Jaiak

Eneko Goiak esan du San Sebastian eguna «aparta» izan dela

Milaka haur eta heldu aritu ziren asteburuan danborra jotzen, San Sebastian egunean. Isabel Verdini dantza irakasleari eman zioten Urrezko Danborra. Parte hartze handia izan dela nabarmendu du Donostiako alkateak.

San Sebastian eguna. Haur danborrada.
Haur danborrada. Gorka Rubio / Foku
Urtzi Urkizu-Edu Lartzanguren
DONOSTIA
2024ko urtarrilaren 20a
16:25
Entzun

San Sebastian eguna luze joango zen donostiar askorentzat, baina eguneroko itxura hartu du jada hiriak. Donostiako alkateak, berriz, aurtengo jaiaren balantzea «oso baikorra» dela adierazi du. «Ekitaldi guztiak normaltasunez eta bikaintasunez» egin dira. Era berean, Donostiaren festa handiak izan zuen parte hartze handia nabarmendu du, kaleetan giro aparta izateaz gain donostiar asko konpainietan atera baitziren desfilatzen: «Inoizko danborrari gehien izan duen San Sebastian eguna izan da aurtengoa, eta horrek esan nahi du jaia osasuntsu dagoela eta jendeak bere egiten duela,  zalantzarik gabe».

Bandera igoeran eta jaitsieran bildu zen jendetza horrek eragin zuen eguneko eragozpen handiena, alkatearen iritziz. Izan ere, festarako gogoa ez zen eten bandera jaitsierarekin, eta larunbata izanik Parte Zaharrera bertaratu ziren askok igandeko ordu txikiak arte luzatu zuten festa: «Garbitasunean lan gehiago egin behar izan da, eta kosta egin da Parte Zaharra garbi mantentzea, zabor asko zegoelako eta jendea ordu txikitan kalean zebilelako». 

Nolanahi ere,  donostiarrek «egun borobila» izan zutela adierazi du alkateak, eguraldia lagun izateaz gain emozio handiko momentuak izan baitira haur dominen eta urrezko danborraren zeremoniekin, eta baita haurren danborradarekin ere.

Haurren danborradan, 41 ikastetxetako 4.732 haur atera ziren. Mongolian jaiotako 12 urteko Anir Guyenbat izan zen tropen burua. Udaletxeko balkoiaren aurrean, danbor hotsak hasi aurretik, ikastetxe bakoitza bere taldearen aldeko oihua egiten aritu zen. Garrasiak ozenak ziren: «Ibai ikastola!», «Jesuitinas!», «Anunciata!». Poz-pozik zeuden denak danborrada hasi aurretik. Haien artean ziren Aldapeta ikastetxeko Amaia Aguado, Alejandra Rodriguez, Paula Ibarburu, Martina Gracia eta Ines Poter. «Oso pozik gaude, ilusio handia dugu. Asko disfrutatzen ari gara», esan zuten danborra jotzen hasi baino minutu batzuk lehenago.

San Sebastian eguna. Haur danborrada.
San Sebastian eguna. Haur danborrada. GORKA RUBIO / FOKU

Udaletxeko balkoian bilobei eta semeei begira ari zen Maite Hernandez. Altzatarra danborrada zuzendu zuen lehen emakumea izan zen. «Oilo ipurdia jartzen zait. San Sebastian eguna odolean daramat», dioenez. Hiritar Merezimenduen Dominak eman zituzten ostiralean Donostiako udaletxean, eta han izan zen Clara Beldarrain. Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen danborradan parte hartzen du, eta lehen aldia da haur danborrada udaletxeko balkoitik ikusten duena, Naroa Callejon alabarekin batera. «Betidanik bizi izan dut San Sebastian eguna: danborra zainetan sartuta daukat», esan du Beldarrainek. «Oso emozionatuta etorri naiz haur danborrada balkoitik ikustera». Iritzi berekoa da haren 12 urteko alaba: «Sekulako aukera da hau. Kolore ugari ikusten dira, oso polita da dena. San Sebastian eguna primeran doa». 

Urrezko Danborra

Larunbat eguerdian, Urrezko Danborra saria eman zuten: aurten, Isabel Verdini dantza irakasleak jaso du. Donostiako Udaleko Bozeramaile Batzordeak «aho batez» hartu zuen erabakia, Verdinik adimen urritasuna dutenekin egiten duen lanarengatik, eta dantzariak trebatzeko eta inklusioa bultzatzeko egin duen ahaleginarengatik. Eneko Goia Donostiako alkateak nabarmendu zuen aurtengo Urrezko Danborrak balio eta konpromiso bat baino gehiago ordezkatzen dituela. «Besteak beste, harresiak eraistea, mugak ezabatzea eta begiradak zabaltzea da kulturaren ekarpena. Eta dantza erabili du Isabel Verdinik 30 urtean lan hori gauzatzeko». Bi urteurren aipatu zituen Goiak: ehun urte dira Eduardo Txillida jaio zela, eta aurten 160 urte beteko dira hiriko harresiak eraitsi zirenetik. «Harresiak eraitsiz goaz hirian: fisikoak eta mentalak. Hiri irekia da Donostia, ez soilik urbanistikoki, baita pentsamenduan ere», adierazi zuen alkateak.

Urrezko Danborra Isabel Verdiniri emateko ekitaldia.
Isabel Verdiniri Urrezko Danborra emateko ekitaldia, Donostiako udaletxean. GORKA RUBIO / FOKU

Aizpea Mujika dantzariak irakurri zuen omenaldiaren glosa. «Jarrai dezagun gure oihua munduarekin partekatzen», esan du, hunkituta. Bideo batean, Verdini dantza taldeko partaide ugari azaldu dira, Isabel Verdiniri eskerrak ematen eta egin duen lana goresten.

Donostiako alkateak eman zion Urrezko Danborra Verdiniri. Eta erdi malkotan mintzatu zen sariduna: «Dibertsitatea aberastasun handia da. Gure ilusioa kutsatu nahi diogu gizarteari». Ekitaldia amaitzeko, Verdini taldeko dantzariek Txoria txori kantaren koreografia bat dantzatu zuten, Landarbaso abesbatzak abestia kantatzen zuen bitartean.

San Sebastian eguna. Haur danborrada.
Haur danborradako danbor nagusia: Anir Guyenbat. GORKA RUBIO / FOKU

21.306 herritarrek eman dute izena helduen danborradan parte hartzeko, 160 danborradatan banatuta. Kalez kale ibiliko dira horietako asko datozen orduetan, gauerdira bitartean.

Ostiral gauerdiko danborrada

Ostiralean, gauerdian, Donostiako danborrada hasteko ekitaldia egin zuten, urtero bezala. Milaka festazalek Raimundo Sarriegiren San Sebastian martxa-ren hitzak abestu zituzten, eztarria urratzeraino: «Horra zer dan gure Donostia!».

Donostia. Danborrada
Eneko Goia alkatea, bandera jasotzeko ekitaldian. Gorka Rubio / Foku

Istilurik gabe jaso zuten bandera Plaza Berrian. Udaletxe zaharreko erdiko balkoian, hiriko agintariak eta ikurrina. Aldameneko balkoian Palestinako bandera zintzilikatu zuten. Izan ere, Israel Gazan egiten ari den sarraskia gogoan izan dute festazale askok. Gaza SOS testua zuen kartelari eutsi zioten haietako batzuek. Genozidioa stop mezua ere ikusi ahal izan da. Udala saiatu da Palestinarekiko elkartasun ikurrak kentzen. Izan ere, arratsaldean Palestinako banderaz josita zegoen plaza osoa, baina udaltzainak kentzen aritu ziren. Azkenean, esan bezala, bandera leku nabarmenean egon da.

Donostia. Danborrada
Gorka Rubio / Foku

Horrez gain, independentziaren, sozialismoaren eta presoen aldeko pankartak eta ikurrak jarri zituzten udaletxe zaharraren pareko aldean, eta, proiektore batekin, eraikina independentzia hitzarekin argiztatu.

Donostia. Danborrada
Gorka Rubio / Foku

Emakumeak inoiz baino presenteago egon dira bandera goratzeko ekitaldian. Izan ere, 55 emakume aritu dira oholtzan, dantzan, kantuan eta danborrak zein upelak astintzen. Aurten, helduen danborradetan 25.000 pertsona baino gehiago aterako dira, eta, luzaro gutxiengo izan ostean, erdiak izateko bidean dira: %45. Edonola ere, oraindik badaude emakumeak baztertzen dituzten konpainiak, baina lau besterik ez dira 160en artean. Aurten, beste lau danborrada hasi dira emakumeak hartzen.

Azpeitian eta Tafallan

Jaietan izan dira asteburuan Euskal Herriko beste herri batzuetan ere: Azpeitian (Gipuzkoa) eta Tafallan (Nafarroa), esate baterako. Azpeitian ostiral gauean 1.500 herritarrek baino gehiagok parte hartu zuten danborra jotzen. Eta larunbatean ere ehunka neska-mutikok gozatu zuten haur danborradan. Hortaz, Donostian bezala, jai giroko asteburu luzeak izan dituzte bi herri horietan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.