Imanol Epelde. Rap abeslaria

«Gaur, testuekin jokatzea aukera bat da, baina behar da pantailaz baliatzen jakin»

Euskal literaturako hainbat klasiko zahar eta moderno rap abesti bihurtu ditu Epeldek. Literaptura horren lehen zuzeneko emanaldia plazaratuko du gaur, Zarautzen, hitza, bideoa eta antzerkia lagun.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2014ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Imanol Epelde (Zarautz, Gipuzkoa, 1977) sortzaileak Etxepare Rap ikuskizuna aurkeztuko du gaur, 21:30ean, bere jaioterriko Arrano tabernan. Euskarazko literaturako hamar klasiko zahar eta moderno rap abesti bihurtu ditu. Gaurtik aurrera, zuzenean eskaintzen hasiko da.

Gauza bat da kantak grabatzea eta bideoz hornitzea ordenagailuko laborategi kontrolatuan. Ez al dizu beldurrik ematen zuzenean eskaintzera jauzi egiteak?

Kantak sortzen ari nintzela ez nekien zelako bilakaera izango zuen horrek, ezta jendaurrean kantatzen bukatuko nuenik ere. Baina, behin kantak osatutakoan, jendaurrean defendatzeko moduko proiektua zela iruditu zitzaidan.

Lehen ere, 2010. urte aldera, 'Poesia Komuneko Paperean' performancea egiten ibili zinen.

Antzerkigintza ikastaroak egin ditut azken urteotan, eta orain, literatura, musika eta antzerkia bateratuko ditut ikuskizunean.

Besteak beste, Etxepareren 'Emazten fabore' olerkia eta Miranderen 'Euskaldun zintzoen balada' bihurtu dituzu kanta. Zein irizpide erabili duzu testuak aukeratzeko?

Testu dezente aukeratu nituen hasieran. Gero musika oinarriak hautatu nituen. Orduan, testu eta musika batzuk errazago ezkondu ziren elkarrekin. Halere, argi nuen euskal literatura idatziaren ibilbide historiko bat egin nahi nuela, eta, ahal zela, mende bakoitzeko erreferentzia bat edo beste eman.

Rapgarriagoak izan zaizkizu testu zaharrak garaikideak baino, hauek metrika eta errima aldetik askeagoak direlako?

Bai. Etxeparek berak dio, rap bihurtu diodan sarreran, berak idatzitakoak jendeak solas egiteko, denbora iragaiteko eta dantzatzeko materia direla. Axularren prosa, berriz, zailagoa izan da, baina sartu beharra nuen euskal literatura idatziaren laburpena egin nahi banuen.

Irakaslea zara lanbidez, baina asmo didaktikoak ez dio kalterik egingo ikuskizunari?

Indargune gisa hartzen dut hori, ez oztopo moduan. Ikuskizunari plus bat ematen dio. Noski, testu klasiko batzuk zailagoak dira ulertzen, baina irudien bidez, laguntzen saiatu naiz.

Musika grabatuta eramango duzu?

Bai. Neu bakarrik egongo naiz oholtzan. Oinarriak grabatuta, kolaborazioekin. Gero, testuak eta bideoak, lagungarri eta gehigarri. Kantatu bakarrik ez, kantuen aurkezpena antzerkiaren bidez egingo dut. Koktel rapero bat izango da, eta lehertuko da.

Garai batean argitaletxeek klasikoak zabaltzeko liburu merke eta bertsio erraztuak egiten zituzten. Zure literaptura da dibulgazio berria?

Gaur testuekin bakarrik jokatzea aukera bat da, baina pantailak ematen duenaz baliatzen behar da jakin. Pantailak aukera ematen dizu irudiak, musika eta testuak sartzeko. Hiru oinarri horien gainean pentsatu beharko genuke zeozer sortzen dugunean. Apostu hori egin dut, eta gustura nago emaitzarekin.

Zure ikasleek zer diote zure bideoklipetako bat erakusten diezunean?

Berriz jartzeko esaten didate. Interneten jarri aurretik, haiekin probatzen nuen. Ikasleek beti eskertzen dute, eta gogo onez hartzen dute testutik gain edo hitz hutsetik harago doan eskaintza oro. Ohituta daude irudien eta musikaren mundura. Klase batean literatura kantuaren bidez lantzen bada, beste zeozer da. Eta irakaslea bera bada abesten duena... Klase aspergarri bat klase txar bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.