Galiziarren alaba, Monica Calvo (Gasteiz, 1975) izan zen Gasteizko Etxe Galiziarreko lehen buru emakumezkoa 65 urtean. Arabako Lurralde Etxeen Federazioko presidenteordea da orain. Arabako Lurralde Etxeen Federazioa irabazi asmorik gabeko entitate bat da, 1985ean sortua, Gasteizen eta Araban dauden lurralde etxeak koordinatzeko. Gasteizen zortzi etxe dituzte, eta Laudion, lau. Gasteizko jaien txupinazoa piztu zutenetako bat izan zen.
Nola hartu zenuten albistea txupineroak izatea proposatu zizutenean?
Txupineroak izateko proposamena jasotzea sekulako sorpresa eta benetako ohorea izan zen. Alkateak berak deitu zidan horren berri emateko, eta bilera bat egin zuen federaziokoekin gero. Gure gurasoen eta aitona-amonen fruituak jaso ditugu. Errekonozimendua da, hainbeste urtez Gasteiz etxe sentitzeko lan egin zuen jende guztiarentzat. Gainera, ez zuten ahaztu sustraiak non zituzten.
Zuk, Galizian.
Bai, hala da. Ilusio handia egin zigun suziria botatzeak. Gasteizko Galiziar Etxeak 70 urte beteko ditu datorren urtean. Mugarri horrek, Gasteizko Galiziar Etxearen bizitza luzea ospatzeko ez ezik, lurraldean Galiziako ondare kultural aberatsa bizirik mantentzen dela ospatzeko balio du. Erraz esaten da, baina ez dira gutxi...
Gasteizko Galiziar Etxeko presidentea zara, gainera.
Baita hori ere. Denbora daukadanean, horretan pasatzen dut denbora gehien. Boluntarioa da lana, baina gauza asko antolatu behar izaten dira.
Zeintzuk dira lurralde etxe baten funtzio nagusiak?
Gasteizko Galiziar Etxeak Galiziako kultura eta tradizioak sustatzen ditu hirian. Kultur ekitaldiak, jaialdiak eta erakusketak antolatzen ditugu gure herentzia ospatzeko. Gasteizen bizi diren galiziarrei ere laguntzen diegu, gizarteratzen eta laneratzen lagunduz. Egia da hori ez dela gaur egun hainbeste egiten, baina zerbitzu hori ere eskaintzen dugu. Tradizioak bizirik mantentzen ditugu, eta beste elkarte kultural batzuekin elkarlanean aritzen gara, mundu osoko komunitate galiziarrekin konektatzeko. Laburbilduz, Galiziar Etxea ezinbesteko topagunea da galiziarrentzat eta haien ondorengoentzat. Eta beste lurralde etxeen kasuan, berdin.
Nola ospatzen ditu zu bezalako galiziar euskaldun batek jaiak?
Txupinazoa asko gustatzen zait; gero, farolen prozesioa eta abar beti gustatu izan zaigu. Etxean bizi izan dugu, eta geratu zitzaidan zerbait da, beti geratu izan garena. Gero, hilaren 5ean, goizean, Galiziara joan nintzen, beste ospakizun bat baitugu. Bihotza zatituta daukat.
Gasteizko biztanleen portzentaje handia ordezkatzen duzue lurralde etxeetakook.
Gasteizko herritarren %27 ordezkatzen ditugu, eta hiri honen parte garrantzitsu sentitzen gara. Horregatik, duela 70 urte inguru, Gasteizera iritsi eta hura garatzen lagundu zuten guztiei egindako omenaldia izan zen txupinazoa botatzea. Harro gaude Gasteizko kultura aniztasunari eta aberastasunari ekarpen handia egiteaz.
Zu Gasteizen jaio zinen, eta ez zenuen arazorik izango. Baina zure gurasoak ondo hartu zituzten?
Nire gurasoak ondo egokitu ziren Gasteizera. Hasieran izan zituzten erronkak, baina denborarekin euren lekua aurkitu zuten, eta komunitateak harrera beroa egin zien. Kuadrilla egin zuten Gasteizko Galiziar Etxean, eta nik ere lagun asko egin ditut bertan. Gaur egun, Gasteiz hiri inklusiboa eta irekia da guztiontzat, eta horrek egokitzapen prozesua errazten die iritsi berriei.
lotsabako
Jaietako momenturik onena?
Txupinazoa eta Zeledonen jaitsiera: izugarrizko giroa egoten da.Galiziarragoa ala euskaldunagoa?
Biak. Kar-kar.