Jaiak Ordiziako euskal jai eguna

Gazta onaren sekretua

Ricardo Remiro eulatearrak hiru aldiz irabazia du Ordiziako Ardi Latxaren Gazta Lehiaketa, eta aurten ere parte hartuko du lehiaketan. Haren esanetan, «kalitatea» izatea da giltza.

Ricardo Remiro artzaina, gazta eta sariez inguratuta. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
2014ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Euskal gastronomian jaki preziatua da gazta. Horren erakusle dira jaki horren inguruan Euskal Herrian egiten diren hainbat lehiaketa; horien artean ospetsuenetakoa da Ordiziako (Gipuzkoa) urteroko Ardi Latxaren Gazta Lehiaketa. Aurtengoa datorren asteazkenean jokatuko da.

Lehiaketa ondo ezagutzen du Ricardo Remiro artzainak (Eulate, Nafarroa, 1970); izan ere, guztira hiru aldiz irabazi du. Azken garaipena iaz lortu zuen, baina, aurretik, 2008. eta 2011. urteetan ere irabazi du. Remiro izen bereko gaztandegiaren jabea da Eulaten (Nafarroa), eta Artzain Gazta erakundeko kidea ere bada. Hain zuzen, Idiazabal markako gazta egiten dute.

Iazko garaipena dela-eta urte oso ona izan dutela dio Remirok: «Salmentak asko igo ditugu». Gaztandegira jende asko etorri zaiela ere esan du: «Egun batzuk itogarriak izan dira!». Dena den, gustura daude: «Oso pozik gaude lortutakoarekin; izan ere, lehiaketa hau Euskal Herriko garrantzitsuenetakoa baita». Aurten, batez ere, parte hartzera joango dela dio: «Lehiaketa zorte kontua izan ohi da. Finalera igaroz gero, denek dute irabazteko aukera bera».

Bere esperientziaren arabera,Idiazabalgo gazten ezaugarriak berdintsuak dira: «Gaztek erregularrak izan behar dute, ondo banatuak, azal gutxikoak eta zaporetsuak. Garrantzitsua da gaztaren zaporea sentitzea, bai ahoan sartzean baita irentsi ostean ere».

Remiroren ustez, gazta on bat egiteko gatzagi naturala erabili behar da: «Lehiaketetan gatzagi naturalaren erabilera baloratzen dute». Haren esanetan, lehenik esnea 29 gradutan berotu behar da, eta, jarraian, gatzagia prestatu eta esnetara bota behar da mamia egiteko. «Gaztaren masa osatzean, bi astez eguraste batean utzi behar da, eta ondoren, bi hilabetez, hazte-makinan jarri behar da hamabi gradutan».

Familiak hasitako bidea

Bizitza osoa darama Remirok gazta artean: «Aitona-amonak artzainak ziren, eta Gabiriara [Gipuzkoa] joaten ziren ardiekin. Ondoren, gurasoek familiako usadioarekin jarraitu zuten Eulaten gaztandegia sortuta. Neguak Zubietan (Gipuzkoa) igaro ohi genituen, baina udaberriro etortzen ginen Eulatera».

Hain zuzen, familiak hasitako bideari jarraitu dio Remirok. Izan ere, gurasoek bi aldiz —1987. eta 1989. urteetan— irabazi zuten Ordiziako txapelketa. Hala ere,Remiro gaztandegiak sona handia lortu du urte hauetan, lehiaketa horretaz gain beste hainbat txapelketa ere irabazi dituztelako. Iaz, Euskal Herriko txapelketa ere irabazi zuten, eta hainbat urtetan Elgoibar (Gipuzkoa), Hondarribi (Gipuzkoa) eta Uharte Arakilgo (Nafarroa) lehiaketak ere irabazi dituzte. Kanpoan ere sariak jasotakoak dira, hala nola Italian, Erresuma Batuan eta Herrialde Katalanetan: «Gakoa kalitatezko produktua eskaintzean dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.