Andoni Iturrioz

«Gauzak, ongi edo gaizki egin, hobetu behar direla zioen aitak»

Berak erosi etxean hartu du BERRIA. Senpereko Larraldea erosi zuen, baina ez han bizitzeko. Kultur elkarteak, euskaltzaleak eta artea dira bertan bizi berritu zuenetik.

Joanes Etxebarria.
2012ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Andoni Iturrioz (Oiartzun, Gipuzkoa, 1945) gizon diskretua da. Ez da bere burua lehen planoan erakutsi zalea. Alta, Senperen asko egin du euskal kultura laguntzeko. Larraldea erosi zuen, eta bertan, elkarteek dute ate nagusiko giltza.

Zure aitaren biziaz liburu bat argitaratu da. Baina, otoi, erran ezazu nor izan zen.

Ni mendian galdutako baserri batean sortu nintzen, aita mugalari gisa ibiltzen baitzen, eta 1942an Irungo Poliziak harrapatu zuen. Bi egunez torturatu zuten; Manzanasek, besteak beste. Hortik ihes egin zuen, eta harpe batean ezkutatu zen ondoren bi hilabete eta erdiz. Nire amaren baserrian sartu, eta, ez baitzen tontoa, etxeko gazteena hartu zuen, nire ama izanen zena. Aitak segitu zuen gerora ere mugalari izaten.

Eta mugalariak familia pasa zuen mugatik?

1946ko apirilean hautatu zuten hona etortzea. Anaia itsasotik pasa zen, osaba batekin, eta ni Dantxarineatik, amaren besoetan, hamaika hilabete nituela. Donibane Lohizunen ez zen lanik, eta Parisera joan ginen.

Han ikasketak egin zenituen?

Gauza handirik ez. Eskolan hasi nintzen, eta lizeoan irakasle batek erran zidan estudiatzen segitu behar nuela. Ezetz erantzun nion, aitarekin tratu bat egin nuelako; batxilergoa pasa eta lanera joan behar nuen. Aitak frantsesa gaizki ematen zuen, behargina zen eta ez genuen sosik.

Halere, informatika zerbait ikasi zenuen...

Lanean hasi nintzen 18 urterekin. Informatika lantegi handi batean sartu nintzen, ikasketak segituz aldi berean. 22 urterekin, nire lantegia sortu nuen; programak saltzen eta instalatzen nituen. Gero, holandes batzuei saldu nien.

Eta berriz enpresaburu bilakatu zinen.

GSI Generale de Service Informatique enpresak bi lehendakari ukan zituen: Georges Besse eta Edouard Balladur. Azken horrek lagundu gintuen enpresa erosten. Gero, 1.200 bat langile partaide bilakatu ziren, eta denak ia ber heinean ginen. Enpresaburu nintzela, barne bilkura batean, enpresa saltzea erabaki zen, nahiz eta nik ez nuen nahi. Hiru bat mila langile ginen orduan, eta gaur egun Europan zazpi bat mila langile baditu enpresak.

Nola egin zuen familia pobre bateko semeak hein horretara iristeko Parisen?

Xantza! Aukerak izan ditut... Nola ez nuen ikasketa handirik egin, argi nuen nahi banuen igo behar nuela nire lantegia sortu. Informatikaz garai hartan inork ez zekien deus. Merkatu hori eraikitzekoa zen, eta nik ulertu nuen hori. Gauzak, ongi edo gaizki egin, hobetu behar direla zioen aitak, eta horretan saiatzen nintzen, hori nuen hari gorria.

Eta enpresak saldu eta Larraldea erosi zenuen?

Anaia zen hemengo jabea. Kreditu batekin erosi zuen, eta teilatua berritu zuen. Eritu zenean ez zien bere emazteari eta semeari alimaleko etxe hau utzi nahi, gastu anitz baititu. Saldu nahi zuen, eta pena ematen zidan; beraz, erosi egin nion. Berritu nuen lehenik, baina arkitektura atxikiz, Lapurdiko etxeak nolakoak ziren erakusteko.

Elkarteei uztea nola bururatu zitzaizun?

Lehenik, museo txiki bat egitea pentsatu nuen. Baina museo batzuk ikusi nituen eta iruditu zitzaidan gauza hila zela. Denei ideiak galdetzen nizkien, etxe honekin zer egin jakiteko. Joana Mendiburuk erran zidan bertso elkarteak ez zuela egoitzarik. Harremanetan sartu nintzen eta horrela hasi ginen.

Geroztik EHEri, Zirikolatz dantza taldeari, Integrazio Batzordeari utzi dizkiezu bulegoak doan. Mezenas gisako bat zara?

Ez, hitz handia da! Nik ez dut hori egiten sosak irabazteko. Gastuak nik ordaintzen ditut, eta egun batez ikusiko dugu nola banatzen ditugun. Etxea berritzeko, sos asko gastatu nituen, baina hori nahi nuen.

Baina kultura laguntzen duzun heinean?

Normalki, mezenas batek artea laguntzen du eta badaki zer den artea. Ni ez naiz kritikoa... Nire helburua euskal kultura pixka bat laguntzea da; bertso munduan ez naiz deus, artean ere ez...

Halere, artearekiko interes handia duzu.

Ez naiz aditua. Orain, baditut nire ideiak. Bilbon Guggenheim lehenbiziko aldiz ikusi nuenean, gustatu zitzaidan; Donostiako kuboak ikusi nituenean, ez nituen maitatu. Gaur egun asko maite ditut Donostiako kuboak eta zalantza batzuk baditut Guggenheimekin.

Bukatzeko, Larraldearen geroa nola ikusten duzu?

Hiltzen naizenean, nire semeak izanen dira jabeak. Segurtatzen didate ez dutela ezer aldatuko, baina beharra baldin badute, zer egingo dute ? Espero dut ez dela erabiliko apartamentuak egiteko kanpoko itxura utzi baina barneko guztia hautsiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.