Donostiara iritsiko da gaur My fair lady musikala. XX. mende hasierako Londresen kokatua dago, eta Juan Gea da pertsonaia nagusietako bat. Igandera bitarte ikusi ahalko da Victoria Eugenia antzokian.
Paloma San Basiliorekin batera, obra honetako pertsonaia nagusietako bat zara; zertan datza zure rola?
Higgins irakaslearen rola betetzen dut. Familia noble bateko semea da, baina ez ditu errespetatzen gizarteko arauak. Fonetikako irakaslea da, eta jendea erabiltzen du bere esperimentuak egiteko, hizketa moduak eta abar aztertzeko. Oso pentsamolde itxikoa da, eta besteen gainetik dagoela pentsatzen du. Egun batean, apustua egiten dio lagun bati; Elisa Doolittle [Paloma San Basilio], Covent Garden azokan ezagutu duen lore saltzaile ahozikin bat, benetako dama bihurtuko duela sei hilabetean, haren hitz egiteko modua bakarrik aldatuz. Hori da istorioa: irakasleak egingo duen saioa emakume hori hezteko. Higgins apur bat misoginoa da, eta horregatik, espero ez zuen zerbait gertatuko zaio: irakaspen prozesu horretan, ohartuko da berak ere ez dakiela ezer, eta bizitzak emango dio irakaspenik handiena.
Nolakoa da zuen eszenaratzea?
Musikaleko protagonistetako batek hamalau buru ditu: hamalau dantzariz eta abeslariz osatutako taldea da, hain zuzen. Horrez gain, sei aktore edo pertsonaia nagusi gaude. Guztira, hogei pertsona inguru azaltzen gara taula gainean. Musikal hau bera aurkeztu zuen Jaime Azpilikuetak duela 11 urte, baina eszenografia eta jantzi guztiak berriak dira; ez dute lehengoarekin zerikusirik. Maping izeneko teknika bat erabiltzen dugu, eta oso efektu erakargarria lortzen du. Proiekzio finkoak eta mugimendua dutenak konbinatzen ditu, hiru dimentsioko irudiak elementu errealekin nahastuz. Oso bitxia da. Orain arte, antzezlanetan diapositibak erabili izan dituzte, baina uste dut lehenengo aldia dela teknika hori erabiltzen dena. Muntaketa aldetik, sekulako berrikuntza da.
Hogei hiri baino gehiagotan egingo duzue bira, eta Tenerifen izan zen estreinaldia; zer moduzko harrera egin zizueten?
Ikaragarria izan zen; oso harrera beroa egin ziguten. Jende guztiak txalo egiten zigun hirutik bitan, eta amaierako agurra ere oso luzea izan zen; ikusleek ez zuten nahi gu antzeztokitik jaistea. Izan zuten erreakzioa ikusita, rock kontzertu bat eman genuela zirudien.
Musikal hau 1956an estreinatu zen lehen aldiz, Broadwayen, eta garai hartako musikalik arrakastatsuena izan zen; zein da gakoa arrakastak gaur arte iraun dezan?
Oinarrian testu eta musika ona izatea da gakoa. Bernard Shawren Pygmalion antzezlanean oinarrituta dago, eta literaturako maisulana da, dudarik gabe. Beraz, testua ziurtatuta dago. Horrez gain, partitura musikala ere bikaina da. Arima guztiak mugiarazten ditu, eta abestiakburuan iltzatuta geratzen zaizkizu. Sergi Cuenca da musika zuzendaria, eta Azpilikuetarekin koordinatzen du dena. Era berean, Stage Entertainment ekoizleak urteak daramatza Espainian musikalak egiten, eta lantalde horrekin aritzeak arrakasta ziurtatzen du. Gaur egun, musikal asko egiten dira: Los 40 principales, Mecanoren Hoy no me quiero levantar... Baina ez dute luzaro iraungo. Izan ere, abestiak lotzeko aitzakia besterik ez dira.
Juan Gea. Aktorea
«Gaur egungo musikalek ez dute luzaro iraungo, abestiak lotzeko aitzakia direlako»
Bernard Shawren 'Pygmalion' antzezlanean oinarritua dago 'My fair lady' musikala; Jaime Azpilikueta da zuzendaria, eta gaurtik igandera bitarte ikusi ahalko da Donostian, haren hirian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu