'Gaur irekiko ditu ateak' lana BERRIAn eta Hamaikan, asteartean

'Euskaldunon Egunkaria'-ren sortze prozesua kontatzen du Eriz Zapirainen dokumentalak

Gaur irekiko ditu ateak dokumentalean, horma batean egindako marrazkiak tartekatzen dira elkarrizketekin. BERRIA.
urtzi urkizu
2016ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Datorren asteartean, 26 urte beteko dira Euskaldunon Egunkaria jaio zela. «Gaur irekiko ditu ateak Durangoko 25. Azokak» izenburua zuen azalean 1990eko abenduaren 6an argitaratu zen lehen zenbaki hark. Eta hortik dator dokumentalaren izenburua: Gaur irekiko ditu ateak. Iaz, Durangon egin zuten lanaren aurrestreinaldia, Bartzelonako DocsBarcelona nazioarteko jaialdian estreinatu zuten ofizialki maiatzean, Donostiako Zinemaldian proiektatu zuten, baita beste hainbat herritan ere. Asteartean, berriz, Euskaldunon Egunkaria-ren jaiotzaren egunean, Internet bidez eta telebistaz ikusi ahalko da: BERRIAren webgunean jarriko dute, 21:30ean, eta, ordutik aurrera, edozein unetan ikusi ahalko da. Hamaika telebistak ordu berean emango du lana. Euskal Herriko beste hainbat komunikabidetako webguneetan ere jarriko dute.

Egunkaria-ren ernalkuntzan parte hartu zuten 40 lagunekin egindako elkarrizketak dira dokumentalaren muina. Euskarazko kazeta sortzeko prozesua xehatzen dute testigantzek. Tartean dira pasadizo gogorrak eta samurrak, tartean une dibertigarriren bat edo beste. Eriz Zapirain da dokumentalaren zuzendaria, eta pozik dago Interneten jarriko delako: «Amaiera polit bat da. Dokumentalean kontatzen dugun istorioak merezi du mundu guztiak ezagut dezan».

Telebistaz emateak eta Interneten ikusgai egoteak ikusle gehiagorengana iristeko aukera emango dio lanari. «Ikusi duen jendeak gustuko izan duela uste dut, eta, orain, are jende gehiagorengana iristea espero dugu», dio zuzendariak. «Interneten ere bide polita egin dezake».

Bartzelonako, Donostiako eta Hazparneko (Lapurdi) zinema jaialdietan proiekzioaren ostean egindako solasaldiak aberasgarriak izan zirela nabarmendu du Zapirainek: «Solasaldi ederrak izan genituen, jendeak jakin-min handiz galdetu zuen, eta gu saiatu ginen jakin-min hori asetzen».

Hamaikak ekoitzitako dokumentala da Gaur irekiko ditu ateak. Iñaki Uria Hamaikako zuzendaria da lanaren ekoizle eragilea. Argazki zuzendaria, berriz, Juantxo Sardon da —azkeneko urteetan ikus-entzunezko dozenaka lanetan aritutakoa—. Soinuaren arduraduna Juanlu Eguzkiza da. Eta musika, Napoka Iria taldearena. 88 minutuko iraupena du.

1990eko oztopoak

Ez zen prozesu erraza izan Egunkaria-ren sorrerarena. Herriz herri egindako ekitaldietan —ehun baino gehiago— dirua biltzen aritu ziren, jaiotzaren aurreko hilabeteetan. «Herri proiektu bat zen. Hori ikusteak ematen zigun indarra», kontatzen du Andres Gostinek dokumentalean. Gostin eta beste kazetari gazte batzuk eguneroko egunkaria iristen zenerako entrenamenduan ari ziren. Lorea Agirre, Imanol Murua Uria, Alberto Barandiaran eta beste hainbat gazte ameslari ari ziren horretan. Estilo liburu bat sortzenere ari ziren —tartean Koldo Izagirre zela—, euskaraz albisteak zuzen eta egoki idazteko arauak finkatzeko.

Oztopoen artean, dokumentalak ongi islatzen du nola Eusko Jaurlaritzak ez zuen orduan egitasmoa sustatu. Are gehiago, Egunkaria jaio zen egun berean, beste kazeta baten 0 zenbakia doan banatu zuen Jaurlaritzak Durangoko Azokan. Euskadi Irratiko kazetari gazte bati eskatu zioten Jaurlaritzaren kazetaz galdetzeko azokako bisitariei. «Zitalkeria izan zen», oroitzen du dokumentalean Luistxo Fernandezek. Jaurlaritzan zen orduan Jose Ramon Beloki, eta orduan gertatutakoaren ikuspuntua ematen du lanean.

Egunkaria-k aurrera egin zuen. Eta bide oparoa izan zuen, jaio eta hamabi urte eta hiru hilabetera hil zuten arte. «Euskal kulturaren begietako ninia bihurtu zen Egunkaria. Horregatik itxi zuten gero», esaten du Martxelo Otamendi Egunkaria-ren zuzendaria izan zenak Zapirainen lanean. Hala dio, bestetik, Zapirainek: «Sentsazioa daukat Egunkaria-ren sorrera hura askorentzat oharkabean pasatu zela, eta, dokumental honek balio badu hura apur bat akordura ekartzeko, gu kontent». Dokumentaleko zuzendariak uste du bereziki gazteentzat dela deigarria Gaur irekiko ditu ateak: «Gaur egungo gazteentzat historiaurrea da lan honen garaia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.