Egunean Behin jokoaren zuzeneko finala gaur izango da. 18:00etan hasiko da, Euskadiko Parke Teknologikoen Donostiako campusean, Miramongo eraikin nagusian hain zuzen. Kike Amonarrizek gidatuko du finala. Joan den igandean amaitu zen eguneroko jokoa, eta lehen 100 sailkatuek izango dute aukera finalean parte hartzeko, baldin eta aurretik izena eman badute. Gainera, itxaron zerrenda ere ireki zuten antolatzaileek, izena ematen ez zuten sailkatuen postuak betetzeko. Azkenengo denboraldian 65.000 erabiltzaile inguruk parte hartu dute. 2019ko abenduan egin zen azken aldiz Egunean Behinen zuzeneko finala, Azpeitiko San Agustin kulturgunean. Finalak lau txanda izango ditu, eta finalistak hutsetik hasiko dira. Finalerako sailkapenean lehen postuan edo azkenean geratuta ere, edonork izango du irabazteko aukera. Antolatzaileek 25 sari baino gehiago dituzte prest.
CodeSyntax enpresak garatzen du jokoa, eta euskarazkoa ez ezik, bi bertsio gehiago ere garatu ditu: Cwis bob dydd, Galesen, zeinak iazko urriaren eta aurtengo otsailaren artean 7.000 erabiltzaile lortu dituen. Katalunian garatu dute bigarren bertsioa: Un cop al dia. Duela aste batzuk atera zen, eta 2.500 erabiltzaile inguru biltzen ditu egunean.
Gaur izango da Egunean Behin jokoaren 11. denboraldiko finala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu