Komunikazio aholkularia

Aner Ansorena: «Gaur egun, komunikazio politikoak politikak baino indar handiagoa dauka»

Napolitan Victory Awards sarietan gazte lidergoaren saria irabazi berri du Ansorenak. Gaztelerazko komunikazio politikoan nazioarteko saririk garrantzitsuenak dira.

Aner Ansorena, irabazitako saria eskuan duela, Lekunberrin. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Aner Ansorena, irabazitako saria eskuan duela, Lekunberrin. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
urko iridoy alzelai
2024ko irailaren 3a
05:00
Entzun

Politika ondo egiteko gakoa komunikazioan dagoela diote batzuek, hau da, zer esan baino gehiago, nola esan behar den jakitean. Aner Ansorenak, 29 urte izan arren (Lekunberri, Nafarroa, 1995), hamarkada bat baino gehiago darama komunikazio politikoa lantzen. Abuztuaren 24an, Napolitan Victory Awards sariak banatu ziren, eta Ansorenak gazte lidergoaren saria bereganatu zuen.

Zer dira Napolitan Victory Awards sariak?

Napolitan Victory Awards sariak gaztelerazko komunikazio politikoaren barruan banatzen diren saririk garrantzitsuenak dira. Nazioarteko sariak dira, eta askok komunikazio politikoaren Oscar gisa definitzen dituzte. Komunikazio politikoko hainbat alor jorratzen dituzte.

Zenbat sari dira?

Bada, asko ematen dira. Kanpaina politikorik onena aukeratzen da, politikariak ere saritzen dira, mundu digitalean ere errekonozimendu ezberdinak daude... atal asko daude.

Gazte Lidergoaren Saria irabazi duzu.

Hala da. Gazteak saritzeko saria da nirea. Sailkapen moduko bat egiten da gaztelerazko komunikazioan aritzen garen gazte askorekin; munduan berriak garenekin, esan daiteke. Bakoitzak bere izena eman dezake sarietan, eta, bestela, beste norbaitek zure izena emateko aukera ere badago. Nik ez nuen neure kabuz izena eman, beste batzuek eman zuten nire izena. Lan asko dago sariaren atzean, eta oso pozgarria da horrelako errekonozimendu bat jasotzea.

Nork osatzen du epaimahaia?

Epaimahaia sekretua da, ez dakigu nork osatzen duen. Sariak Washingtongo Arte eta Politika Zientzien Akademiak ematen ditu, eta haiek osatzen dute epaimahaia ere. Lehen erabakia, hau da, izendatuen lehen zerrenda, abuztua hasieran ematen dute. Orduan, bakoitzak bere bidaia antolatu behar du hona [Washington, AEB] etortzeko, eta, azkenean, hemen iragartzen da azken erabakia.

Sariez gain, beste hainbat ekitaldi egiten dira, ezta?

Bai. Ikastaroak daude, adibidez. Horrelako gauzak jendea ezagutzeko aukera apartak dira, komunikazio politikoaren barnean kontaktuak egiteko. Azken finean, Latinoamerikakoek putzuaren beste aldean lan egin nahi dute, eta guk ere han berdin. Horrez gain, hausnarketarako momentuak ere izaten ditugu, komunikazio politikoaren gaur egungo egoerari buruz.

Komunikazio politikoaren barnean badago gazteen presentzia?

Jende asko dago, baina profesionalizatuak gaudenak ez gara asko. Badaude gazteak komunikazio politikoan, baina, askotan, talde handietan, sare sozialetara edo eduki digitaletara bideratzen dituzte zuzenean. Hala ere, bagaude beste batzuk komunikazioaren estrategia guztia gure gain hartzen dugunak edo aholkulari moduan lan egiten dugunak. Pixkanaka-pixkanaka, komunikazioaren munduari buelta bat ematen ari gara. Mundu hau asko aldatu da azken urteetan.

Komunikazioa aldatu den bezala, politika egiteko moduak ere aldatu egin dira?

Ez dut uste. Politika, ezagutzen dugun bezala, geroz eta gutxiago egiten da. Gaur egun, komunikazio politikoak politika berak baino indar handiagoa dauka.

Zer-nolako indarra?

Orain, azkarrak izan behar dugu, titulu motzak behar ditugu, txioak txiokatu edo Instagrameko reel-ak egin... Nik bi zatitan banatzen dut gure ogibidean lan egiteko modua. Batetik, modu tradizionala dugu, soilik hedabideekin lan egiten duena. Eta bestetik, marka pertsonala sortzeko aukera dago, lidergoak sortuz eta kalean presentzia edukiz. Komunikazioak, alderdiez harago, garrantzia eduki beharko luke udaletxeetan edota erakundeetan, eta gure herrian hori ez da oso ongi egiten.

Zergatik diozu hori?

Hemen oso tradizionalak gara, ez dugu jauzi hori egin oraindik. Latinoamerikan, Europako beste herrialdeetan edo AEBetan komunikazio politikoa askoz erakargarriagoa da. Hemen egia da politikak beti izan duela pisu handia, baina ideia hori joaten ari da, globalizazio baten barruan gaudenez, jendea deskonektatuagoa dagoelako, eta, orduan, lanketa sakonago bat egin behar da.

Sare sozialetan eduki politikoa hedatzen denean, gazteengana iristea izaten da helburua?

Sareetan, beste leku denetan bezala, ororentzat egin behar da edukia. Tiktok bidez gazte batengana irits zaitezke, baina gaur egun baita heldu batengana ere. Lehen, sareetan soilik gazteak zeuden, eta, orain, denok gaude. Gazteentzat beste lengoaia bat erabili behar da, baina horrek ez du esan nahi interesa pizten ez dieten mezurik helarazi behar ez diegunik. Uste dugu gazteei soilik emantzipazioa edota Erasmusa interesatzen zaiela, eta ez da horrela.

Marketinean oinarritzen da komunikazio politikoa?

Azken finean, guk mezu bat saldu nahi dugu, eta, zerbait saltzeko, eroslea ezagutzea beharrezkoa da. Beste aldean dagoenari ideia nola salduko diogun pentsatu behar dugu; horregatik, adibidez, gazteei mezu bat helarazteko orduan, haien lengoaia erabili behar dugu.

Saria jasotzean erreferentzia egin zenion Lekunberriri. Zer transmititu nahi izan duzu diskurtsoarekin?

Hitzaldian hiru ideia transmititu nahi izan ditut. Batetik, nire lana egiten jarraitu nahi dudala, zaila izan arren. Bestetik, gure inguruan komunikazio politiko ona egiten dela. Azkenik, herri txiki batetik gauza handiak sortu daitezkeela. Hemen pentsatzen da gure lana egiteko Bilbora, Donostiara edo Gasteizera joan behar dugula, baina guk Lekunberrin dugu lantokia, eta bertatik lan ederra egitea lortu dugu.

Hedabide askotan ikusi zaitugu hauteskunde kanpainei buruz hitz egiten. Gaztea izanda, helduen munduan sartzen denaren beldur hori sentitzen duzu?

Nik nire lehenengo hauteskunde kanpaina hamabost urterekin egin nuen; beraz, 29 urte izan arren, mundu honetan askotxo bizi izandakoa naiz. Uste dut batzuentzat ez dela erosoa gazte bat aditu moduan entzutea, baina uste dut jendeak ni entzutea lortu dudala, komunikazio politikoaren atzeko sekretu horiek erakutsiz. Nik nire iritzi politikoa emango banu, ez nuke orain daukadan espazioa izango hedabideetan, baina nik komunikazioaren eta haren estrategien informazioa ematen dut. Ez dut esaten denaren analisia egiten, mezua nola esaten den ikertzen dut.

lotsabako

Helburu bat komunikazio politikoan? Sektorea ezagutaraztea.

Lan egiteko sare sozial bat? Instagram.

Eta aisialdirako? Tiktok.

Euskal Herriko txoko bat? Albiasuko gaina [Nafarroa].

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.