ATZEKOZ AURRERA. Ana Garcia. Biologoa

«Gaur egungo bizimodua mantsotu beharko dugu»

Natur Zientzien Topaketako koordinatzailea da Garcia, eta azaldu du «beharrezkoa» dela gizakiek naturan duten esku hartzeari erreparatzea, hura babesteko. Kalteak gutxitzeari garrantzia eman dio.

GORKA RUBIO / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2023ko azaroaren 10a
00:00
Entzun

Euskal Herriko naturaguneei buruzko ezagutza zientifikoa partekatzeko espazio bat izango da Natur Zientzien Topaketa. Azaroaren 18an eta 19an egingo dute, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Arrosadiako campusean, Iruñean. «Euskal naturazaleen bilgunea» izango dela nabarmendu du Ana Garcia biologoak (Donostia, 1996), topaketaren koordinatzaileak.

Ba al dago Euskal Herrian gizakiek zapaldu gabeko naturagunerik?

Munduan, beharbada, egongo da baten bat; baina Euskal Herrian, ez.

Orduan, naturaguneak aztertzen eta babesten zabiltzatenek gizakien esku hartzeari erreparatu behar diozue derrigor?

Bai, nahi eta nahi ez. Batzuetan pentsatzen dugu naturaguneak ukitu gabeko eremuak direla, baina ustiatzen ditugun eremuak ere badira. Kontserbaziorako behar-beharrezkoa da gizakiok dugun esku hartzea kontuan hartzea, baita beste espezieek dutena ere.

Kontserbazioa, beraz, gizakiek eragindako kalteak konpontzea da?

Modu asko daude naturaren kontserbazioan aritzeko, baina, normalean, baliteke arazo bat suertatu izana —espezieak desagertzean, adibidez— lurren erabilera aldatu delako, edo gizakiak hor esku hartze bat egin duelako. Baina, askotan, gertakari naturalen ondoren beharrezkoak dira kontserbazio lanak; suteen ondoren, esaterako.

Egungo bizimoduari eutsiz gero, kontserbazioak bere helburuak bete ahalko ditu?

Argi dago gaur egungo bizimodua mantsotu beharko dugula. Unean uneko kontserbazioa egin daiteke, baina, azkenean, lurra etengabe ustiatzen segitzen badugu, noizbait lurreko baliabide batzuk bukatu egingo dira: lurra finitua da.

Aranzadi zientzia elkarteko Botanika alorrean ere egiten duzu lan. Landareetan ikusten duzue egungo erritmo azkarraren eragina?

Espezie mehatxatuekin asko egiten dugu lan, eta Euskal Herrian mehatxatuen dauden horiek agertzen dira soilik gizakiak heltzeko zailtasun handiak dituen guneetan. Baztertu egin ditugu gune jakin horietara. Horrek arrasto bat ematen digu: beharbada, lehen eremu zabal batean agertzen ziren, eta gure erabilerarengatik baztertu egin ditugu.

Zein espezie dira horiek?

Zerrenda luzea da. Katalogo osoa pasatuko dizut, nahi baduzu!

Aisialdiak ere askotan lotura zuzena du naturarekin; adibidez, mendizaletasunak. Mendizaleak kaltegarriak dira mendietako ekosistementzat?

Topaketan izango dugu hizketagai hori. Mahai inguru batean aztertuko ditugu mendizaletasuna eta eskalada; batez ere, aisialdiari lotuta nola erabiltzen diren naturaguneak.

Hondartzetako egoera mendietakoaren antzekoa da?

Bestelakoa da eragina kostako eremuetan; hitzaldi sorta bat ere izango dugu itsas ekosistemei buruz. Askotan hondartzak ez dira naturagunetzat jotzen, baina badira, eta guk badugu eragina haietan.

Topaketan parte hartzeko ezinbestekoa da naturazalea izatea?

Naturazalea bere zentzu zabalenean ulertzen dugu: ikasleak, ikerlariak, kudeaketan lan egiten dutenak egoten dora; naturan interesa duen jendea, azken finean.

Urdaibaiko Guggenheimaren bultzatzaileetako bat topaketara joango balitz, sartzen utziko zeniokete?

Entzuteko oso gauza interesgarriak izango lituzke. Nire ustez, oso plaza polita da, hausnarketa asko bideratzen direlako. Beharbada, haren ikuspuntua moldatzera ez, baina bi aldiz pentsatzera bultzatu lezakete plazaratuko diren hausnarketek. Beraz, baztertu baino gehiago, gonbidatu egingo genuke.

Zein iritzi duzu natura inolako mugarik gabe ustiatzen duten horiei buruz?

Askok natura ustiatzeko eskubidea aldarrikatzen dute, horrek izan ditzakeen ondorioengan pentsatu gabe: kontzientziarik gabe. Natura erabiltzea ezinbestekoa da bizi garen bezala bizitzeko, baina ahalik eta kalte gutxien eragin behar dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.