da Valcarcel, eta mundu osoko hainbat ikerketa aztertu ditu ondorio horretara heltzeko. Horren berri eman du Euskadi eta Nafarroako Psikiatren Urteko Bileraren XVIII. aldian.

Zergatik dago lotura haurren maila sozioekonomikoaren eta buruko gaitzen artean?

Bi hipotesi daude, eta, nire ustez, elkar elikatzen dute. Lehenak arrazoi sozialari egiten dio erreferentzia. Haur baten familiak zailtasun ekonomikoak dituenean, gizarte bazterkeria bizi duenean, haurrak egoera estresagarriak bizi ditu. Horrek eragina du garatzen ari den garunean, eta arazoak eragiten ditu aurrera begira. Bigarren hipotesiak kontrakoa esaten du. Buruko gaitzak dituzten pertsonak espiral batean sartzen dira, eta horrek gizarte bazterkeriara eramaten ditu; are, pertsona horien seme-alabek egoera sozioekonomikoa oinordetzan dute, baina ez hori bakarrik. Buruko gaitz batzuk ere belaunaldiz belaunaldi pasatzen dira.

Gainera, adierazi duzu maila sozioekonomiko baxuko haurrek traba handiagoak dituztela osasun zerbitzuetara heltzeko.

Sendagilearenera jotzeko orduan, hezkuntzarekin eta kulturarekin lotutako alorrek eragiten dute. Batzuetan, gurasoak ez dira konturatzen nahasmendu bat dagoenik; ez dira medikutara joaten, eta nahasmenduek okerrera egiten dute.

Haurtzaroko baldintzek eragin dezakete buruko gaitzak agertzea pertsona heldua denean?

Bai. Egia da psikiatrian oro har pertsona gazteak daudela: haurrak, nerabeak eta gazteak. Helduengan eta adinekoengan ere ager daitezke nahasmenduak, noski; dena den, gaztaroan agertzen dira gaitz larrienak: eskizofrenia, nahasmendu bipolarra...

Eragile sozioekonomikoek buruko osasunean eragiten dutela azaldu duzu. Nahasmendu zehatzetan eragiten dute, edo orokortua da?

Portaera nahasmenduekin lotuta dagoela esango nuke. Gerora, substantzien kontsumoarekin ere lotuta daude, edota nahasmendu negatibista desafiatzailearekin; haur eta nerabeen artean horiek nabarmenduko nituzke. Nahasmendu depresiboak ere bai, baita psikotikoak ere; azken horiek indar gutxiago dute.

Zer adinetik antzeman daitezke gaixotasun horiek?

Oso galdera zabala da, nahasmendu bakoitzak ezaugarri batzuk baititu. Onena ahalik eta azkarren antzematea da, horrek gaitza bideratzeko aukerak hobetzen dituelako. Joera dago inbertitzeko haur eta nerabeen arretarako unitateetan, nahasmenduak azkar diagnostikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.