Koplak, Gazari eskainiak

Gasteiz Kantuz taldeak Santa Agedako kantujira egin du gaur. Salaketa soziala egin dute Gazan gertatzen ari den genozidioaren aurka, kantu eta kopla berriekin.

Santa Ageda bezperako kantujira, gaur, Gasteizko Gorbeia Bodegoia tabernan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Agate Deunako kantujira, gaur, Gasteizko Gorbeia Bodegoia tabernan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
unai etxenausia
2025eko otsailaren 1a
15:00
Entzun

«Har dezatela makila entseguetan egon direnek, eta erritmoa ondo eramaten dakitenek. Jar zaitezte lehen lerroan», gidatu ditu zuzendariak. «Bat, bi eta hiru», tempoa markatu du ondoren: «Santa Ageda, Ageda, geure martiri maitea, etxe honeri eman eiozu zoriona eta pakea...». Indartsu eta gogoz hasi dira kantuan, gehiegi beharbada, zuzendariak erritmoa moteldu behar izan baitu.

Urteroko tradizioari eutsiz, Santa Ageda bezperako kantujira atera da gaur, Gasteiz Kantuz taldeak antolatuta. Ibilbidea Gorbeia Bodegoia, Loma jeneralaren plaza, Posta eta Dato kaleen arteko gurutzea, Aiztogile kaleko sarrera eta Sokaren Etxea hartuz amaitu da. Ekintza irekia izan da, edonork izan du parte hartzeko aukera, eta kalean giro alaia sortu da. Hala ere, aurten kantujira ez da soilik euskal kantuen ospakizun bat izan: taldeak salaketa soziala ere egin du, Gazan gertatzen ari den genozidioaren aurka. Horretarako, kopla berriak abestu dituzte, gatazka horrek eragindako «sufrimendua eta hondamendia» salatzeko, eta hango biztanleen egoera «jasanezina» plazaratzeko.

Goizeko kantujirako irudia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Goizeko kantujira. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Ez pentsa, ez da erraza abestea eta makilarekin erritmoa markatzea», aitortu du Arantxa Lasagak, zuzendariaren eta musikarien parean dauden kantarietako batek. Harentzat eta haren kideentzat, Santa Ageda bezperako kantujira urteroko ekitaldi bat izaten da, «ezinbesteko tradizio bat», eta aurten ere ilusioz ekin diote errondari.

Hasierako urduritasuna gaindituta, bigarren abestia hobeto atera zaie: ahotsak afinatu, erritmoa sendotu, eta taldea sinkronizatuago aritu da. Zuzendariak kantutegiko beste pieza bat hautatu du, eta partaideek gogotsu jarraitu diote, makila hotsak eta doinu tradizionalek berriro ere indarrez oihartzun egin zezaten kalean.

Kandi Anda taldeko koordinatzaileak ere ez dauka lan makala talde guztia mobilizatzen. Partaideei dei egin, erritmoari eutsi eta ibilbidean aurrera doazela ziurtatzen dabil, kantujirak etenik gabe jarrai dezan. Taldearen energiak eta konplizitateak laguntzen diote, baina erronka ez da txikia: «Talde bikaina izan gara beti, eta hilabetero gelditzen gara kantuan aritzeko. Dena den, hau da aldirik berezienetako bat. Eguraldiak bakea eman digu, eta, gainera, Alde Zaharreko azokak lagunduko digu jende gehiago biltzen».

Hurrengo kalera abiatu aurretik, Andak berak gogora ekarri du Gazan gertatzen ari den genozidioa: «Gaur ospatzen ari gara, baina ez ditugu ahazten: habanera bat haientzat». Kalez kale abesten jarraitu dute.

Makilez lurra jo eta ahotsak indartu ahala, giroa gero eta alaiagoa bihurtu da. Jende gehiago batu da taldera, kantatzera eta elkarrekin gozatzera, eta hala, Santa Ageda bezperako kantujira festaren eta elkartasunaren ospakizun handi bilakatu da.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.