Ebbaba Hameida (Tinduf, Aljeria, 1992) prentsa askatasunaz arituko da gaur, 19:00etan, Gasteizen. Kazetaritza Bertatik Bertara jardunaldien azken hitzaldia izango da berea, eta, jarraian, zineforuma gidatuko du —Asghar Farhadiren A propósito de Elly—. Hameida Espainiako Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeko zuzendariordea da. RTVEn egiten du lan, eta hainbat herrialdetan izan da: Iran, Somalia, Ukraina...
Prentsa askatasuna atxilo da hitzaldiaren izenburua.
Afrika iparraldeari erreparatuko diot bereziki. Eta Ekialde Hurbilari. Eskualde horretan, presio politikoaren ondorioz, kazetaritza erabat urratuta dago. Egoera gero eta latzagoa da; gorriz tindatuta dago. Gazako gerrari erreparatzea baino ez dago; urriaz geroztik beste inon eta beste inoiz baino kazetari gehiago hil dituzte han.
130 kazetaritik gora...
Eta horietatik 30 lanean ari zirela hil dituzte. Gazako kazetarien kemena eta ausardia goratu behar ditugu. Heroiak bihurtu dira. Bertako kazetarien garrantzia aldarrikatu behar da. Munduari gertatzen ari denaren berri ematen ari dira euren bizitza arriskuan jarriz. Israelen jomugan daude, erabat jazarriak dira, baina, hala ere, lanean jarraitzen dute. Nazio Batuen Erakundearen 22/22 ebazpena ez da betetzen ari, kazetariak babestea eskatzen duen ebazpena. Informazioaren profesionalei nahita eta bereizketarik gabe erasotzea gerra krimena da.
Mugarik Gabeko Kazetariek eskatu berri dute Europako Batasunak bertan behera uzteko Israelekin duen elkartze ituna.
Akordio horren bigarren artikuluak dio giza eskubideak errespetatu behar direla, eta urriaren 7az geroztik ez da hori gertatzen ari.
Zein da egoera beste herrialdeetan?
Tunisian Kais Saied presidentea hartzen ari den norabide autoritarioa oso kezkagarria da. Izen-abizenekin aipatuko ditugu kartzelan dauden kazetariak, aurpegia jarriko diegu. Narges Mohammadiren kazetariaren kasua, esaterako; Bakearen Nobel saria jaso zuen, baina kartzelan dago, Iranen. Edo Raif Badawi. Saudi Arabiako blogaria eta giza eskubideen ekintzailea. Marokoko kartzeletan dauden kazetari sahararrak ere aipatuko ditut, noski.
Sahararra zara. Errefuxiatuen kanpalekuetan jaio zinen. Isilarazitako gerra da Mendebaldeko Saharakoa.
Gatazkek, ahanzturan geratzen direnean, eztanda egiten dute. Isiltasun mediatikoaren ondorioak katastrofikoak dira. Mendebaldeko Sahara okupatuta dago, eta kanpalekuetan krisi humanitarioa inoiz ez bezalakoa da. Gerra erabat asimetrikoa da. Kazetariok ahanzturaren kontra borrokatzeko erantzukizuna daukagu. Sudan ere zulo beltz bat bilakatu da. Ez dakigu ezer han gertatzen ari denaz, Darfurren gosetea dagoela dakigun arren.
Lurralde liberatuetan bizi ziren sahararrek ere ihes egin behar izan dute. Marokok Israeli erosten dizkion droneekin bonbardatu du lurralde hori.
Bai. Nire amona nomada zen, eta Mauritanian babestu behar izan du. Bigarren exodo bat gertatzen ari da, 75eko exodoaren antzekoa. Aljeriako kanpalekuetan milaka familia babestu dira. Ihesean joan dira, dena atzean utzita. Nomada den herri baten bizimoduarekin akabatzen ari da gerra.
Islamaren eta emakumearen inguruko tesia egin duzu. Zein ondorio atera duzu?
Asko dagoela konkistatzeko. Zazpi herrialde ikertu ditut, muga askorekin, horietako batzuetan ezin izan bainaiz sartu, baina ondorio nagusia da atzeraka egiten ari dela emakumeen eskubideetan. Estatuek islam politikoaren eredua inposatzen dutenean, arau zorrotzak eta hertsiak ezarriz, askatasuna murriztu egiten da. Saudi Arabiaren kasua itzela da. Iranen, berriz, emakumeak aiatolen erregimenaren kontra altxatu dira. Feministek laikotasuna aldarrikatzen dute.
LOTSABAKO
Kazetari bat?
Jebreel Abu Kmail palestinarra.Liburu bat?
Svetlana Alexievitxen Gerrak ez du emakume aurpegirik.Herrialde bat?
Libano edo Senegal.