Bakarkako erakusketa zabaldu du Iñaki de la Fuente artistak (Bilbo, 1954) Windsor galerian. Atzera begira jarri, eta jabetu da 40 urte direla bakarkako lehenbiziko erakusketa zabaldu zuenetik. «Erakusketa hau prestatzerakoan, neure buruari begiratu nion, eta ariketa gisa prestatu nuen». Atzera begirako gisa ulertu du, beraz, Entrañable izeneko erakusketa. Azaroaren 30era arte egongo dira ikusgai artista bilbotarraren lanak.
40 urte igaro dira bakarkako lehen erakusketa jarri zenuenetik. Zer esan nahi du lau hamarkadaren ostean hori egin ahal izateak?
Gauza handia da, noski. Ibilbide guztian barneratutakoa adierazi nahi izan dut, eta horregatik du Entrañable izena: gauza goxo, barnerakoi eta pertsonala delako. Nire ibilbideari egindako begirada bat da, interesatzen zitzaizkidan gauzak berreskuratuta egindakoa.
Zer, esaterako?
Materialak, formak, koloreak. Ibilbidean lagundu nautenak une oro. Hor sentitzen naiz erosoen, eta hor berreskuratu dut neure burua, nolabait esatearren. Entrañable hitz hori Javier Saez de Gorbeagatik ere bada, nirekin egon delako beti eta artistikoki batera hezi garelako. Lehen aldia da hura gabe erakusketa bat egiten dudana. Beraz, haren testuak ere presente eduki nahi izan ditut.
Zer sentitzen da 40 urteren ostean beste erakusketa indibidual bat eginda?
Nekea, eta baita poztasun handi bat ere, berriz ere erakusketa bat egiteko gai naizela ikusi dudalako. Hala ere, hemen dagoen giro kulturalik ezaren eraginez, erakusketa bat jartzeko gogoa kentzen zaizu. Kasik ekintza heroiko bat da erakusketa bat abiatzea. Ez nire aldetik bakarrik, baita galeriaren aldetik ere, gutxi salduko dela badakitelako, merkatua galduta baitago.
Eta beste erakusketa bat egiteko gogorik izan dezakezu giroa halakoa baldin bada?
Ez dakit, baina giro orokor bat da. Erakusketaren inaugurazio ekitaldian, esaterako, hainbat artista elkartu ginen, eta elkarrizketa gehienak bakoitzaren egoerari buruzkoak izan ziren, eta ez arteari buruzkoak.
Erakusketan, presentzia handia du kolore grisak. Aipatu duzunak eraginik izan dezake?
Ez dakit. Nik kolorearekin ere lan egin izan dut. Ez dakit zergatik aldatuko nuen, arrastorik ez. Akaso aldarteak izan dezake eraginik, baina ez dut uste. Iluntasuna kolorearekin eta argiarekin konbinatzea asko gustatzen zaidalako, beraz, ez dut uste kontua hortik doanik. Egia da nire lanak indartsuak direla berez. Indarra atsegintasunarekin uztartzen saiatu izan naiz beti. Deigarria eta indartsua izan behar baitu arteak, jendearengana iristeko modukoa.
Jendea probokatzen saiatzen zarela, alegia.
Noski. Arteak kolpe bat eman behar du, ukabilkada bat, laztan bat baino gehiago. Atximurka egin behar du. Koadro lasai bat egitea erraza da, baina lehenengo zartako bat eman behar du.
Eta koadro horiek amaituta daudela esan daiteke?
Ez, sekula ez daude amaituta. Nire lanak ez dira amaitzen, beti prozesuan egoten dira. Denborarekin, haiek zerbait eskatzen dizute, zahartuz joaten dira, eta horren arabera aldatu daitezke. Edozein modutan, hurrengo erakusketa baten hasiera edo jarraipena izaten dira normalean. Nik nire lanak serietan planteatzen ditut. Entrañable, esaterako, ez da hemen amaitzen, baina hurrengoa ez dakit nolakoa izango den. Erakusketa guztietan edaten duzu aurrekoetatik zerbait.
Normala ere bada, esku berberak direlako koadro horiek margotu dituztenak.
Esku berak, eta buru bera, neurona gutxiago eduki arren.
ATZEKOZ AURRERA. Iñaki de la Fuente. Artista
«Gaur egun, kasik ekintza heroiko bat da erakusketa bat egitea»
Berrogei urte joan dira De la Fuentek lehen erakusketa jarri zuenetik, eta gaur egun kulturaren egoera okerrago dagoela uste du. Kultura giroa hilda dagoela ikusten du, gero eta okerrago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu