Goierrin gelditu da txapela. Segurako (Gipuzkoa) Ondarre gaztandegia izan da aurtengo Ordiziako Ardi Latxaren Gazta Txapelketaren irabazlea: Eneko Goiburu ekoizleak eginiko gazta ketuak eraman zuen atzo 1.750 euroko saria. Are altuagoa izan zen gazta garailearen erdiagatik enkantean ordaindu zuten prezioa: 9.400 euro. Zaragozako (Espainia) El Cisne hoteleko Javier Garciak eraman zuen gaztarik onena.
Ateak itxita hartu zuen Ordiziako Beti Alai pilotalekuak gazta lehiaketa, atzo goizean. Protokolo zorrotz bati jarraituz, epaimahaikideak, ekoizleak, erakundeetako ordezkariak eta prentsako kideak izan ziren ikusle bakarrak, bigarren urtez. «Iazko protokoloa bete dugu, baina, aurten, antolakuntza lasaiagoa izan da», Adur Ezenarro alkatearen arabera. Hala, lehiaketa ohiko egunean izan zen berriro ere; hau da, asteazkenarekin egin zuten, azoka egunean.
Lehiaketara aurkeztutako 45 gaztek lanean jarri zituzten hamasei epaimahaikideen zentzumen guztiak. Naturalak ala ketuak izan, hamalau onenek lortu zuten finalerako txartela. Haien artean, Hegoaldeko lau herrialdeetako gaztagileak izan ziren. Maila onekoa izateko fama du Ordiziako plazak, eta halaxe izan zen atzo ere. «Hona ekartzen dituzten gazta guztiak zoragarriak dira. Xehetasun txikien arabera ematen dugu puntuazioa», Elena Arzaken esanetan. Hura izan zen hamasei epaimahaikideetako bat.
Familia tradizioaren segida
Ñabarduretan omen dago aldea, eta alde txiki horiek izan ziren erabakigarri. Etxean gelditu zen bigarren saria: Joseba Insausti Mujika ordiziarrak lortu zuen. Hirugarren saria Mutrikura (Gipuzkoa) joan zen, Beñat Egaña Albisuren Goienetxe gaztandegira. Hurrena, Loperenako (Egozkue, Nafarroa) Marta Perez Loperena izan zen. Lekuona gaztandegiko (Araia, Araba) Unai Lekuona Ruiz de Luzuriagak irabazi zuen bosgarren saria.
Atzokoa ez zen izan lehen txapela Ondarre gaztandegikoentzat. Aitonak 1970ean eta gurasoek 1995ean eta 2014an irabazi ostean, laugarren garaipena eraman zuen baserrira Eneko Goiburuk. Hunkituta jaso zuen saria: «Nire aurreko guztiak honetaz bizi izan dira. Hirugarren belaunaldiz hemen irabaztea izugarria da». Pizgarri ere bada saria gaztagilearentzat: «Egunero aritzen gara lanean, lan gogorra da, eta poz handia ematen du honek. Urte amaieran, gazta egiten hasten garenean, ilusioarekin ekiteko».
Otsailean egindako gazta ketu bat izan zen epaimahaikideen gustukoena. Gazta mota horren alde egiten dute Ondarrekoek lehiaketetan, hori baitute «etxeko marka». «Ondutako gazta da. Otsailetik denbora igaro da, eta badu bere bizigarria eta zaporea. Gazta nahiko sendoa da».
Girorik ez zen falta izan
Euskal jairik ez dute ospatu Ordizian aurten ere. Gazta txapelketa izan zen udalak antolaturiko ekitaldi bakarra, eta ikusmina sortu zuen herritarren artean. Ikuslerik ez zegoen arren, izan ziren barruan gertatzen zenak erakarrita pilotalekura hurbildu zirenak. Sarreratik ikus zitekeenarekin konformatu behar izan zuten, baina.
Asteazkenak egun bereziak dira Ordizian, azoka egunak herriko eta inguruko jende andana erakartzen baitu; atzo ere, beterik zegoen plaza ingurua. Eguraldia lagun, jende mordoa zebilen joan-etorrian, erosketak egiten edo terraza baten itzalpean. Jaien nostalgiak hartuta, bazen baserritar jantzia soinean zeramanik ere. Izan ere, tradizioz, hilaren 8tik hurbilen dagoen asteazkenean ospatu izan da euskal jaia. Beste herri askoren aldean, Ordiziako kaleek berezitasun bat zuten: haur eta gaztetxoak zebiltzan nonahi, udako oporren azken egunari zukua atera nahian. Ikasturte hasierari egun bat hartuta, eskolek gaur ekingo diote ikasturteari.
Gaztarik onena, Segurakoa
Ondarre gaztandegiko Eneko Goiburuk jantzi du txapela Ordiziako Ardi Latxaren Gazta Lehiaketan. Gazta erdiaren truke, 9.400 euro ordaindu dituzte enkantean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu