ATZEKOZ AURRERA. Aritz Aranburu eta Javi Muñoz. Surflaria eta argazkilaria

«Gaur egungo estres digitaletik alde egin nahi izan dugu»

'Potxoka' izeneko liburua ondu dute Aritz Aranburuk eta Javi Muñoz 'Pacotwo' argazkilariak. Hogei urteotan egindako bidaien argazkiak bildu dituzte, Aranburuk berak eskuz idatzitako hausnarketekin.

JON URBE / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2023ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Elkarri hitz egiten dioten moduagatik nabari da lagun zaharrak direla. Eta hala da. Javi Muñozek (Tolosa, Gipuzkoa, 1976) eta Aritz Aranburuk (Zarautz, Gipuzkoa, 1985) duela hogei urte ezagutu zuten elkar, eta Potxoka liburuan bildu dituzte hogei urte horietan bizitakoak. Potxoka, hala deitzen zioten gaztetan Aranbururi, nahiz eta garaieraz txikia izan, hanka indartsuak zituelako surfean aritzeko.

Nola oroitzen duzue elkar ezagutu zenuten eguna?

JAVI MUÑOZ: Data zehatza badakigu, eta ondo oroitzen dugu eguna: 2003ko martxoaren 10ean izan zen. Nik argazki kamera bat erosi nuen, eta oraindik ez nintzen argazkiak egiten hasi. Egun batean, rokaputa izena duen leku batean agertu nintzen Zumaian [Gipuzkoa], telebistan ikusi nuelako olatu handiak egongo zirela. 16 urteko gazte bat ikusi nuen bertan, bere lagunekin, uretara sartzeko prest.

ARITZ ARANBURU: Oso egun berezia izan zen. Nire lehenengo denboraldia egin nuen Hawaiin, eta, han hain olatu handiak hartuta, hemen ere olatu handiak hartzeko gogoa nuen. Lagun batzuk elkartu ginen, eta hantxe agertu zen Javi, argazkiak ateratzeko prest. Segituan hasi zen gurekin gauza gehiago egiten, eta gutako beste bat izatera iritsi zen.

Garai hartan nahiko ohikoa zen surflari bakoitzak bere argazkilaria izatea.

ARANBURU: Bai, baina orain ez da hain ohikoa. Lehen surf aldizkari gehiago zeuden, eta surflari batentzat garrantzitsua zen txapelketa onak egitea, baina baita aldizkari horietan agertzea ere. Guk beti genuen interes handia argazkilariekin egoteko, eta argazkilariek ere gurekin egoteko.

MUÑOZ: Ez naiz Aritzen argazkilari ofiziala izan. Beste argazkilari batzuekin ere ibili da, baina ez dugu inoiz harremana galdu, eta asko bidaiatu dugu elkarrekin.

Zeinen ideia izan zen liburu bat ateratzea?

MUÑOZ: Nirea. Ni aldizkarien garaian lan egindakoa naiz. Bidaiak egiten genituen, argazkiak atera, aldizkariei eman, eta aldizkariek argazki horiek publikatzen zituzten. Orain asko aldatu da surfa kontsumitzeko modua, eta ni paperaren nostalgiko bat naiz oraindik ere. Aritzi ideia proposatu nion, eta ados egon zen hasieratik. Gaur egungo estres digitaletik alde egin nahi izan dugu liburuarekin.

ARANBURU: Hasi nintzenean, gaztetan, nire gela nire idoloen aldizkarietako argazkiz josita neukan. Papera beti gustatu izan zaidan zerbait da. Liburua egiteko ideia aurkeztu zidanean, korrontearen aurka joatea izan daitekeen arren, polita iruditu zitzaidan.

Zeren arabera antolatu dituzue liburuko argazkiak?

MUÑOZ: Egia da hasieratik hasten garela, eta azken argazkiak gure azken bidaiarenak direla, baina gainerakoak ez du ordena kronologiko bat jarraitzen.

ARANBURU: Lau zatitan banatu dugu liburua: sustraiak, bidaiak, adrenalina eta, azkenekoan, Teahupoko [Tahiti] olatura egindako bidaia azaltzen dugu. Olatu berezi bat izan zen, eta arrisku handiko uneak ere bizi izan genituen. Han surf egiteko zain geundela, itsasontzi batean, olatu bat etorri eta itsasontzia irauli zuen ia. Grabatu egin zuten, eta bideoa biral egin zen.

Testuak Aritzek egin ditu. Erraza izan al da horiek idaztea?

ARANBURU: Argazkiak ikustean hausnarketa ezberdinak etorri zaizkit burura, eta horiek dira liburuan agertzen direnak. Batzuetan argazkiei buruz hitz egin dut, eta atal osoaren inguruko hausnarketa ezberdinak ere bildu ditugu. Ez da erraza izan orri zuri batean besteentzako idazten hastea. Ni ohituta nago niretzako idazten, baina, hala ere, ariketa polita izan da.

Zein da zuentzat liburuan dagoen argazkirik ikonikoena?

ARANBURU: Mundakako [Bizkaia] argazkia. Egun oso berezia izan zen; argazkia apur bat iluna da, egun oso grisa zelako. Pare bat lagunekin olatu oso politak hartu nituen. Javi Laida hondartzara joan zen, eta handik atera zuen argazkia.

MUÑOZ: Nik ere oso gogoko dut argazki hori.

Nondik ateratzen dituzu argazkiak normalean?

MUÑOZ: Bai uretatik eta baita itsasertzetik ere. Itsasertzean nagoenean objektibo zabal batekin aritzea gustatzen zait. Izan ere, surflaria argazkiaren atal bat izatea gustatzen zait, ez protagonista nagusia. Batzuetan uretara ere sartzen naiz, bai itsasontziz, bai igerian eta baita oholaren gainean ere.

Ez da erraza izango.

MUÑOZ: Ez. Gainera, esku bakar batekin egin behar da igeri. Leku batzuetan erraza izaten da, eta beste batzuetan zailtasun ugari izaten ditut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.